16 DéC. 2023 IKUSMIRA Munduaren belarriak eta Gazako txilioa (Mahmud HAMS | AFP) Amagoia Mujika «Gaur bizirik nago». Horrela erantzuten diote Gazan «zer moduz» galderari. Dagoeneko 70 egun, eta hildakoak 19.000ra iristen. Zaurituak 50.000tik gora, osasun baliabiderik gabe, pilatuta, garbitasunik gabe eta, erietxean egonagatik, tirokatuak izateko arrisku bizian. Kalean gosea, noraeza eta beldurra. Hildakoak hildakoen gainean, minari mina dario eta esperantza lehertu egin da, txiki-txiki eginda erortzen da zerutik lurrera. Oihu bat existitzen al da inork ez badu entzuten? Munduaren begiak ohitzen ari dira pantailatik ikusten duten giza sarraskira. Batzuetan begirada apartatzen dute, hainbeste sufrimendu ez zaielako kabitzen. Noiz hasiko dira munduaren belarriak Gazako txilioa benetan entzuten? Gazan bizirik egotea kondena bihurtu da, bizirik dauden askok aitortzen dutenez, nahiago lukete bonbek birrindutako harrien artean hilda egon egun bat gehiago Gazan biziraun baino. Izan ere, zenbat hildako kabitzen zaizkio bizirik dagoen gorputz bakoitzari?