GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Ez dadila lurrundu


Egutegi bat?», eskaini zion asteko erosketa egin ohi duen harategiko harakinak. Egun bakarra falta zen urtea erabat lurruntzeko. Ezetz erantzun zion, baina gaizki sentitu zen esan orduko; «urte berri on» entzun, eta erantzun ez balio bezala. Ez zekien egutegi bat oparitu nahi zion, ala urte oso bat saldu. Bata ala bestea, ezezkoa justifikatzeko aitzakia bila hasi zen: ez zuela jarri ohi, beste norbaitek aprobetxatuko zuela...

Urteberri biharamunean, bakarrik gosaldu du, sukaldeko horma hutsa parez pare. Autoan sartzean, buruari bueltaka hasi da: 2023a bukatzea nahi ote zuen, berriari beldurrik ote dion, hobea ala okerragoa izango ote den... Ez da hasiera eta amaiera zurrunen zalea -beste modu batera esanda, kosta egiten zaio erabakiak hartzea-. Eta, lanerako bidean, 2023a errepasatuz lurrundu zaio burua.

«Aurrera ala atzera egin dugu?», lehen galdera. Azkar doa goraka kilometro kontagailua, erregai tantak behera doazen gisa. Hegazkinez eta urrun ez bidaiatzea erabakia du; baina, iaz egindako eguneroko kilometroak batuta, munduari buelta emango ziokeela pentsatu du. Aurreraka ala atzeraka? Ez dio askorik axola, badoa, hori da kontua. Irratiko tertulian oporretako helmugez ari dira hizketan. Eta pentsatu du aurten badela urtea mugez hitz egiteko, helmugez bainoago.

Euri tantak ari dira erortzen aurreko kristalean behera; bata bestearen atzetik, isilik, oharkabe. Hala joan ziren indarkeria matxistaren ondorioz iaz hil zituzten emakumeak -lau denera, eta ume bat; erraz esaten da-. Eta ez dira nolanahikoak tanta horien guztien sorleku diren lainoak ere; erori ez arren, egunerokoan hor daudela gogoratu da, indarkeria matxista nola.

Tantak pilatu dira eskuineko ispiluan ere, atzerantz joan nahi balute legez. Laster etorri zaizkio akordura euskararen aurkako epaiak, han eta hemen hartutako erabaki politikoak... Mailu kolpeak bezala sartu zaizkio irratiko kanpaiak; bederatziak dira. Albistegi bukaerako eguraldiaren tartean iragarri dutenez, euriak ez du etenik izango datozen orduetan. Eta, nahi gabe, Gazako genozidiora egin dio jauzi buruak; aurten ere etenik gabe doaz han bizitzak goitik behera, euri tantak bailiran.

Irratia kendu du, eta musika jarri; giroz aldatu nahi du, auto barruan bederen. Bideko azken tunelaren irteerara gerturatzen ari da; kilometro gutxi geratzen zaizkio iristeko. Antzeko zerbait sentitu zuen iaz martxoan, urte luzeetako dispertsioaren amaiera heldu zenean: oraindik egiteko dagoen bidea, baina tunelaren azken zatia.

Aurreikuspenen aurka, ostarteak zabaltzen hasi dira. Antza, aldaketa uste baino lehenago dator. Hala iritsi zen iaz uda eta, harekin batera, aldaketa haizea. Hauteskundeetan pilatutako ilusio eta indarra, herri baten ikurrak errepideetan... Uda amaitu arren, aldaketarako gogoak eta Euskal Herriak bizi-bizirik jarraitu zuten udazken-neguan ere. Bestela, nola bildu egutegiko orri bakarrean euskararen aldeko olatua, Palestinarekiko elkartasuna, nazio aldarria, Greba Feminista Orokorra edo zerbitzu publikoen aldeko borrokak? Nola amaitu urtea aginte makilak eta lanbasak astintzen?

Iritsi da lantokira; itzali du autoa. Bulegora sartu, eta iazko egutegia ikusi du lankidearen mahaian. Lagun bati lapurtutako esaldia esan du berekiko: «Herri honetan aspaldi abiarazi genuen askatasunaren egutegia». Eta, aldaketaren aldeko haizeak gogor jo bazuen iaz, zergatik aldatu egutegiz, aurten are handiagoa bihur badaiteke? Etxera bueltan, «urte berri on» esanez sartuko da harategira, asteko erosketa egitera. •