17 FéV. 2024 WILSONEN ARGI-ILUNAK Woodrow Wilson: Gerrako heroia alde batean, segregazioaren arduradun bestean Woodrow Wilson AEBetako 28. lehendakaria izan zen. Bere eskutik, I. Mundu Gerraren amaieran Europako gatazkan sartu ziren estatubatuarrak, eta Polonian eta beste leku batzuetan, independentziarako giltzarri gisa ikusi ohi da. Hegoaldetik zetorren, alabaina, eta berarekin sartu ziren Etxe Zurian garaiko ideiarik arrazistenak. «Woodrow Wilson AEBetako presidenteak pilota jaurti zuen 1916ko beisbol denboraldiaren hasiera egunean. (AEB-ETAKO KONGRESUKO LIBURUTEGIA) Urtzi URRUTIKOETXEA Egunotan 100 urte bete dira Woodrow Wilson Amerikako Estatu Batuetako presidentea hil zela. Nazioartean ezaguna da I. Mundu Gerran izandako rolagatik, Nazioen Liga sortzeagatik, eta autodeterminazio-eskubidearen oinarrietan izan zuen garrantziagatik. Etxean, baina, beste alde izugarri bat ere bazuela gogorarazi dute: arrazismoaren aurka egin beharrean, herrialdean bizi zen segregazioa hauspotu zuen. Bakearen alde eta gerraren aurka nazioarteko foro garrantzitsuak eratzearen garrantzia, inperioen mende zeuden herriek autodeterminazio-eskubidea zeukatela onartzea izan da Woodrow Wilson AEBetako presidenteaz gogorarazi ohi den ondare garrantzitsuenetakoa. Polonian eta Europa erdialdeko beste hainbat herrialdetan modu berezian aipatu ohi da: 1918an AEBetako Kongresuan egindako 14 puntutako hitzaldiak berariaz aipatzen zuen orduko inperioen mende zeuden nazioek beren etorkizunaz erabakitzeko zeukaten eskubidea. I. Mundu Gerraren amaierarako Woodrow Wilsonek aurreikusten zuen mundu-ordena berria zen. Europarako zeukan ikuspegi horrek Bakearen Nobel Saria ekarri zion 1919an Wilsoni; baina, era berean, arrazismo sakonean dauka ifrentzua, presidente zen herrialdera begira ezkutatzen ere saiatzen ez zen supremazismoan. Hala, AEBetan gainditzen ari ziren segregazio-politika batzuetan atzera egin zuen presidente demokratak, funtzionario beltzak kaleratzeraino. Hamalau puntu Bigarren agintaldia hasi eta gutxira, XX. mendea markatuko zuten erabakiak hartu zituen Woodrow Wilsonek: I. Mundu Gerran erabakigarria izan zen hitzaldia egin zuen Washingtoneko kongresuan, funtsean AEBak gatazkan inplikatzea ekarri zuen kongresuan. Hamalau puntutan laburbildu zituen bere printzipioak, eta inperioen mende zeuden herrien autodeterminazio-eskubidearen alde egin zuen. Zehazki aipatu zituen Austria-Hungariako herriak, Errusiaren mendekoak zirenak, eta Poloniaren independentzia bultzatu zuen hamahirugarren puntuan. Ez da harritzekoa, beraz, Poznan hirian Wilsonen omenezko parke bat eta AEBetako presidentearen monumentu bat egotea. Otomandar inperioan Turkiako estatu bat sortzea ere bultzatu zuen, baita armeniarrek beren lurraldea izatea eta kurduek erabakitzeko eskubidea izatea ere. Bidenabar, hamalaugarren puntuak Nazioen Liga sortzearen beharra azpimarratzen zuen. Egia da Ligak ez zuela eragotzi II. Mundu Gerra piztea, baina Nazio Batuen Erakunde bihurtu zen, halaber, nazismoa garaitutakoan. Une historiko zehatz horretan zelan jokatu asmatzeak markatu du Wilsonen irudia hurrengo ehun urteetan. Gerra amaitu, Parisko Konferentzian Europa berrantolatu, Bakearen Nobel Saria jaso eta Nazioen Liga eratu zuen, harik eta 1919ko irailean garuneko isuria izan eta elbarri geratu zen arte. Hurrengo urtean hauteskundeak izanik, Etxe Zuria utzi zuen, eta 1924an hil zen, duela ehun urte. Funtsean, beraz, bizpahiru urteko ekinak famatu du Wilson hurrengo mende guztian. Bai Europan, baita etxean ere, asko dira oraindik Woodrow Wilson omentzen duten lekuak. Washingtoneko Institutu garrantzitsuenetakoak iaz arte izan zuen izen hori. Baina lorpen garrantzitsuekin batera, AEBetako presidente ohiaren arrazismo itsua ere gero eta nabarmenago geratu ohi da, pertsonaia historikoa aztertzerakoan aintzat hartu beharreko ezinbesteko elementu gisa. AEBen ataka historikoa XIX. mendearen amaieratik, AEBek burutu zuten bi ozeanoen arteko hedapen kontinentala