GAUR8 - mila leiho zabalik
ROBOTAK PSIKOLOGO

Adimen artifizialean oinarritutako psikologia aplikazioek arrakasta izan dute

Psikologia arloarekin zerikusia duten adimen artifizialeko elkarrizketa robotek sekulako arrakasta izan dute azkenaldian. Joera horrek kezka eta harridura sortzen du lehen kolpean, pertsonen eremu intimoarekin oso lotuta dagoelako, baina adituek diotenez, bere alde ona ere izan dezake erabilera egokia egiten bada.

Psikologia arloarekin zerikusia duten adimen artifizialeko elkarrizketa robotek sekulako arrakasta izan dute azkenaldian. (GETTY)

Robot batengana joko al zenuke laguntza psikologikoa lortzeko? Psikologiak adimen artifiziala erabil al dezake bere eraginkortasuna areagotzeko? Bistan da adimen artifizialean oinarritutako aplikazioak gero eta gehiago daudela gure egunerokoan. ChatGPTk 180,5 milioi erabiltzaile zituen 2023ko abenduan. Baina jendeak agian ez du jakingo gaur egungo elkarrizketa-robot erabilienetako bat CharacterAI plataforma entzutetsuko Psychologist izenekoa dela: BBCk zabaldutako datuen arabera, joan den azaroan bakarrik 18 milioi mezu jaso zituen. Hori bakarrik ez, plataforman beste 475 robot ere badira izenean "terapia", "terapeuta", "psikiatra" edo "psikologoa" aipatzen dituztenak. Horrek erakusten du gero eta joera handiagoa dagoela adimen artifizialera jotzeko laguntza psikologiko bila.

Adituak ez dira harritzen errealitate horrekin. «Adimen artifizialak (AA) denbora asko darama gure artean, baina azkenaldian hazkunde esponentziala izan du, ospea irabazi du eta gure eguneroko bizitzako esparru guztietan sartu da», dio Ruben Nieto Lunak, Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako katedradunak. «Horregatik, beste teknologia batzuekin gertatu den bezala, hala nola aplikazio mugikorrekin edo errealitate birtualarekin, normala da AAk psikologian zeregin bat izatea. Nire ikuspuntutik, ondo erabiltzen bada, tresna handia izan daiteke».

Izan ere, Pablo Vallejo Medina UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako irakasle kolaboratzaileak gogoratzen duen bezala, Joseph Weizenbaum Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT) irakasleak 1966an sortu zuen historiako lehen elkarrizketa-robotetako bat, “Eliza” izenekoa. Elkarrizketa bat izateko gai zen lehen programetako bat zen, eta Carl Rogers psikologoaren psikoterapia-metodoan oinarritzen zen.

Erabilera posibleak

Mireia Cabero UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako irakaslearen ustez, AA tresna erabilgarria izan daiteke psikologian, «ebaluazio jarraituarekin, bere diagnostikoan fidagarritasuna, egokitasuna eta gaitasun analitikoa bermatu baitezake». «Laguntza psikologiko eta psikoterapeutikoaren eskaera gero eta handiagoa da, eskuak falta zaizkigu», gaineratu du.

Horrregatik, teknologia horren erabilera posibleen artean, adituak sistema publikorako baliagarriak izan daitezkeenak nabarmentzen ditu, «gainezka baitago eta hilabetez hilabete bisitak eskaintzen baititu». «Baliagarria izan liteke kasuen larritasuna zehazteko orduan lehen baheketa bat egiteko, bai eta psikiatriara edo larrialdietan laguntzeko unitateetara (suizidioa edo gazteen nahaste larriak prebenitzeko) bideratzeko baheketa bat egiteko ere».

Gainera, bakardadearekin larriagotzen diren prozesuetan eguneroko laguntza emateko ere erabil daiteke. Era berean, mesede egin dezake «familia-, aditu- edo adeitasun-ahots moduan, min emozionaleko prozesuak gainditzeko prozesuan dauden pertsonen kasuan: dolua, aldaketa garrantzitsuak, traumaren bat gainditzea...».

