17 FéV. 2024 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Negarraldi eder bat baino gauza ederragorik balego Mikel Zubimendi Ez dakit txinpantze ala bonobo garen, baina gizakiok tximino kuriosoak gara oso. Psikologia ebolutiboak, Hollywoodeko zinemak eta lobby gerrazaleek «tximino hiltzailearen paradigma» planteatu izan digute, ar dominanteek gidatzen dituzten txinpantze edo babuinoak adibide, gizakien arteko biolentzia eta horroreak dramatizatu, lagundu edo finantzatzeko. Arren dominazioa eta hiltzeko tirantza naturala berezkoak ditugula esan digute, arbasoengandik jasoak. Bonoboak, aldiz, apasionatuak eta errukiorrak dira, matriarkalak, sexuaren bitartez bakegile, gure lehengusu hippyak. Erabat ezberdina den tximino paradigma planteatzen dute. Ez dakit bonobo edo txinpantze, baina badago gure lehengusuetatik ezberdintzen gaituen zer bat. Begietatik behera tantaka hasten gara zerbaitek min ematen digunean. Atean hatza harrapatzean, katua hil edo EH Bilduk irabaztean, begien kanpoaldean dugun guruin batek proteinaz, urez, mukiez eta grasaz beteriko likido gatzatu bat askatzen duela. Betileetatik behera, aurpegia gorritzeraino, sudurra kongestionatzeraino. Lehen begiratuan, ez dirudi ekintza oso probetxugarria denik. Charles Darwin berak malkook alferrikakoak zirela esan zuen, zeharo inutilak. Euria egin du orduz geroztik. Egun, badakigu malko guztiak ez direla berdinak. Malko emozionalak daude; muturreko emozioetan sortuak, baita barrearekin eta zoriontasunarekin ere. Badaude malko suminduak, kipulari labana sartzean nola sufritzen duen ikustean jariatzen ditugunak, edo begian zerbait sartzean. Negarti egiten gaituzte denak, baina ez dira berdinak. Sarritan, negarraldi eder bat baino gauza ederragorik aurkitzea zail egiten da. Triste gaudenean kontsolatzen gaitu. Gure gorputzaren joera naturala da, mina eta tristura gehiegi larriagotu ez daitezen, ezgaituko gaituzten muturreraino hel ez daitezen. Minetan edo dolu errealean ez gaudenean ere, lasaitu ederra sentitu dezakegu, musikarekin adibidez. Musikari esker posible delako gozo eta gustura negar egitea. Malkoek, erantzun fisiologikoaz gain, beste funtzio printzipal bat dute: seinale bezala eragitea. Sapiens sapiensontzat mezu argi eta zuzena da: «Sokorri! Laguntza behar dut!» Negar egitean hitzak modu berezi batez ahoskatzen ditugu, eztarria tenkatzen zaigu, hots dardaratsu eta zaratatsuak ateratzen ditugu, denboran luzatu edo zotinak eteten dituenak. Negarraren inguruan pentsatzen hasi eta politikan bukatu dut. “Begirada. Herriari. Etorkizunera” saiakera politikoaren aurkezpenaren kronika egunkarian leitzeak zer pentsatua eman dit. Euskal Herria «ez aurrera, ez atzera» dagoela irakurri dut, «anbizio nazionala eta pultsu politikoa galduta», politikagintzak «arima eta pasioa» galdu dituela, eta abar. Ez dakit, baina anbiziorik, pultsurik, arimarik eta pasiorik gabeko herri batek negargura ere ematen du, ezta? Horri buelta emateko hiru bektore proposatu dira: politika ekonomiko berria, ezagutza sistemaren eraldaketa eta autogobernu berria. Zirraragarri dira erronka hauek, malkoak ateratzeraino? Niretzat, programa politikoek ez dituzte pasioak askatzen, hotzak dira, arima eta txispa bakoak, ez dira sute ikaragarri bati begira su-pizteko aproposenak. Hobe, malkoaren ildoan, ideia horri beste buelta bat ematen bazaio. • Programa politikoek zirraragarri dira, malkoak ateratzeraino? Ez dituzte pasioak askatzen, hotzak, arima eta txispa bakoak dira, ez su-pizteko aproposenak