10 FéV. 2024 Zertarako ikusi eta entzun nahi da biktima? Amagoia Mujika Bortxaketa bat jasan zuen pertsona bati entzun berri diot barruan pausatu zaidan gogoeta bat. Bortizkeriaz bortxatu eta jipoitu zuten, eta parke ilun batean abandonatu, segur aski hilda zegoelakoan. Handik bizirik atera zenean, inoiz baino grina handiagoa omen zuen bizitzeko, lagunak besarkatzeko, etxekoekin gozatzeko, paseoan ateratzeko, dantzatzeko... bizitza ospatzeko behar ikaragarria sentitzen omen zuen. Ingurukoek ez zuten asko ulertzen, epaitua ere sentitu zen, bortxaketarena akaso ez zela “hainbesterako” izan pentsatuko zuten askok, “shock” egoeran zegoela beste batzuk... Berak, aldiz, oso garbi zeukan zer gertatzen zitzaion: heriotzaren hatsa hain gertu sumatu zuen, hil egingo zela hain garbi ikusi zuen, non bizitza zukutzeko behar basatia sentitzen baitzuen. Horrela azalduta, erabat arrazoizkoa eta logikoa dirudi. Baina, onar dezagun, normalean biktimak guk espero bezala jokatzen duenean errazago kokatzen gara. «Birrinduta dago, gaizki, nola egongo da, bada? Ni ere halaxe egongo nintzateke». Dena bere tokian. Puzzleko pieza bakoitza bere tokian. Baina pieza bakoitzak non egon behar duen ez da berezkoa, naturala, ikasia da. Eta biktimari zorrotz begiratu behar hori ere ondo ikasia eta barneratua daukagu. Indarkeria matxistaren biktima izan denari nondik eta nola begiratzen diogu? Ba al dugu nahikoa patxada eta adore begietara begiratzeko, esan nahi dituenak entzuteko, isildu nahi dituenak errespetatzeko? Aste honetan Dani Alves futbolariaren kontrako epaiketa hasi da, emakume bat bortxatu izana leporatuta. Biktimaren irudia eta ahotsa garden eta garbi jasotzeko nahiak bazterrak nahastu ditu. Kazetari zenbait haserre agertu dira epaileak biktimaren pribatutasuna zaintzeko hartu dituen neurriak direla eta. Baina, zertarako ikusi eta entzun nahi da biktima? Nahikoa triste dagoela ziurtatzeko? Bere aurpegian lo gutxi egiten duela igartzeko? Behar baino alaiago ez dagoela neurtzeko? Bizitzeko gogo gehiegi ez duela ikusteko? Arazoa ez da biktima, arazoa erasotzailea da. Biktima izateko ez da aparteko gaitasunik behar. Ondo frogatuta dago edozein emakume izan daitekeela indarkeria matxistaren biktima. Bada garaia horrekin konturatzeko eta indarrak behar diren norabidean inbertitzeko. •