GAUR8 - mila leiho zabalik
{ GASTRONOMIAREN ANTROPOLOGIA}

Gabon gaua ospatutzeko...

Garai batean ohikoa zen bisigua afaltzea gabon gauean; gaur egun baino merkeago zegoen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Gabon gaua gerturatzearekin bat, atmosfera berezia sortzen da. Kalean kuadrillatxoak ibiliko dira abesten, eta iluntzean Mari Domingi eta Olentzero etorriko dira. Azken ordukoak presaka ibiliko dira, afariko azken detaileak erosten edo opariekin estresatuta.

Batzuek ilusio berezia duten bezala, gorroto dituzte beste batzuek gabonak. Egunei “ixa” jarriko diete, presaz pasatu nahirik egun hauek. “Beharturiko” poztasun horretan, haien atsekabeak azaleratzen dira, eta ezin dena irentsi. Falta direnak oroituko dituzte zenbaitek, beste batzuek ez dute familian elkartu nahi izango eta prototipoko familia alaiaren argazkia ezin atera ibiliko dira beste zenbait. Oporretara ihes egiteko ere aprobetxatzen dute gero eta gehiagok.

Kapitalismoaren gau onak

Kapitalismoa partida irabazten ari da eguberrietan ere; baita kristautasunari ere. Tokitan geratu da lurrari eta naturari loturiko egutegia! Kristautasunak orduko errituen gainean bere egutegia ezarri zuen, edo kutsu kristaua eman zien hainbat ospakizunari. Diotenez, Jesus haurtxoa ere ez zen abenduaren 25ean jaio; egun horren bueltan berebiziko garrantzia zuten jai paganoei, neguko solstizioarekin lotutakoei, gainezarri zitzaien data hura IV. mendean, orduko aita santuak erabakita.

Lurraren egutegitik kristautasunaren egutegira igaro ginen, eta orain, berriz, kontsumismoaren egutegiak markatzen du urtea: maiteminduen eguna, aita eta amaren egunak, Aste “Santuko” oporrak, black friday... eta eguberrietako argi liluragarri, azoka turistiko eta erosketa amaigabeak.

Eguberrian, eguzki berriaren garaian, auskalo noizko ohiturak atzora arte iritsi dira, ia. Neguko solstizioan ere suak hartzen zuen protagonismoa. Hainbat tokitan kanpoan sua egiten bazuten ere, barruko suak zuen arreta. Enbor berezi bat prestatzen zuten, gabonetan erretzen zutena: subila, bazter-egurra, gabon-enborra, sekularo-egurra, zonbor... Haren errautsak zabaltzen omen zituzten, ukuilu, baratze eta lursailetan, eta horrekin uste zuten lurrak eta animaliak babestuko zituztela. “Olentzero-enborra” ere esaten omen zioten hainbat herritan. Hortik etor omen daiteke gero ikazkin bilakatzea eta tximiniarekin lotura izatea. Mozkorra zen Olentzero, zikina, erretzailea... eta gaur egungo Olentzero ez da erretzailea, bizar zuri hipsterra du eta ardotxo bat edaten du, kopan. Izaera aldarrikatzailea galtzen ari da eta bestelako mezu bat zabaltzen du: “izan txintxoak eta astindu kreditu txartela!”. Tamalez, ez da Olentzero tximiniatik etortzen; Amazon joaten da etxe atari gehiegitara.

Eguberri egunean arkumea izaten da Euskal Herriko mahai askotan errepikatzen den jakia. Jagoba MANTEROLA | FOKU

Barautik enperadoreen mahaira

Otarrainxkak, foie-a, urdaiazpikoa, azpizuna, arrain bereziak... enperadoreen mahaia dirudite Euskal Herriko hainbat etxetako afari mahaiek. Leporaino betetzen gara, baina gozatua hartuta. Hau ez da betikoa, ordea. Ez hain aspaldi, gabon gauean barau egiten omen zuten, eta duela hamarkada gutxi, haragia jatea debekatua zegoen. Zer topatuko genuen mahaian duela urte batzuetako gabon gauean, ordea?

