20 JAN. 2024 Zoramena Maider Iantzi Lagun batek kontatu zigun bidaia batetik bueltan zetorrela ia hegazkina galdu zuela, aireportuan hagitz urduri jarri zela, hagitz-hagitz, hainbertze, non erotzat hartu baitzuten eta ez baitzioten abioian sartzen utzi nahi. Igotzea lortu eta eseri zenean, negarrez lehertu zen. Irria atera zitzaidan. Zenbat identifikatu nintzen, eta zenbat eskertu nion zoramenaren aldarri hori, gure onetik atera gaitezkeela eta ez dela deus gertatzen defendatu zuelako. Orain hemen irakurtzen nauzue, eta lasaia dirudit, zentzuduna. Baina duela minutu gutxi ero bat nintzen. Hola da eta ongi dago. Neurritasuna gal dezaket. Dena galdara txar bategatik. Egia da ez naizela harritu, kontu teknikoek urduri jarri ohi nautelako. Agudo galtzen dut pazientzia. Eta aseguruari deitu, eta musika itsusi bat luze aditu eta gero, tartean “nuestros operadores están ocupados” sail batekin eta bertze hainbertze “manténgase a la espera”-rekin, robotari botoiak sakatuz zer nahi dudan adierazi eta azkenean pertsona batek hartu didanean, eta alai zegoenean gainera, egin dizkidan galdera guztiei erantzun eta atzo etorri zen teknikariak “no hay fallo” idatzia utzi diela bota didanean, zur eta lur gelditu naiz. Niri hondatua zegoela erran zidan. Eztabaidan hasi gara, gero eta zakarrago, eta aseguruari baja emanen diodala erranez moztu diot. Bero-bero, galdararen enpresara deitu dut. Langile jatorra tokatu zait. Ahots hautsiarekin esplikatu diot galdara zoratu zaigula, zero azpitik 30 gradu markatzen dituela, ura eskapatzen zaiola, ez dugula ez berogailu ez ur berorik, eta deskonektatua dugula etorri zen lehenengo teknikariak, asegurukoak ez aurrekoak, erran zigulako itzaltzeko gehiago hondatu baino lehen, eta ea orain hirugarren teknikari bat pasa daitekeen. Patxada eman dit, eta libre dagoen lehendabiziko teknikaria etorriko dela agindu dit. “Que pases buen día”. Eta nik “igualmente”, ia negarrez. Moztu eta pentsatu dut: zergatik jarri naiz horrela? Zintzurrean erredura, bihotz taupada azkarrak, ezinegona... Sintoma ezagunak ditut, eta seguru berriz agertuko direla. Jada ongi nago. Laster etorriko da teknikari berria, eta galdara konponduko du. Aseguruarena aipatuko diot eta, bere gain hartu behar duela erraten badit, indartsu nagoen une batean eginen diot aurre. •