GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ANALISIA }

Mugaldeko lurraren patua


Ez da 2023a urte samurra izan ukrainarrentzat. Ezta errusiarrentzat ere, norberaren erantzukizunak diferenteak diren arren.

Badago gure artean, baita Mendebaldean eta agian mundu osoan ere, Ukrainako gatazka aztertzeko orduan aurreiritziak dituenik.

Mendebaldeko gobernu orok hasieratik Kieven alde egin duen apustuak susmoak sortzen ditu, batez ere gobernu bertsuek beste gatazkekiko (Palestina, Sahara...) ez ikusiarena, edo erasotzailearen aldeko apustua, egiten dutela kontuan hartuta.

Ez da, ordea, arrazoi bakarra. Sobietar Batasunak porrot egin zuenetik, bere ondorengoa, Errusia, ekonomikoki eta politikoki ahulduz joan da, Mendebaldeak, NATOren eta Europako Batasunaren (EB) bitartez, gerturatu edo setiatu egin duen bitartean.

Amaitu berri den urtean bete da Maidan izeneko matxinadaren (Ukrainako hiriburuko plaza nagusia) 10. urteurrena; Viktor Yanukovich presidenteak uko egin zion EBean sartzeko negoziazioen hasierari, eta oposizioa kalera atera zen 2013ko azaroan.

Protestek Ukrainak, Errusiak moduan, pairatzen duen ustelkeria endemikoa zuten jomugan, baina berehala erregimenaren aldaketa eta Moskutik aldentzea exijitzen hasi ziren. Europar zaleek, anarkistek eta ezker antikapitalistek eta Errusiari gorroto historikoa dion ultraeskuinak bat egin zuten eta, Mendebaldearen babesarekin, Yanukovichek Moskura ihes egitea lortu zuen 2014ko otsailean, liskarretako ehunka hildakoren ondoren.

Errusiak «Estatu kolpea» salatu zuen eta, Krimeako penintsula sasi-erreferendum baten bidez irentsi ostean, errusiar-hiztunak diren Donbass ekialdeko eskualdeen haserrea profitatu zuen eta armez eta paramilitarrekin lagundu zion Kieven aurka altxatzen.

Donetsk, Lugansk eta beste hainbat eskualdeetako biztanleek bazituzten haserre egoteko arrazoiak. Izan ere, besteak beste, Kieveko Parlamentuak errusiar hizkuntzaren ofizialtasuna bertan behera utzi zuen. Bide batez, 2015ean, Minsk-en, Bielorrusiako hiriburuan, Ukrainak men egin zion EBeko herrialde nagusiek (Frantzia, Alemania...) eta Errusiak Donbassi autonomia estatus bat onartzeari.

2004an, ia duela 20 urte, eztanda egin zuen «Iraultza Laranjaren» bigarren fasea zen. Errusiaren aurkako irain historikoekin (gerra zibila, Stalinek eragin zuen holomodorra edo gosetea, II Mundu Gerra) ikurra altxatuz, gizartearen ukrainartzea zen helburua, linguistikoki eta politikoki.

Askok diote orduan hasi zela gerra, ez 2022ko otsailaren 24an, Vladimir Putin Kremlineko maizter etengabeak Ukrainara tankeak bidali zituen egunean.

Arrazoia dute, baina horrek ez dio inola ere Errusiari ondoko herrialdea inbaditzeko arrazoirik ematen.

Litekeena baino, egia da Mendebaldeak Errusiari presio geoestrategiko zorrotza egin diola, baina Ukrainak, Kubak bezala, eskubide osoa du bere aukera geopolitikoa egiteko, hautaketa okerra baldin bada ere. Eta Ukraina ez zen, eta ez da, egungo gerra agerian uzten ari denez, Errusiarentzat mehatxua. Mehatxua Errusiak bere barnean du, historiak aspalditik erakutsi digun moduan.

Inbasioak 2 urte

Inbasioa hasi zuenetik, 2022ko hasieratik, Kievera iristea eta bertan sasi gobernu bat eratzea hilabeteko kontua izango zela uste zuen Errusiak. Iparraldetik, ekialdetik eta hegoaldetik ekin zion erasoaldietan aurrera egin zuen lehen egunetan, baina laster egin zuen topo Ukrainako Armadaren erresistentziarekin. Azov itsasertzeko hiri-portua, Mariupol, bereganatzeko, hiru hilabete behar izan zituen, eta ia guztiz suntsitu zuen bonbardaketekin.

Hori gutxi ez, eta, Mendebaldeko laguntza militarraren ezinbesteko laguntzarekin, Ukrainako Armadak kontraerasoari ekin zion 2022ko uda-udazkenean. Errusiarrek alde egin behar izan zuten Jerson hiritik eta Jarkov hiriaren ingurutik, eta atzera egin zuten beste hainbat posiziotatik ere. Ukrainak inbasioa hasi zenetik galdu zuen lurraldearen erdia errekuperatu zuen.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen asmoa zen amaitzear den urte honetan kontraerasoarekin jarraitzea. Baina neguko elurrak urtu ahala, seinale txarrak sumatzen hasi ziren.

