30 DéC. 2023 Entrevue Bingen FERNANDEZ COFIDIS-EKO ZUZENDARIA «Euskaldunok txirrindularitzan potentzia garela erakutsi genuen bi garaipen horiekin» Hamahiru urtez txirrindulari profesionala izan ostean, hainbat taldetan aritu da zuzendari lanetan, eta 2020an itzuli zen ederki ezagutzen zuen Cofidisera. Bingen Fernandez, Cofidis taldeko zuzendaria. (COFIDIS) Asier Aiestaran Alacant aldera bidaiatu bezperan harrapatu dugu Bingen Fernandez bermeotarra, Cofidis taldeko kirol zuzendaria. Jada denboraldi berria prestatzen ari da buru-belarri, baina tartetxo bat hartu du beretzat benetan arrakastatsua izan den 2023ko balantzea egiteko. Tourra Euskal Herritik irtetea oso berezia izan zen Bingenentzat, eta bere taldeak bi etapa garaipen lortzea ere bai, baina orokorrean euskal txirrindularien lan bikainak eta munduaren aurrean emandako irudiak ere asko poztu zuen bizkaitarra. Cofidisentzat, eta edozein txirrindularirentzat, beti da garrantzitsua Tourra. Zuen kasuan, Ion taldean izanda eta zuzendaritzan ere euskaldunak egonda, modu berezian hartu al zenuten aurtengoa? Oso berezia izan zen guretzat. Nire kasuan, bereziki; txikitan entrenatzen ibiltzen nintzen kale eta errepideetatik igaro zen lasterketa. Ni bizi nintzen kaletik bertatik, adibidez. Eta burura etortzen zitzaidan nola ibiltzen nintzen txikitan nire etxeko blokeei bueltaka bizikletan. Zer pentsatuko nuen nik handik 40 urtera Tourra bertatik pasako zela eta ni Tour horretako parte izango nintzela, kasu honetan talde zuzendari moduan! Sekulako aukera izan zen niretzat, eta ez dut uste berriz horrelakorik biziko dudanik. Tourra agian itzuliko da noizbait, baina nik 50 urte dauzkat eta ez dut uste ikusiko dudanik. Kirol mailan sekulako etapak izan ziren, eta jende asko ikusi genuen errepide bazterretan, horietatik asko Tourra zer zen ez zekiena, Pirinioetara-eta joateko ohiturarik ez duena. Agian Tourrak mugitzen duen zirku guztia ezagutzen ez zuena: helikopteroak, karabana, publizitatea, komunikabideak... Tourra zein handia den konturatu dira eta zer eragin duen. Eta hemendik aurrera euskal zaletu gehiago egongo direla uste dut. Euskal Herria zer den erakusteko ere balio izan duela uste dut. Askorentzat euskaldunok Espainiaren zati bat besterik ez ginen, askotan entzun izan dugu nola "los españoles" deitzen gintuzten, eta nik uste dut ekitaldi honetan horiek ere "los vascos" esatera behartuta ikusi dutela beren burua azkenean. Herri desberdin bat garela ikusi dute. Eta profesionalki, nire taldearentzat bi garaipen lortzea oso polita izan da: bat Ionekin (Izagirre) eta bestea Donostian. Beti gogoratuko ditut. Horrelakoetan beti egoten da zalantza. Erakundeek inbertsio handia egiten dute antolaketan. Baina kasu honetan argi geratu zen arrakasta, Euskal Herriak txirrindularitza modu berezian bizi du. Beti egongo da jende kopuru bat ados egongo ez dena, eta tirabirak beti egongo dira, baina uste dut erakutsi dugula zer garen, nor garen, eta zer nolako txirrindulariak dauzkagun. Bi garaipen izan ziren, Pellorena (Bilbao) eta Ionena (Izagirre). Aipatu nuen bere garaian. Instagramen azaldu zen argazki bat parte hartzen zuten euskaldunekin. Ikusten zenuen zer txirrindulari ziren (Pello, Ion, Omar Fraile...), zazpi ziren, eta pentsatzen