GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

25 pasadizo


25 urte bete berri ditu GARAk, Garzonen atzaparrek Espainiako Gobernuaren agindupean ‘Egin’ itxi eta denbora laburrera herritar askoren ahaleginari esker zabaldutako komunikabideak. Oso presente daukat ‘Egin’ gris hura -grisak ziren-eta garai haiek-, hainbat azpijoko eta negozio zikin salatu eta gatazkaren ondorio latzak azalera ekartzen zituena gordinean.

Eta, horren barruan, musikari zuzenki lotutako “Bat, bi, hiru…” orrialde kuttunak zein gerora orduko gazteok arduratzen eta motibatzen gintuzten kontuekin erabat asmatu zuen “Gaztegin” gehigarria, horren irakurle fin eta tarte batean kolaboratzaile izan nintzelarik. Gogoan ditut, baita ere, gure herrian ‘Egin’-en berriemaileak izan zirenak, eta haietako gehienekin izandako lankidetza eta elkarlana. Eta ‘Egin’ Irratiko amateur eta profesional artekoek egindako saio gogoangarriak, interesekoak bezain gertukoak -kalekoak- egiten zitzaizkigunak.

Eta, bat-batean, Atutxaren gisako jendilajeak hauspotuta etorri zena. Kolpe latza izan zen euskal gizartearen zati handi batentzat ‘Egin’ egunkaria eta ‘Egin’ Irratia itxi izana.

Zorionez, erreflexu eta sakrifizio ariketa handiarekin ‘Euskadi Información’-ek hartu zituen kioskoak biharamunean eta hurrengo biharamunetan, ezin zirelako informazioa eta elkartasuna eten. Eta gerora etorriko zena…

Proiektu berri honekin lotuta, zeinek-daki-zergatik, erretinan itsatsita daukat informazio proiektu berri honen alde martxan jarri aurretik Anoetako belodromoan egin zen elkartasun jaialdia; eta, bereziki, egun hartan Enrique Morentek eta Lagartija Nick taldeak batera han bertan egin zuten “Omega”-ren emanaldi zirraragarria, musika eta poesiaren esanahiagatik, haien jatorriagatik eta, zer esanik ez, halako cantaor batek halako bidegabekeria salatu eta ekimen berria sostengatzeko izan eta eman zuen adore eta indarragatik.

Une horretan ez nekien urte hartako abenduaren erdian telefono dei bat jaso eta 2000. urteko lehen egunetan GARA egunkaria sortzera zihoan ‘Herriak’ sailean lan egiten hasiko nintzenik. A ze esperientzia! Puntako sukaldariak eta (eta ez hain puntako) rockeroak batzen zituen Donostiako etxe batera bizitzera jo eta proiektu informatibo berri honen erredakzio nagusian barneratu nintzen bete-betean. Behin Gipuzkoako herri guztiak hiru lagunen artean banatuta, zuzendaritzako kide batek aitortu zigun informazioaren lubakiaren beste aldean genuen “El Diario Vasco”-k 90 lagun zituela herrietako sekzioan. Erronka eta ilusioa izanda, ez genuen gehiago behar!

Ezin ahaztu herrietan informazio sareak sortu izana, norbanako eta elkarteek haien sorterriko ekimenen berri ematen genuenean heltzen zitzaigun poztasun eta eskertza, informazioak dakartzan ezuste eta azken ordukoak, edizioaren iluntzeko “zierreak”, argazkilariekin negoziazio gogor baina emankorrak, etxean bezala hartzen gintuen Aratz-eko familia, ganorazko internet gabeko garaietan erredakziora bueltan trenean zirriborratutako asteburuetako kronikak, esku artean izan nuen lehen telefono mugikorra -daturik gabeko adreilua, jakina- eta ‘Herriak’ sailekook zuzendaritzari madarikazioko gailu hori ez erabiltzeko egindako plantoa… Oroitzapen pila bat, eta horien artean bi, oso bereziak, Donostiako erredakzio nagusia mutu utzi zutenak: Fernando Buesaren eta haren bizkartzainaren erailketa eta Felix Iñurrategiren heriotza. •