GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Noriarena

Zuri noriarena geratu zaizu gogoan, ordea. (Jon URBE | FOKU)

Udaltzainak eta suhiltzaileak iritsi zitzaizkizun mugikorrera. Bertan egonda zirenen bizipenak: «kostako zaigu buelta ematea» edo «barruak mugitu zaizkit gelditu garenean». Noria bat zeukaten atzean, geldirik, Donostiako udaletxearen parean, sirena urdinen argi intermitenteen fokupean. Ez zela arriskurik egon zioten udaltzainek, suhiltzaileek egin beharrekoa behar bezala egin zezaten lasai burutu zituztela erreskate-lanak. Turisten mugikorren memoriak egun batzuetan gordeko du gertakaria. Kuadrillako whatsappetik desagertu da jada, hain gauza interesgarriak gertatu baitira egunotan: Joseba Asiron Iruñeko udaletxeko balkoian eta bere buztanari segika erotu den zakurra; Gazako haurrak 2024ari bizirik jarraitzeko eskatuz eta izotzetan biluzik irristadan dabilen gizon mozkortua, denak nahasian, denak garrantzitsu eta, handik gutxira, ahaztuak, mugikorraren pantailaren argi intermitenteetan.

Zuri noriarena geratu zaizu gogoan, ordea. Ez atzera eta ez aurrera, gurpil zulatu erraldoi baten gisa geldirik geratu den zirkulu horrena. Zu sekula ez zara bertan ibili, nola bada, nahi ez duzun hiriaren sinboloa iruditzen zaizu eta. Baina noria batean baino gehiagotan ibilia zaude, inori aitortzen ez badiozu ere, zure herrian lotsagarri zaizuna hain baita dibertigarria oporretan inork ezagutzen ez zaituen lekuan zabiltzanean. Mugitu arren beti leku berean dagoen gurpila, horixe noria, bizikleta estatikoen lagun mina.

Zuk justu kontrakoa egin nahiko zenuke bizitzan: ibili, mugitu, aurrera jo. Eta gabonak iritsi eta hormako egutegia erantzitakoan paretan geratu den hutsuneari begiratzen diozu, ez urte bati eta ez besteari ez dagokion ez-denbora horri, eguzki izpiengandik babestuta egon denez paretako margoa baino argixeago geratu den karratu horri. Hutsune horrek gordetzen duen denborarekin zer egin duzun galdetzen diozu zure buruari; non zeunden iaz eta non zauden aurten, norekin zauden eta, batez ere, norekin egon zaren gutxiago. Zenbat izen, zure ibiliaren ertzean utzi dituzunak, egutegien, agenden eta gauza garrantzitsuen azpian ezkutatuta; zugandik dei, mezu edo kafe ziztrin batera eta, aldi berean, hain urrun, hain zure kontrako norabidean. Zenbat promesa hautsi dituzun jakin nahiko zenuke, agertu gabeko zenbat hitzordu, egin gabeko zenbat dei, bidali gabeko zenbat mezu. Denbora faltagatik hasieran, eta lotsagatik gero. Zer esaten zaio hainbeste geruzaren atzean ezkutatu duzunari; «zer moduz, aspaldiko»? Erantzunak ikaratuta bizi zara, zu ere beste askoren egutegien atzean gordeta, ahaztuta zaudenaren minez. Noria gelditu eta banan bana agurtu nahiko zenituzke denak. Baina zuri ez zaizkizu noriak gustatzen. •