zenuen, bat gehitu, Oier Lazkano, Erviti... nahi duzuna, eta begira Euskal Herrian zer mailako talde potentea egin dezakezun. Txirrindularitzan potentzia garela erakutsi genuen bi garaipen horiekin. Eta antolatzen ere baietz esango nuke, ze azkenean Tourra “a mesa puesta” esaten dena etortzen da, antolakuntza lan guztia zuk egin behar duzu. Lana bertako jendeak egiten du, eta ikusi zen gai garela horrelako lasterketa bat antolatzeko. Gu konturatu ginen. Zuen inguruko frantziarrek edo beste kanpotarrek nabaritu al zuten giro berezia? Bai, bai, pozik geratu ziren. Etapa oso onak izan ziren. Aurreneko etapetan beti egoten da sekulako estresa eta dena oso ongi antolatuta egon zen. Antolatzaileek orokorrean oso lan ona egin zuten eta euskal afizioak beti sortzen duen giro berezi horrek asko edertzen du lasterketa. Jendea oso pozik irten zen Euskal Herritik. Eta kirol arloan zuentzat sekulakoa izan zen Donostiako etapa irabaztea, ziklismoan tradizio handia duen helmugan, Victor Lafay bezalako ziklista frantses batekin. Brometan aipatu nuen hasi aurretik Bilbo eta Baiona artean etapa bat irabazten bagenuen zuzenean etxera nindoala. Managerra ez zegoen han eta ez nintzen ausartu (barreak). Eta eskerrak, horrek beste garaipen bat bizitzeko aukera eman zidalako, Ionena. Eta zergatik ez esan, Pellorena ere bai. Beste talde batean dago, baina ni bermeotarra izanda eta bera Gernikan bizita, 13 kilometrora, harreman oso ona daukagu eta euskaldun batek irabazteak beti sekulako poztasuna ematen du. Cofidisentzat ere berezia izango zen bigarren garaipen bat lortzea, Ion Izagirrerena 12. etapan. Talde historikoa da, baina irabaztea asko kostatu zaio azken urteotan. Cofidisek 15 urte zeramatzan Tourrean etaparik irabazi gabe. Nik hiru urte neramatzan taldean eta, beti, denboraldi hasierako helburuak jartzerakoan, Tourrean etapa garaipen bat lortzearena aipatzen zen. Baina aurreko neguan apur bat aldatu genuen jarrera: «Urtero hemen biltzen gara Tourrean garaipen bat eskatzeko eta ez da iristen, zergatik ez dugu aurten beste planteamendu bat egiten?» Eta horrela izan zen, bat ez, bi garaipen lortu genituen. Cofidis etxea oso pozik, eta gu ere bai. Nola ikusten duzu euskal ziklismoa? Badirudi urrezko belaunaldi bat bukatzen ari dela edo bukaerara gerturatzen (Nieve, Landa, Pello, Izagirretarrak...). Garai bateko Euskaltel handi hartako azken pintzeladak direla esan liteke, eta badirudi atzetik datozenei kostatzen ari zaiela gora heltzea. Bai, ProTourrean izan genuen Euskaltel hartako azken ordezkariak dira. Goi-mailan dabiltza oraindik, eta han egon ez ziren beste batzuk ere bai, Omar Fraile adibidez, nahiz eta Euskaltelen ibili ez, belaunaldi horretakotzat jo dezakeguna gutxi gorabehera. Badirudi “impasse” moduko batean gera gaitezkeela. Ari dira lanean Euskaltel eta beste euskal taldeak, ea tuerkari beste bueltatxo bat eman eta urrats bat gora egin dezaketen, baina ez da erraza. Nik uste Pello Bilbaok, Mikel Landak, Ion Izagirrek... oraindik bi edo hiru urte oso onak izan ditzaketela, eta horrek balio dezake aipatu dudan “impasse” hori eramangarriagoa egiteko eta denbora emateko atzetik datozen gazteei maila hartzen joan daitezen, erreleboa hartzeko. Nik beti aipatzen dut nire belaunaldian, eta esango nuke