Aza-olioak pil-pil

Bisigua zirt-zart

Gaztaina erriak pin-pan!

Aia goxo-goxo, epel-epel.

Abesti horrek ondo laburbiltzen du errealitatea. Barandiaranek gidaturiko Etniker ikerketa taldeek etnografia lanak burutu zituzten Euskal Herri osoan zehar. Toki askotan ohikoa omen zen “olio-aza” jatea; aza, olio eta baratxuriarekin. Nafarroako hainbat herritan, azaren ordez, kardua. Bigarren plater moduan, arraina zen nagusi: bisigua edo bakailaoa jaten zuten. Postreari dagokionez, sagar konpota, intxaur-saltsa, gaztainak...

Toki batetik bestera aldaketak zeuden. Allon (Nafarroa), esaterako, eskarola entsalada baratxuri eta olibekin jatea ohikoa zen; bakailao eta bisiguaz gain, kapoiak ere jaten zituzten. Apellanizen (Araba) aza odolkiarekin jaten zuten, eta aipaturiko arrainez gain, baita oilaskoa ere. Karrantzan (Bizkaia) azalorea jaten zuten eta oilarra arrozarekin edo saltsan; diru gehiago zutenek bisiguarekin edo txerri xolomoarekin ospatzen zuten. Ezkion (Gipuzkoa) haragi zopa, azalorea eta bisigua. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gau honetan ez omen zuten afaltzeko ohitura berezirik. Donibane Garazin ogi borobilak egiten zituzten, erre aurretik sagar zuritu batzuk azukrearekin sartuta.

Azkenburuko kontuekin, Gipuzkoako herri batzuetan irin eta esnearekin egindako opilak ohikoak ziren, “aia” izenekoak. Eta turroia Euskal Herri osoan zabaldu bada ere, Araba eta Nafarroan aurretiko ohitura zen egun hauetan, eztia fruitu lehorrekin nahastuta, arabiarren eraginez.

Edariari dagokionez, ardoak eta sagardoak hartzen zituzten Euskal Herriko etxeetako mahaiak, baina baziren bitxikeriak ere: Bernedon (Araba) sagar erre bero bat ardoari botatzeko ohitura zuten. Zeanurin (Bizkaia) ogi errea ardotan eta Zangozan (Nafarroa) ardo errea prestatzen zuten: pikuak, kanela, melokotoia eta irasagar errea, ardoarekin nahastuta.

Galtzen diren ohiturak

Gabon gauaren ostean, eguberri egunean, bazkaria egiten zuten. Bazkaritarako, ohikoa zen ardia, arkumea edo ahuntza jatea. Zerainen (Gipuzkoa), esaterako, mondeju menua egiten zuten: mondeju zopak, pikatxa, mondejua eta ardikia.

Urtezaharrean ere baziren ohitura bereziak. Gazeon (Araba) ohitura zen sua piztu eta makila baten laguntzaz gainetik salto egitea. Gaztainak botatzen zituzten bertara, eta gero jan, “erre pui erre” oihukatuz. Etnografia lan bikainean, mahatsa jatea ohitura berria dela baieztatu zuten Etniker-eko ikerlariek, telebistaren bidez sartu eta zabaldurikoa.

Urte berriari dagokionez, gabonsaria eskatzea ohitura omen zen hainbat herritan: gaztainak, intxaurrak... Gabonsariaren jatorria hori omen baita: “daukanak ez daukanari eman”. Eta hainbat herritan, baita ura edatea ere: urte berriarekin batera, ur berria edaten zuten. Eta suari garbitzeko eta berritzeko ezaugarri bereziak egozten zaizkion bezala, ezaugarri horiek omen zituen urak ere. Urteko lehen ur zorrotadak biltzen zituzten hainbat iturritan, indar ongilea zutela iritzita. Orduan ere bestondoa izango ote zuten?