20 JAN. 2024 { KOADERNOA } Beldurra eta zuhurtzia Erika LAGOMA POMBAR Beldurra mesfidantza-sentimendua da, zerbait negatiboa gertatuko dela sinestera bultzatzen duena; arrisku baten aurrean dagoen larritasuna, benetakoa edo imajinarioa izan daitekeena. Nahiz eta arriskua irudimenezkoa izan, beldurra oso erreala izan daiteke. Beldurra emozio baliagarria da ihes egiteko, arriskuak saihesteko. Oztopo bat ere bada, bizitza arrakalatu dezakeena. Non dago zuhurtziaren eta beldurraren arteko marra? Gertaera jakin batzuen aurrean, horiek ekar ditzaketen arriskuei buruz pentsatzeko gaitasuna omen da zuhurtzia, jokabidea egokitzeko edo aldatzeko gaitasuna, saihestu daitezkeen kalteak ez jasotzeko. Hezten duen pertsonak nola transmiti dezake zuhurtzia, bera ere beldur bada? Norberaren bizitzaren kartografia emozionalean arrastoa uzten dute beldurrek. Kontzienteki eta momentuan bizi ditugun horiek, baina baita unean arrazoiak ukatu dituztenak eta gorputzean itsatsita gelditu direnak ere. Eta zer egiten da horiekin umetxoa ez denean hain ume, pausorik pauso nerabetzen ari denean? CISen azken inkestaren arabera, gizonen %44,1ek dio, «emakumeen berdintasunaren sustapenean hain urrun iritsi garenez, orain gizonak diskriminatzen ari direla», eta hori uste dute emakumeen %32,5ek ere. Sorpresa! Espainiar irrati kate batean titular honi buruz ari zirela, izenaz gogoratu nahi ez dudan, zinez ez dut oroitzen, emakumezko tertuliakide batek sutsuki egiten zuen bat baieztapen horrekin. Emakumeek ez badituzte ardura postuak hartzen nahi ez dutelako da, zioen. Ez da egia emakumeek soldata baxuagoak dituztela, hori ez da gertatzen nire unibertsitate pribatuan, esaten zuen. Emakumeek umeen zaintzan egunean 7 ordu ematen badituzte eta gizonekoek 4, hala nahi dutelako da, aldarrikatzen zuen. Eta nik pentsatu nuen, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeek zerbait egin izango dutela, eta Mediterraneoan hil direnek hobe zuketela haien lurretan geratzea, eta biztanleriaren %1 munduko aberastasunaren jabe bada, bere lanari eta esfortzuari esker dela, eta palestinarrak terrorista batzuk direla. Batzuetan nazka eta beldurra oso hurbil daude. Sare sozialak irain zein gorroto mezuen plaza birtualak bilakatu dira, horietako asko eraso matxistak izaten dira. «Feminista izateagatik indarkeria jasaten dugu, gizena izateagatik are indarkeria gehiago, eta, zer esanik ez, lesbiana eta etorkina izateagatik» irakurri diot Irantzu Varelari “Berria”-n. Twitter defuntuan itzuli bat egitea besterik ez dago. Eta pornografia emakumeen aurkako indarkeriaren eskola dela, eta emazte bat hil duela bere bikotekide ohiak, eta adimen artifizialaren bitartez bi ikaskideren irudi biluziak sortu dituela mutiko batek, eta zabaldu dituela, eta laguna etxera bueltan giltzak eskuan itzuli zela etxera atzo, eta amatxik ez duela pentsiorik fabrikan ez ziotelako kontraturik egin, eta etxerik ez duen helduen eskolako ikaslea aterpetxetik bota dutela eta lankideak ostatua ordaindu diola bi egunetarako, eta… diskriminazio positiboa. Eta txorizo pamplona bokadilloa prestatzen ari nintzela, alabak etorri dira ikastolatik, pozik belarrian hirugarren zuloa egin dutelako, bizitza zirraragarria delako. Irribarre egin didate, irribarre egin diet. Eta marrazten ari garen mundu honen aurrean zer izan, beldur edo zuhur? Edo ez bata ez bestea. • Eta txorizo pamplona bokadiloa prestatzen ari nintzela alabak etorri dira ikastolatik, pozik belarrian hirugarren zuloa egin dutelako, bizitza zirraragarria delako. Irribarre egin didate, irribarre egin diet.