agian Mikel Landaren belaunaldira arte gutxi gorabehera, ziklista pila bat zegoela Euskal Herrian. Gogoratzen naiz Euskadiko Txapelketa batean 500 txirrindulari irten ginela. Noski, kantitatetik kalitatea ateratzen da. Horregatik da horren garrantzitsua harrobia zaintzea, hori delako etorkizunean gaur egungo mailari eusteko modu bakarra. Tourra, Bilboko etapan Pike gaina igotzen (Oskar MATXIN EDESA / FOKU) Irudipena da gure gazteei asko kostatzen zaiela profesional mailara egokitzea. Aldiz, nazioartean oso jende gaztea ikusi dugu lehen egunetik garaipenak lortzen: Pogacar, Evenepoel, Pidcock... Nik uste dut bat-batean sekulako maila ematen duten gazte horien garapena ez dela naturalena, normalean ez dela horrela izan, baina azkenaldian joera hori ikusten ari gara, ezin da ukatu. Gazte-gaztetatik lasterketak irabazi ditzaketela erakutsi dute. Esango nuke ez dela naturalena, baina normalizatu egin dela. Oraingo txirrindulariak gazteago lehertzen dira. Azkenean, eskura dauzkagun potentziometro eta baliabide teknologikoekin hasiera-hasieratik ikusi ahal dituzu txirrindulari bakoitzaren datuak. Duen indarra ezagutzen duzu, duen garapena... Oso gaztetatik dakizu eman dezakeen maila zein den eta oso gaztetatik sar dezakezu talde profesionalaren dinamikan. Evenepoel, Pogacar, Ayuso, Vingegaard apur bat zaharxeagoa da... Ez dakit noiz arte izango den horrela, baina belaunaldi hori hor dago oraingoz. Kontua da talde guztiok gabiltzala txirrindulari gazte onenak bilatzen, ahalik eta azkarren fitxatzeko. Zeren gertatzen dena da Pogacar bezalako perla bat ateratzen denean eta talde batek fitxatzen duenean, kasu honetan Oskar Matxinek UAErako, gero jada oso zaila dela hortik mugitzea. Eta adibidez Ineos bati perla horrek ihes egiten badio, gero ezingo duzu UAEren aurka borrokatu itzuli handienetan, horrelakoak ez direlako egunero irteten. Alde horretatik, aurrekontu handia duten taldeetan nahiago dute itxura ona duten txirrindulariak ahalik eta gazteen fitxatu, nolabait arrisku hori hartu, eta gero ikusi ea horrenbesterako den. Eta ez alderantziz: pasatzen utzi, eta gero damutu beste talde batera joan delako. Amaitzeko, eta 2024a ate joka dugunez, zer eskatzen diozu urte berriari? Langa oso goian jarri duzue... Dinamika berdinean jarraitu behar dugu. Uste dut azken urte hauetan gora egin dugula gure mailan, eta norabide horretan beste urrats bat ematen saiatu behar dugu. Ezin dugu erlaxatu, WorldTourreko puntuen presioa beti hor dagoelako eta sailkapen horretan borrokatu beharko dugulako. Eta lasterketa nagusietan etapen bila joango gara. Hiru asteko probetan ez daukagu sailkapen nagusietarako hautagai handirik. Pogacar, Vingegaard eta horiek beste planeta batekoak dira, horien aurka ezin dugu lehiatu, eta guk gure gerrilla borroka horrekin jarraitu behar dugu hiru asteko probetan etapak irabazten saiatzeko. Eta gero, aste bateko proba txikiagoetan, aukerarik badago, postu onak lortzeko lehiatu. Tourrean beste garaipen bat lortzea ederra litzateke, eta Vueltan ere etapa bat irabaztea sinatuko nuke. « Pello Bilbao, Mikel Landa ou Ion Izagirre peuvent encore avoir deux ou trois très bonnes années, ce qui peut servir aux jeunes qui viennent derrière, pour prendre le niveau, pour prendre le relais »