Ipar Amerikan. Hurrengo urratsa, itsasoetarantz egin zen: Hawaii konkistatu zuen, eta Espainiari gerra irabazita Karibeko (Kuba, Puerto Rico) eta Pazifikoko (Filipinak, Guam) lurralde garrantzitsuak bereganatu zituen, baita bien arteko lotura bermatu ere, Panama Kolonbiatik bereiztea bultzatuz, eta kanala eraikiz. Testuinguru horretan iritsi zen boterera herrialdeko 28. presidentea. Princeton unibertsitate garrantzitsuko errektorea izana zen, eta AEBetako historian doktoretza-tesi bat egin duen presidente bakarra izan da. 1912ko hauteskundeak irabazita, hurrengo urtean sartu zen Etxe Zurian. Handik urte eta erdira, I. Mundu Gerra piztu zen Sarajevon. Emakumeen botoaren aldeko desfilea New Yorken, 1912ko maiatzaren 4an. (AEB-ETAKO KONGRESUKO LIBURUTEGIA) Presidente berriak etxe barruan jarri zuen arreta, gaur eguneraino iritsi diren aldaketa ekonomikoak ezarriz: errentari buruzko zerga ezarri zuen eta Erreserba Federala sortu zuen. Theodore Rooseveltekin batera hasitako sasoi progresista bizi zuen herrialdeak, langileen eskubideak definitzen, boteretsuen betebeharrak ezartzen edo haurren lanaz aritzen hasi ziren. Oro har mendebaldeko herrialdeetan zeuden mugimenduak ziren, emakumeen botoa aldarrikatzen zuen sufragismoa bezalaxe: zenbait estatuk onartua zeukaten Wilson Etxe Zurira iritsi zenerako, eta gehienek oraindik debekatzen bazuten ere, presioa gero eta handiagoa zen. Era berean, baina, herrialde industrializatuetako joeren aldean bazegoen bat Estatu Batuei zegokiena zehazki: 1865eko Gerra Zibilaren amaierak esklabotzaren amaiera ekarri zuen, eta «Berreraikuntza» garaia hasi zen ofizialki, baina handik gutxira Jim Crow legeek segregazioa instituzionalizatu zuten AEBetako Hegoaldean. Erabateko bazterketa ezarri zen esklabotzatik kanpo, baina boto-eskubiderik gabe erabateko mendekotasunean bizi ziren afro-amerikarrentzat. Ku Klux Klan eta beste talde paramilitar batzuek erabateko zigorgabetasunez ezarri zuten supremazismo zuria. Presidente arrazista Egoera jasangaitz horretan, 1910eko hamarkadan (Woodrow Wilson 1913an sartu zen Etxe Zurira) Migrazio Handia hasi zen. Milioika afro-amerikarrek Hegoaldeko nekazari guneak utzi eta Iparraldeko hiri industrialetarantz jo zuten hurrengo mende erdian. Washington hiriburua herritar beltzen portzentaje handiena zeukan hiria zen (gehiengoa zuria izan zen, hala ere, 1950eko hamarkadara arte), lanpostu federalek erakarrita, afro-amerikar klase ertainaren ernamuina izan zen. AEBetako presidentea, Virginian jaioa eta Georgian hazia, hegoaldetar petoa zen, ustez herrialderako zituen ideia progresistekin batera, sakoneko arrazismoa zekarren, eta supremazismoa bizi-lege naturalena balitz bezala bizi zuen. Hala, 1913an presidente bihurtutakoan, ordura arte egindako urrats askotan atzera egin eta lanpostu federalak segregatzea agindu zuen. Hegoaldean ez bezala, elkarren ondoan lanean gero eta normaltasun handiagoz aritu ziren langileak fisikoki bereiztera behartu zituen, eta hainbat beltz kaleratzea bultzatu zuen. Hori guztia, langileen aldeko agenda bat zekarren bitartean. Zalantzarik gabe, bere garaiaren oinordeko zen Woodrow Wilson, baina garai hartarako ere oso arrazista zen jarrera izan zuen. Gerra Zibiletik Etxe Zurira iritsi zen Hegoaldeko lehen herritarra izan zen, horretarako Iparraldean karrera egin eta Princeton unibertsitateko errektore bihurtu bazen ere (han ere, ikasle beltzak matrikulatzearen aurka egin zuen). Historian doktore, konfederatuen ondorengoen «Kausa Galdua» bere egin zuen “The History of American People” lanean (Estatubatuar herriaren historia); funtsean, Hegoaldeko zuriak zapaltzaile izatetik bere burua mehatxatuta ikustera daraman ideia da, eta beltzak alfer, ezjakin eta primitibo gisa erakusten ditu. Wilson izan zen Etxe Zurian lehen aldiz film bat proiektatu zuen lehen presidentea. Eraikinaren mendebaldeko aldera ekarri zuten arte-mota berrirako proiektore bat, eta DW Griffith-en “The Birth of a Nation” (“Nazio baten