GAUR8 - mila leiho zabalik
BOUGAINVILLE, BABES BILA

Eskualde Autonomoko presidentea Washingtonen izan da, independentziarako babesak eskuratu nahian

2019an egindako independentzia-erreferendumean herritarren %87k hartu zuen parte, eta %98k Boungainvilleren independentziaren alde bozkatu zuen. Hala ere, Papua-Ginea Berriko Parlamentuak erabakia onartu gabe jarraitzen du. Ishmael Toroama presidentea AEBetan egon berri da egoera desblokeatzeko.

Joseph Marape Papua-Ginea Berriko lehen ministroa (ezkerrean) eta Ishmael Toroama Bougainvilleko presidentea (eskuinean), uztailean Port Moresbyn ateratako argazkian. (AUTONOMOUS BOUGAINVILLE GOVERNMENT)

Ishmael Toroama gerrillari independentista ohia Papua-Ginea Berriaren barnean dagoen Bougainvilleko Eskualde Autonomoko presidentea da. 2019an, independentzia-erreferenduma egin zen, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia buru izan zuen prozesu batean. Herritarren %87k parte hartu zuten, eta botoen %98 independentziaren alde izan ziren. Hala ere, gaia ez atzera ez aurrera dago, Papua-Ginea Berriko Parlamentuak galdeketaren emaitza noiz bozkatuko zain. Pazifikoak hartu duen garrantzi geopolitikoaz jakitun, Toroama Washingtonen egon berri da, Nazio Batuetan sar litekeen hurrengo estatuaren aldeko babes bila.

Aldamenean dituen Salomon uharteekin lotura handiagoa izan arren, XIX. mendeko banaketa kolonialek Alemaniaren mendeko Ginea Berrian jarri zuten Bougainville. I. Mundu Gerran Australiak bereganatu zuen kolonia, eta 1960ko hamarkadan Conzinc Riotinto Australia (CRA) enpresak Pangunako meatzea ustiatzeari ekin zion. Handik gutxira Papua-Ginea Berriak independentzia aldarrikatzean, beste horrenbeste egin zuen Bougainvillek Papua-Ginea Berrirarekiko, baina ez estatu berriak ez metropoli zaharrak ez zioten utzi. Pangunako kobre-erreserbek zekarten estatu berriaren esportazioen erdia.

1988an, II. Mundu Gerra ostean eskualdean egondako gatazka odoltsuena piztu zen. 20 mila lagun hil ziren, Bougainvilleko hamar biztanletik bat; 2001ean sinatutako bake-akordioan aurreikusi zuten 2019an egin zuten erreferenduma. Lau urte joan dira ordutik, eta Bougainvilleko herritarren iritzia argia izan arren, Papua-Ginea Berriko Parlamentuari dagokio hurrengo urratsa: emaitza onartzea. Datozen hilabeteetan beharko luke bozketa horrek, baina ez dirudi Estatuko Legebiltzarra independentzia onartzeko prest dagoenik.

Ishmael Toroamak erreferenduma eta gero irabazi zituen hauteskundeak, eta 2020tik da Bougainvilleko presidente. James Marape Papua-Ginea Berriko lehen ministroa estu hartu izan du, eta bide-orria ere adostu zuten: independentzia 2025ean aldarrikatu ordez, 2027ra arteko epea onartu du, baina argi du ez duela besterik onartuko. Washingtoneko Georgetown Unibertsitatean egindako hitzaldian hala esan zuen: «Ez dut B planik. Herriak independentziaren alde bozkatu zuen. Guk aurrera egingo dugu. Uste dut argi utzi dudala Bougainville aurrera eramango dugula». Erreferendumaren emaitzaren ostean, Gobernu autonomoak argudia dezake badaukala aski legitimitate aldebakarreko independentzia aldarrikatzeko ere, Papua-Ginea Berriko Parlamentuak bougainvilletarren erabakia aitortzeari uko egingo balio.

Ishmael Toroama Bougainvilleko presidentea (AUTONOMOUS BOUGAINVILLE GOVERNMENT)

Bougainvilleko gobernu independentistak Pangunako meatzea berriz irekitzeko aukera aipatu izan du, NBEn sar litekeen hurrengo estatuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko. Gaur-gaurkoz, herritarren ehuneko hamarrek baino ez dute argindarra. 1989tik itxitako meatzea ez da berehalakoan irekiko, eta Bouganvilletik kanpoko laguntza beharko du aldi batean.

Bideragarritasun ekonomikoarekin batera, baina, nazioarteko babesak ere garrantzi berezia dauka estatu berri bat sortzeko. Geopolitikak rol berezia jokatzen du mundu guztian, baina are gehiago Ozeano Barean, AEB eta Txinaren arteko lehia argien nabari den eskualdean. Azken urteotan, historikoki Taiwan aitortu izan duten Ozeaniako zenbait estatuk aliantzak aldatu dituzte eta Txinarekin lerratu dira. Salomon uharteetako gobernua izan da Beijingera jo duenetako bat; AEBak ere ez dira geldirik egon, eta eskualdean lotura berriak landu dituzte. Salomon uharteetan enbaxada ireki dute, esaterako.

Papua-Ginea Berria ere Pazifikoko taulako pieza garrantzitsua da. Joe Biden bera zen bisitan joatekoa maiatzean, Kongresuan shutdown arriskuak etxera itzularazi zuen arte. Azkenean, Anthony Blinken estatu-idazkariarekin konformatu behar izan zuten. Ishmael Toroamak ere badaki, gehienek mapan kokatu ez arren, bere herrialdeak rol geoestrategiko garrantzitsua joka dezakeela.

Bere asmoa, AEBen babesarekin independentzia lortzea da: «Presidentetzara aurkeztu nintzenean, ez nuen Txinaren alde egin». Gainerako hautagaiek ez bezala, Toroamak dio ez zuela Beijingen laguntzarik onartu kanpainan. Baina 2025ean, berriz ere presidentea aukeratuko du Bougainvillek, eta hautagai guztiek independentziaren alde egingo dute. Urrats hori noren eskutik egin ondo hausnartu beharko dute AEBetan ere.