Errusiako Armadak, Wagner mertzenarioak lehen lerroan jarriz, Donetsk eskualdean dagoen Bajmut herri estrategikoa kontrolpean hartzeko saiakeran gogor ekin zion. Hildakoak zenbaki hutsak ziren Kremnlin-arentzat, gehienak gerrara bidalitako preso arriskutsuak zirela kontuan hartuta.

Maiatzean, Bajmutetik alde egin zuten ukrainarrek, «haragi txikitzaile» ezizenarekin historiara pasatu den liskarraren ostean.

Gainera, Mendebalak agindutako tanke eta irismen handiko misilak ez ziren garaiz iristen, eta Ukrainak atzeratu egin behar izan zuen kontraeraso berria.

Ordurako, defentsak erabat indartzeko astia izan zuen Errusiak. Frontea minez josita zuen, tankeen aurrera-ekimena oztopatzeko.

Azkenean, ekainean ekin zion Ukrainako Armadak kontraerasoari. Hiru fronteetatik, gainera. Lehena, Bajmuteko ingurutik, errusiarrak Donetsketik atzera botatzeko. Bigarrena, Zaporiyako hiriburutik, hegoalderago, Melitopol eta Mariupol hiriak berreskuratzeko eta Azoveko itsasorako irtenbidea errekuperatzeko. Hirugarrenak Jersoneko hiritik Dnieper ibai handia zeharkatu eta Krimea misilen jomugan izatea zuen helburu.

Soldadu ukrainar bat tanketik kanpora begira Bakhmut inguruetan (Anatolii STEPANOV / AFP)

Fronte gehiegi, AEBen esanetan, edo indar gutxiegi, demografia aldetik. Errusiak ehun milaka soldadu ditu erreserban 145 milioi biztanle dituen herrialdean. Gehienak, gainera, eskualde txiroetakoak dira, Siberiakoak edota Kaukasokoak. Ukrainak, ordea, biztanleen laurden-heren bat du, eta arazo gero eta larriagoa bizi du gazteak frontera bidaltzeko. Milaka eta milaka dira Mendebaldera alde egin dutenak, batzuek ihesean, beste batzuek militar ustelek erosi ondoren.

Hori gutxi balitz, Mendebaldeak Errusiari ezarri zizkion zigor ekonomikoek ez dute aurreikusitako eragina izan. Moskuk petrolioa eta gasa saltzen dizkie Txinari eta Indiari, merkeago bada ere, eta, Irango eta Ipar Koreako laguntza militarrarekin, arma fabrikek etengabe hornitzen dute frontea.

Ukrainako ekonomia, ordea, lur jota dago, eta Mendebaldearen laguntza eta munizioak behar ditu nolabait zutik iraun ahal izateko.

Gauzak horrela, mendebaldetarrok bezala, ukrainarrak ere esperantza galtzen hasiak dira. Eta Zelenskiri kontuak eskatzen hasi dira.

Lehena Valeri Zaluzhni Ukrainako Armadako Estatu Goreneko burua izan zen, irailean bertan frontea geldirik zegoela onartu zuenean. Zaluzhni gerra heroia da askorentzat, eta presidentea baino ospetsuagoa da.

Vitali Klitschko boxeolari ohia eta Kieveko alkateak aukera ikusi du eta azken egunetan Zelenskiren trebetasun militar falta salatu du.

Gazako sarraskia

Egoera horretan, Hamas alderdi palestinar islamiarrak urriaren 7an egin zuen erasoaldiaren ondoren Israelek Gazaren aurka daraman sarraskiak begirada guztiak Ekialde Hurbilera bideratu ditu, AEBak eta Europa Ukrainarekiko agertzen ari diren nekea handituz.

Negua ez da samurra izango ukrainarrentzat. Ezta frontean diren soldadu eta paramilitar errusiarrentzat ere. Vladimir Putin, ostera, bero-bero eta goxo-goxo egongo da Kremlin-ean edota Moskutik Abjasiaraino dituen jauregietan. Badakielako datorren urteko martxoko hauteskundeetan inork ez diola aurre egingo. Saiatu dena hilda, erailda, kartzelan giltzapetuta edo beldurrez isil-isilik dagoelako.

Bitartean, Ukrainaren patuak bere horretan jarraituko du. Kieveko Rusa izan zen Errusiarentzat aberriaren jaioterria, baina boterea Moskoviako Printzerrira joan zenetik gaur arte muga lurraldea izan da, batzuentzat eta besteentzat. Muga izateak dakartzan arrisku guztiekin. Ukrainaren patua.