GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Memoria da, ez nostalgia; kazetaritza, ez efemerideak


GARA jaio zela 25 urte beteko dira datorren urtean. Herriak sortu zuela esan daiteke, milaka eta milaka herritar xumeren ekarpenaz eraiki baitzen proiektua, di-da, “Egin” itxi eta hilabete gutxira, errepresioak emandako zaplazteko izugarriari aurre eginez eta boteredunen amorrurako. Zer uste zuten, bada, ez ginela ausartuko? Ez da harrokeria, Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak “Egin” ixteko erabilitako esaldiari buelta ematea lortu genuela adierazteko modua baizik. Euskal erresistentziaren garaipen bat gogoratzeko modua, nahiz eta gure garaipenak beti gazi-gozoak izan ohi diren, sufrimendu eta zailtasun handiz erdietsitakoak baitira. Injustiziak bere ordainsaria jasoa zuen orduko hartan ere, lagun asko urte luzez kartzelan sartuz.

Orduz geroztik, komunikazio proiektua arian-arian garatu da, beste produktu eta egitasmo askorekin. Interneten, sareko erreferentzia nagusi gisa, NAIZ jaio zen 2012an, eta orain dela urte gutxi NAIZ irratia dugu uhinetan. Horrek denak merezi du geldialdi bat egitea, atzera begiratzeko, eta zer egin den eta egindako horrek zer balio izan duen ikusteko. Gauza asko dago gogoratzeko.

etorkizuneko artefaktua

Memoria ariketa hori egiteko ekimen erraldoia jarriko du martxan urtarrilaren 1etik aurrera gure komunikazio proiektuak, gure komunitatearentzat ere, aktiboki parte hartu dezan, zabalik egongo dena.

“Artefaktua” hitz gakoetako bat da ekimen horretan, baina “Etorkizuna” jarri diogu aurretik, “Etorkizuneko Artefaktua”: hain zuzen ere, ez baita iraganean katramilatuta geratzeko garaia. Proiektuak aurrera begira behar duen garapenari bultzada berritu bat emateko ordua da. Ia 50 urtez gure komunikazio bitartekoek izan duten balioa gogoratuz, etorkizunean ere -Euskal Herriari datozkion erronkei aurre egiteko- egin behar duten ezinbesteko ekarpena nabarmenduko dugu. Datozen urteetan ere euskal errealitatea islatzeko, eman beharreko eztabaidak pizteko eta egituratu beharreko proposamenei bide emateko lanean segitu beharko dute gure komunikabideek, eta horretarako, beharrezkoa da orain indarberritzea.

Aurrera egiteko memoria ariketa dugu honakoa, ez nostalgia pizteko saioa. Nostalgiak sentimendu goxoak sorrarazten ditu zenbaitetan, baina sarri atzerakoia ere bada. Zer uler daiteke, bestela, hiztegitik jasotako definizio honetatik?: «Galdutako zorion baten oroitzapenak eragindako tristura malenkoniatsua».

Ez gaude horretan. Lan handia eta gogotsua egin da urte hauetan guztietan, eta aurrerapauso nabarmenak egin ditugu, baina horrek denak batez ere aurrera egiteko balio behar digu.

Kazetaritzatik helduko diogu erronkari. Horregatik, hain zuzen, “Artefaktuari” erredakziotik egingo diogun ekarpena ez da efemeride sorta soil bat izango. “Artefaktua” guretzat kazetaritza ariketa bat izango da; egunero kronika osatuak egiteko, garaian egindako euskal kazetaritzaren harribitxiak berreskuratzeko eta gaurko begietatik orduko gertaerak aztertzeko. Protagonistei ere hitza emango diegu.

Memoria da, ez nostalgia; kazetaritza da, ez efemerideak. Etorkizuna da. •