GAUR8 - mila leiho zabalik
PRESOAK ARTISAU

Presoei haiek sortutako miniaturak saltzeko aukera ematen diete Bolivian

Boliviako San Pedro espetxean, kabitzen direnak baino ia hamar aldiz preso gehiago daude. Ordea, badute espetxealdia nolabait arintzen dien zeregina: miniaturak egiten dituzte, senideek La Alasita azokan saldu ditzaten. Horrela, denbora zerbaitetan ematen dute eta familiek diruz laguntzen diete.

Presoek zelda-tailerrean sortzen dituzte miniaturak. (Jorge BERNAL | AFP)

La Pazeko espetxe batean, korridore estu baten amaieran, Julio miniaturazko kamioi baten txasisa moldatzen ari da. Preso dago, eta aske dagoen bere emazteak salgai jarri ditzan egiten ditu miniaturak. La Alasitan, hots, Boliviako artisau azokarik handienean saltzen dituzte, eta horri esker, milaka presok itxialdiaren prekaritatea arintzeko aukera dute.

Julio Mamanik 59 urte ditu, eta burdinazko xaflak kolpatzen ari da bere zelda-tailerrean. Sukalde gisa ere erabiltzen dute gela, eta bertan ematen du eguneko denbora gehiena, beste hiru presorekin batera. «Zazpietatik gaude jaikita, eta hamabiak arte lanean egoten gara, atseden hartzen dugu, eta ondoren beste buelta bat. Egun osoan lan egiten dugu», azaldu dio Mamanik AFP agentziari.

Zelda-tailerrean lanean ari diren lau presoak La Paz hiriko San Pedro espetxean daude. Santa Cruz hirian dagoen Palmasola kartzelaren ondoren, Bolivian gehien gainpopulatutako bigarren presondegia da San Pedro.

Laurogeita hamarreko hamarkadan eraiki zuten 400 pertsonarentzat. Gaur egun, ordea, 3.800 inguru dira San Pedro kartzelan preso dauzkatenak. Mamanik nahiago du espetxera eraman zuen delituari buruz gehiegi ez hitz egin, ez du batere eroso sentiarazten. Badarama urtebete epaitu dezaten itxaroten, nahiz eta legeriak prebentziozko espetxealdia gehienez sei hilabetera arte luzatu daitekeela ezartzen duen.

Bolivian dauden 24.824 presoetatik %34ri baino ez diote zigorra epaiketa batean ezarri, Herriaren Defentsa Erakundeak zabaldutako datuen arabera.

Lau seme-alabaren aita da, eta Mamanik irribarre egiten du, nahiz eta bere egoera kaskarra den, linbo juridikoan dagoelarik.

Boliviako Alasita edo desioen festarako miniatura-autoak eraikitzen ikasi zuen, eta jarduera horretan ematen du denbora orain, kontrolak gainditu ondoren senideek sartzen dituzten esne-latak eta kalamina-xaflak material gisa hartuta.

Urtero-urtero, espetxe-sistemak aukera ematen die milaka presori beren artisau-lanak kartzelaren kanpoaldean saltzeko, Alasita jaia aitzakiatzat hartuta. Haien emazte eta bikoteen bitartez egiten dute kale salmenta, sortzaileak, preso daudela-eta, ezin baitituzte eurek saldu.

Produktu hauek «fede handiz» egiten dituztela azaldu du Mamanik. Halaber, «pozik» agertu da, haiek horrenbeste mimoz kartzela barruan sortutako miniaturak espetxearen mugez harago ateratzen dituztelako, jendeak ikusi eta erosi ditzan.

Salmenta askatasuna behatz puntekin ukitzeko modu bat da preso askorentzat. Izan ere, presoek eurek ez, baina haien eskuek sortutako piezek lortzen dute kartzelako atea urratu eta kalera irtetea, finean, bizitza berri bat izatea.

