13 JAN. 2024 3 BEGIRADA: Teknologia, helduen zaintzaren mesedetan Teknologiak asko lagundu dezake helduen zaintzan. (GETTY) Olatz ARREGI URIARTE Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea, UPV/EHU Zaintza lanak erdigunean jartzeko greba egin zen Hego Euskal Herrian pasa den azaroan, eta horren harira, asko hitz egin da zaintzari buruz azken hilabeteetan. Artikulu honek teknologiaren erabilera zaintza-lanetan jorratu nahi du. Munduko populazioa zahartu ahala, zahartzearekin lotutako erronkei aurre egiteko irtenbide berritzaileen beharra sortzen da, eta laguntza eraginkorra eman behar zaie zaintza behar dutenei. NBEren datuen arabera, 2050erako 80 urtetik gorako populazioa hirukoiztu egingo da, hau da, egungo 143 milioietatik 426ra pasatuko da, beraz, presazkoa da gai horri behar bezala heltzea. Teknologiak lagun dezake hainbat esparrutan pertsona helduen autonomian, eta teknologia eta giza zaintza konbinatzea izan daiteke gure adinekoentzako arreta integrala eta kalitatezkoa bermatzeko modurik onena. Aplikazio eta tresna ugari garatu dira azken urteetan helburu horrekin eta erabilienetakoak dira adineko pertsonak zaintzeko urrutiko monitorizaziorako sentsoreak eta gailuak. Baina badira haratago doazen proposamenak, eta gaur egun badaude adinekoei laguntzeko robotak, errealitate birtualeko betaurrekoak eta zoru adimenduak, zeintzuk egunerokotasunean oso lagungarriak izan daitezkeen pertsona helduen autonomian. Hona hemen horren adibide batzuk: Eguneroko zereginetan laguntzea: Robotek eguneroko zereginetan lagun diezaiekete adineko pertsonei, hala nola etxeko garbiketan, janarien prestaketan edo erosketak egiten. Osasun-monitorizazioa eta jarraipena: Robot geriatrikoek bizi-konstanteak neur ditzakete, hala nola arteria-presioa eta bihotz-maiztasuna, eta informazio hori osasun-profesionalei bidali. Gainera, programatu egin daitezke botiken dosi egokiak prestatzeko, hitzordu medikoen jarraipena egiteko edo larrialdi bat dagoenean profesionalei ohartarazteko. Erortzeak detektatzea: Sentsoreak dituzten robotek erorketak detekta ditzakete eta alertak bidal diezazkiekete senideei edo zaintzaileei. Badira zoruaren azpian jartzen diren geruza adimenduak ere, zeintzuk mugimendua detektatzeaz gain, gai diren erortzeak antzemateko eta, zuzenean, pertsona horren zaintzaileari abisatzeko. Errehabilitazioa: Adimen artifizialak errehabilitazio fisiko eta kognitiboan lagun dezake, ariketa pertsonalizatuak proposatuz eta aurrerapenaren jarraipena eginez. Ohiko errehabilitazio-prozesua errepikakorra da, eta horrek kalte egiten dio pazienteak erronkak gainditzeko duen motibazioari. Adibidez, hainbat proba pilototan ikusi da errealitate birtualeko betaurrekoak erabilita adineko pertsonak askoz ere motibatuago daudela egin behar dituzten ariketak egiteko, zentzumenak aktibatzen zaizkielako. Konpainia: Bakardadea eta isolamendu soziala arazo komunak dira adineko pertsonen artean. Robotek lagun gisa jardun dezakete, elkarrizketa sinpleen, musikaren eta entretenimenduaren bidez adinekoekin elkarrekintzan. Argi dago robotak ez lukeela pertsonen konpainia ordezkatu behar, baina errealitatea da adineko askok bakarrik pasatzen dituztela eguneko ordu gehienak, eta horrelako kasuetan, robotek egoera latz hori leundu dezakete. Gaur egun hasiak dira hainbat tokitan horrelako teknologiak adinekoen artean zabaltzen. Adibidez, Generalitateak 5,43 milioi euro erabiliko ditu adineko pertsonen nahi gabeko bakardadea arintzeko mila robot erosteko. Bestalde, Alemanian, dagoeneko Garmi izeneko robota diseinatu dute zaintzaileen eta medikuen zeregin batzuen ardura har dezan. 2030erako espero dute teknologia hori gizartean txertatuta izatea. Euskal Herrira etorrita, zaintzaren beharrak urtetik urtera gora doaz. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2022an, 75 urte baino gehiagoko 66.581 pertsonek eskatu dituzte zaintza-zerbitzuak. Horietako askok, 23.000 inguruk, mendekotasun arazo larriak zituzten. Baina, nik dakidala behintzat, ez da horrelako planik abian jarri oraingoz. Hala ere, erronka garrantzitsuak daude hirugarren adinekoen arretan robotak ezarri ahal izateko. Besteak beste, teknologia onartzea edo pribatutasuna eta etika bermatzea. Gainera, robotek ezin dute ordezkatu gizakien arteko elkarrekintzaren, maitasunaren eta enpatiaren garrantzia zaharren zainketan. •