GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Esparza ez da Urkullu, baina ezta Andueza Chivite ere...


Iruñeko zentsura mozioaren ildotik, aliantza politikoei dagokienez aro berri bat abiatu dela antzeman daiteke Nafarroan, lau hamarkadetakoa itxiz. Bi adierazpenek marrazten dute joko zelai berri hori. Lehena, mozioaren akordioaren albistea jakin osteko biharamunean egin zuen UPNko presidente Javier Esparzak Legebiltzarrean. Adierazpen politikoa baino gerra aldarrikapena izan zen, PSNri zuzendua: «Zaborra» deitu zion alderdi osoari, «gauez oka egiten al duzu?» galdetu zion Maria Chiviteri eta bien arteko harremanak eten -hobe esanda, txikitu- zituen. Beroaldi batetik haratago joan zen UPNko buruzagia horrekin; Nafarroako eskuin espainiar-zalearen izaera faxista biluztu zuen. “Diario de Navarra’-k harridura agertu du gero, Chivitek elkarbizitza arloan inplikatuago ikusten duelako EH Bildu UPN baino. Harridura gutxi, bada, Legebiltzarreko antzezpen zatar haren ondoren. Historikoki oso jarrera ezberdina izan dute PSOEk eta ezker abertzaleak, elkarren aurkako eraso gogorragoen ostean ere (Bateragune, Isaias Carrasco…) hizketan jarraituko dutelako. Bada aldea.

Bigarren adierazpenak ez du hainbesteko oihartzunik izan, baina politikoki sakonagoa da. Nafarroako lehendakariak berak egin zuen, duela bi aste, Iruñean gertatutakoari buruz: «Lehen aldiz lurralde honetan hartzen diren akordioak ez ditu ETAk baldintzatu». Era pasiboan jarrita, zera ulertu behar da: PSNk ez dituela orain arte itun politiko naturalak garatu, lehenik borroka armatua indarrean zelako eta gero sortatuko zauriak itxi gabe zirelako. Arga izan da PSOEk behingoz gurutzatu behar zuen Rubikon ibaia, bueltako zubia akaso?

Baliteke, baina momentuz gehiegitxo da hori ondorioztatzea. Araba-Bizkai-Gipuzkoa hirukian frogatu beharko da aro politiko berri hori jada orokortua den ala ez. Bistan da PSEko buruzagi Eneko Anduezari EH Bildurekiko balizko itunak aipatzen zaizkionean, Esparzaren tankeran erantzuten duela, ez Chiviterenean. Eta EAJri dagokionez, ikusteko dugu Imanol Pradalesek ildo propioa markatzen duen EH Bilduren aurreko kanpainako buruz burukoetan, edo Iñigo Urkulluren bide beretik segitzen duen, ETAren mamua bere interesen alde astindu nahian, temati.

Momentuz dakiguna zera da: Nafarroan, eta Estatu mailan ere bai, ageriko eta ezkutuko betoak erortzen hasiak dira. EAEn ez, edo ez hainbeste. Aldea eskuin/eskuin muturrean kokatu nahi dute EAJk zein PSEk. Tesi honen arabera, PPrekin eta UPNrekin, zer esanik ez Voxekin, talka egitea beste aukerarik ez da, baina hauek EAEn garrantzirik gabeko eragileak izanik, EH Bildu baztertzea zilegi da oraindik ere. Baina Urkullu ez bada Esparza, eta Pradales ez bada De Andres (eta ez dira), ez lukete berdin jardun beharko.

Anduezarena oraindik arrotzagoa da, kasu honetan ispiluak bere alderdi berean dituelako. Pedro Sanchezek Mertxe Aizpuruari bostekoa eman badio iritzi publiko espainiarraren beldur izan gabe, Maria Chivitek aurrekontuak EH Bildurekin behin eta berriz adostu baditu, Ramon Alzorrizek Iruñeko Alkatetzan Joseba Asiron nahiago izan badu, PSEko buruak ez du jarrera baztertzaileak oraindik sostengatzeko tarterik. Denboraz kanpo dago, eta nahi den mapa hartuta, (Euskal Herrikoa edo Estatukoa) tokiz kanpo ere bai. •