Ruben Nietok beste funtzionalitate posible batzuk gehitu ditu, psikologiako profesionalei informazioa bilatzen laguntzea, esaterako. «Gaur egun, nortasuna ebaluatzeko tresna klasikoek ChatGPTren nortasuna baloratzeko balio dezaketen galdetzen ari gara. Zenbait galdera argitu nahi ditugu, hala nola ChatGPT barnerakoia den ala ez, nortasuna erakusten duen, edo egonkorra den, erabiltzen dugun hizkuntza eta manipulatu ditzakegun beste parametro batzuk kontuan hartu gabe (adibidez, galderen ordena)», azaldu du.

Adituaren arabera, ikerketa horiek interesgarriak dira sistema ezaugarri psikologikoak erakusteko programatuta dagoen ikusteko. Gainera, ChatGPT bezalako sistemak konfiguratu daitezke nortasun profil desberdinak simulatzeko, «eta ikusi nahi dugu sistema zenbateraino den gai hori modu zehatzean egiteko».

Izan ere, Mireia Caberoren arabera, adimen artifiziala oso baliagarria izan daiteke emozioak esploratzeko. «Ez litzateke zaila izan behar algoritmoak sortzea, hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioko erantzun jakin batzuen aurrean, galdera egokiak egiteko eta hausnarketan laguntzeko».

Nietok gogoratzen duen bezala, aspalditik egin dira pertsonei laguntzeko terapeuta birtualak sortzeko ikerketak. Hau da, pertsonei beren esperientziez galdetzeko, aztertzeko eta haiekin hitz egiteko sistemak sor daitezke. «Nekez ordeztu ahal izango dituzte erabat profesional baten zereginak, baina seguru asko zeregin zehatzetan lagundu ahal izango diete, edo une jakin batzuetan lagungarri izan daitezke. Adibidez, trauma osteko estresak eragindako nahasmendua duten gerrako beteranoei deserosoa gerta dakieke terapia psikologiko bat hastea, baina agian sarrera hori erraztu egin daiteke terapeuta birtual batekin kontaktua hasten bada», azaldu du adituak.

Fibromialgia duten pertsonei laguntzeko aplikazio bat sortzen ari direla ere gaineratu du. «Haien iritziak entzunda, parte-hartzaile talde batek esan zigun baliagarria izan zitekeela espazio birtual bat izatea beren emozioak epaituak izan gabe adierazteko eta ulertuak sentitzeko. Agian espazio birtual horretan AArekin programatutako abatar bat oso erabilgarria izan liteke».

Mugak

Adituentzat onuragarriak izan daitezkeen arren, psikologian AA aplikatzeak mugak ere baditu. Izan ere, oraindik ez dute ziurtatu «emozionalki eta sakonki konektatzeko, enpatia izateko, lerro artean irakurtzeko eta intuizioa erabiltzeko gaitasuna duenik». «Ezaugarri horiek oso gizatiarrak dira, eta azken biak pertsonekin egindako orduen pilaketaren eta irizpide psikoterapeutiko bat garatu izanaren emaitza dira», adierazi du Mireia Caberok.

Pablo Vallejok, bere aldetik, nabarmendu du adimen artifizialak aspaldi gainditu zuela giza adimenaren imitazio huts izatearen langa, baina oraindik ez dela deep learning-era iritsi. «AA maila hori da independenteena: AAk berak erabakitzen du zein aldagai hartu kontuan entrenatzeko. Une honetan tarteko mailan finkatuta gaude: machine learning. Algoritmoak ikasteko gai dira, imitatzeaz gain kasu askotan gainditu egiten gaituzte, baina gizakiok esaten diegu nola entrenatu. Hau da, oraindik rol aktiboa dugu AAren diseinuan eta, neurri batean, prozesuaren ulermenean».