jaiotza”) ikusi ahal izan zuten emanaldi pribatuan. Zinemaren historiako lehen film arrakastatsuetakoa da “Nazio baten jaiotza”, eta «Kausa Galdua»-ren dotrina bere egiten du; gaizkile gisa ageri diren afro-amerikarrak aurpegia beltzez margotutako aktore zuriak ziren. Zintaren hasieran, Wilsonen liburuko esaldi bat zetorren: «Gizon zuriak biziraupeneko instintu soil batek piztu zituen [...] azkenean Ku Klux Klan handi bat sortu zen arte, benetako hegoaldeko inperio bat, Hegoaldeko Nazioa babesteko». Film supremazista hori izan zen Etxe Zurian ikusi zen lehena, Woodrow Wilsoni esker. Sufragismoa aurrera Era berean, gero eta indartsuago ziharduen mugimendu sufragistak; kasu honetan, anbiguotasun kalkulatu batekin jokatu zuen Wilsonek. Presidentetzara sartu zenean, protesta sufragista izan zen Washingtonen, baina, oro har, lehen agintaldian auziari ez heltzea lortu zuen Wilsonek. Etxe Zurian hartu zituen behin baino gehiagotan, haien aldarrikapenak entzuten zituen, baina bere agenda propioa zeukan Wilsonek. Are gehiago, New Jerseyko estatuak gaiari buruz bozkatu zuenean, emakumeen botoaren alde bozkatu zuen; hau da, estatu federalek hura legeztatzearen alde egiten zuen, baina Etxe Zuritik jarrera hori herrialde guztira hedatzearen aurka zegoen. Estatuek Washingtonek baino eskumen handiagoak izatea bat zetorren, azken batean, Hegoaldeko biztanle zuri askoren ikuspegiarekin: Iparraldean nahi zutena egin zezatela, Hegoaldean segregazioan sakondu ahal zuten bitartean. Azken batean, beltz gehienei botoa ukatzen zitzaien Hegoaldean. David Lloyd George «premier» britainiarra, Vittorio Emanuele Orlando lehen ministro italiarra, Georges Clemenceau lehen ministro frantziarra eta Woodrow Wilson presidente estatubatuarra, Parisko Bake Konferentzian 1919ko maiatzaren 27an, Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren. (U.S. SIGNAL CORPS PHOTO COLLECTION) Sufragistekiko aldebiko jarrera hori bete-betean lehertu zitzaion, bigarrenez hauteskundeak irabazi eta agintaldi berriari ekin zionean. Kargua hartzeko egunean bertan, zortzi mila sufragistak deitutako martxa izan zen Washingtonen. Protesta hura mugagabea bihurtu zen, gau eta egun zeuden. 1917ko martxoan, atxiloketak hasi ziren, dozenaka sufragista espetxeratu zituzten. Kartzelan, gose-grebak egin zituzten, behartuta elikatu zituzten, egoera gero eta gogorragoa bihurtu zen. Bitartean, Europako gerra ere ate-joka zeukaten Estatu Batuetan, eta horretan emakumeen ekarpena ezinbestekoa izan zen. Azkenean, 1918ko urtarrilean, Kongresuaren aurrean hitza hartu zuen Woodrow Wilsonek, eta 14 puntutako zerrenda ezaguna mahai gainean jarri zuen. Orduantxe etorri zen emakumeen botoari buruzko aldaketa ere. Beste urtebete joan behar izan zen AEBetako kongresuan 19. Emendakina onartzeko behar beste boto egon zitezen. I. Mundu Gerra amaitua zen, Wilson Europara zihoan Parisko Konferentzian parte hartzera, eta segidan Bakearen Nobel Saria eman zioten. Handik gutxira garuneko isuria izan zuen, ordea. Emakumeen botoa onartzen zuen emendakina 1920an sartu zen indarrean. Wilson presidentetza uztear zen, eta lau urte beranduago hil zen. Washingtoneko katedralean ehortzi zuten, egun ere AEBetako hiriburuan hilobiratutako presidente bakarra da, Arlingtoneko hilerri ezaguna Potomac ibaiaren beste aldean baitago, Virginiako lurretan. Gerra amaitu, Parisko Konferentzian Europa berrantolatu, Bakearen Nobel Saria jaso eta Nazioen Liga eratu zuen, harik eta 1919ko irailean elbarri geratu zen arte Hegoaldetar petoa zen, ustez herrialderako zituen ideia progresistekin batera, sakoneko arrazismoa zekarren, eta supremazismoa bizi-lege naturalena balitz bezala bizi zuen Gero eta indartsuago ziharduen mugimendu sufragistak, baina anbiguotasun kalkulatu batekin jokatu zuen Wilsonek. Lehen agintaldian auziari ez heltzea lortu zuen Emakumeen botoa onartzen zuen emendakina 1920an sartu zen indarrean. Woodrow Wilson presidentetza uztear zen, eta lau urte beranduago hil zen