23 DéC. 2023 Asiron eta Otxandiano Joxean AGIRRE Aurtengo negurako ez zegoen aurreikuspen berezirik. Ohi bezala eta atariko moduan, antzarak igaro ziren behin eta berriz zeruan geziak marraztuz eta pentsatzekoa da antzara domestikoak, Ipar Euskal Herriko haztegietan bizi direnak bereziki, aztoratu egingo zirela haiei begira, bizimodu berri baten promesa zeramatelako bidaia horretan, eta gazteenek hegaldatzeko saiakera baldar batzuk egingo zituzten, guk Pou anaien eskalada bat, Oyarzabalen gol bat edo Willis Drummondeko Felix Buff bateria jotzen ikusten dugunean bezala, geure baitan baldarki bada ere imitatuz. Neguaren iragarpen gehiago etorri ziren ondoren eta mendi gailurrak lehen aldiz zuritu orduko Andoni Aizpuru urduri sumatu genuen. Somporten edo Belaguako El Ferialen zenbait zentimetroko geruza zegoen aipatzen zuen eguna joan eta eguna etorri, astebururako planak egiten hasia zen seinale. Neuri ere elurrak umetako poza eragin izan dit barrenean, baina adinak ez du barkatzen eta azken aldi honetan zirrara bai, baina bozkario beterik gabe nenbilen, Asiron eta Otxandiano iritsi ziren arte. Lehena alkate izateko jaio zela iruditzen zait eta denok nahi genuke halakoxe bat gure herrian. Bigarrenak ez du beharbada aurrekoaren jendetasun, berotasun eta karisma, baina ezkerreko diskurtsoak erabat errepikakorrak eta prebisibleak bilakatu diren garai honetan, bereak atipikoak dira, argigarriak, originalak. Hezkuntza Legeari egindako bere ekarpen batzuk irakurri eta liluratu egin ninduen. GAUR8 honetako bere kolaborazioa bukatutzat eman eta agur esan zuenean, pasatu zitzaidan burutik ez ote zen lehendakarigai aurkezten zelako izango, baina beste askotan bezala desioak eta errealitatea nahasten ari nintzela pentsatu nuen. Gero Bilboko manifan Arnaldoren ondoan eta segidan kiniela gehienetan agertzen zela ikusita, pozten hasi nintzen eta lehendakarigaia bera zela jakin nuenean elurra zapaltzen duen ume baten antzera sentitu nintzen edo Andoni Aizpuruk iraupen eskiak janzten dituenean bezalaxe. •