10 FéV. 2024 Mafalda, oraindik ez Miren AZKARATE BADIOLA Zer gertatuko litzateke Lurra planeta bat-batean geratuko balitz?» Galdera hori lerroburutzat zuen albiste bat irakurri nuen duela egun batzuk eta, hasiera batean kasu zipitzik egin ez nion arren, gutxira albistea berriro bilatzea erabaki nuen. Badakizue, ni ere askotan albisteak mugikorrean irakurtzen, behatza gora eta gora ibiltzen naizen pertsona horietakoa naiz, maiz lerroburua irakurrita hortxe geratzen dena eta hurrengora pasatzen dena apenas denborarik hartu gabe irakurtzeko. Bai, kazetari bezala beti gorroto izan dudan zera hori bihurtu naiz ni ere. Baina, aldi honetan, denbora hartu eta ordu batzuetara albistea goitik behera irakurri nuen. Besterik gabe kuriositate handia sortu zidan galderak, aitortu behar dut inoiz burutik pasa ere egin ez zaidan aukera bat zela hori. Meteorito batek lehertuko zuela gure planeta, edo azken aldian indarra hartu duen munduaren akaberan pentsatu izan dut maiz, hau da, gizakiok suntsituko dugula gure planeta apurka-apurka (edo ez hain poliki), gure bizitokia eta espezieak. Baina mundua geratuz gero -Mafaldak esaten zuen bezala: «Geratu dadila mundua, ni jaitsi egingo naiz-eta»-, denak eta dena airean aterako zenik, niri ezta okurritu ere! Bada, zientifikoen arabera, gerta daitekeen zerbait da. Ez nuke nahi berehala izaterik, bizitza ederra baita eta nire seme-alabak txikiak baitira oraindik, baina aitortu behar dut, norberaren heriotzarekin bezala, azkar eta sufritu gabe bada, aukera hau onenetarikoa iruditzen zaidala. Mafaldari aurka egitea ez dut gustuko, baina, oraingoan, ez dakit ba mundua geratzerik nahi dudan. •