Oparotasuna erakartzeko

Alasita Gizateriaren Ondare Immateriala da 2017. urteaz geroztik. Daraman izenak aimara hizkuntzan «erosi nazazu» esan nahi du, eta Ekeko gurtzen duen jaia da; hots, oparotasunaren jainko indigena. Beraz, esanahi kultural sakona duen jaia da, ez azoka soil bat.

Urtarrilaren 24an hasten da azoka eta hiru astez luzatzen da. Bertan, denetarik saltzen dute: etxeak, ibilgailuak, dirua, askotariko gailuak... Hori bai, den-dena miniaturazko bertsioan.

San Pedro espetxearen aireko ikuspegia (Jorge BERNAL / AFP)

Miniaturak nahiak proiektatzeko modua dira. Izan ere, tradizioak dioenez, erosleek tamaina txikian eskuratu duten horren tamaina errealeko bertsioak lortuko dituzte, Ekeko jainkoak hala nahi izanez gero. Alegia, miniaturek irudikatzen duten horren egiazko bertsioa erakartzen omen dute.

Azoka Bolivian ez ezik Argentinan ere antolatzen dute. Izan ere, herrialde mugakidean 340.000 boliviar inguru bizi dira. Julio Mamanik ateratako kalkuluen arabera, lehen aldiz Alasita festan parte hartu zuenean 120 miniatura kamioi eraiki zituen, eta beste horrenbeste saldu zituen bikoteak azokan.

Pieza bakoitza 10 eta 30 dolar artean saltzen dute. Beraz, ekarpen ekonomiko polita egiten diete senideei.

David Lujanek ere, Mamanik moduan, nahiago du espetxera eraman zuen delituaren inguruan batere hitzik ez egin. Hala ere, kontatu du hamabi urteko kartzela zigorra duela ezarrita eta, erdia beteta, San Pedro espetxeko tailerrean egiten duela lan.

Preso guztiek ez dute horretarako aukera izaten. Berak, ordea, nolabaiteko zorte ona izan zuen eta postu bat lortu zuen espetxeko hala moduzko tailerrean.

Espazioa eta bertako tresnak baliatzen ditu, batez ere egurrezko motozikleten erreplikak egiteko.

«Oso lanpetuta»

«Kalean aske baina oso lanpetuta banengo bezala sentitzen naiz», adierazi du 29 urteko preso gazteak. Alegia, daukan ogibideak denbora librerik utziko ez balio bezala bizi dela dio, eta preso dagoenaren sentsazioa baretzen diola, nolabait. Alasita azokarako piezak egiteak, gainera, Lujani zein gainontzeko presoei ez die bakarrik denbora pasatzeko modu bat ematen. Lan hau burutzen duten preso gehienek abagunea baliatzen dute familiaren egoera ekonomikoan apur bat laguntzeko, salmentaren bidez lortzen dituzten irabaziei esker.

Izan ere, gehien-gehienek material birziklatua darabilte miniaturak sortzeko eta, horri esker, artisau lanak duen kostua oso baxua da.

Saltzaileak

62 urteko Santusa Quispek senarra zenak kartzelan egindako miniaturak saltzen ditu espetxearen aurrean bertan. Azaldu duenez, senarrak figura horiek egin zituen, harik eta kartzelan zegoela hil zen arte.

Pandemia garaian hil zitzaion bikotekidea, aske geratzeko denbora gutxi falta zitzaiola, Quispek adierazi duenez.

Presoen senideak miniaturak saltzen. (Jorge BERNAL / AFP)

Hala ere, tradizioarekin jarraitzeko erabakia hartu zuen, ezbeharrak bultzatuta.

«Nik auto ereduak pasatzen dizkiet (barruan preso daudenei), urtero auto berriak ateratzen direlako eta hori da argazkietan ematen diedana», adierazi du.

Kartzela zigorra betetakoan kalean lanbide berean jarraitzeko asmoa dauka Lujanek, Alasitak motibatuta: «Artea eta miniatura lanean jorratzea gustatzen zait. Harro nago». Ogibide berria ikasita, etorkizunari itxaropentsu begiratzen diote presoek.