GAUR8 - mila leiho zabalik
INDIGENAK ETA OSKARRA

Irabazi ez arren, Gladstonentzat aktore onenaren izendapena erronka izan da

AEBetako komunitate indigena guztia adi-adi egon da, lehen aldiz haietako batek aktore onenaren Oscar saria irabazteko esperoan. Ez da halakorik gertatu, eta batek baino gehiagok haserrea adierazi du. Argi dagoena da, baina, Lily Gladstonek historia egin duela Martin Scorseseren ‘Killers of the Flower Moon’ filmean egindako antzezpenarekin. Berak irekitako atea beste askorentzako inspirazio izango da.

Lily Gladstone aktore indigena Los Angelesen, Hollywoodeko galaren sarreran, alfonbra gorrian. (Frederic J. BROWN | AFP)

Zirrara eta ilusioa izan dira nagusi azken asteotan «indiar herrialdean», Kanadako mugatik Mexikora bitartean banatutako ehunka herri eta erreserba indigenatan. Bi txokotan bereziki: Montana estatuko Blackfeet erreserban eta Oklahomako Osage herrian. Lehenean du jatorria Lily Gladstone aktoreak, haren lanak zeukan izendapen ezagunena. “Killers of the Flower Moon” filma, baina, Osage herriari buruzkoa da.

Pelikulak zituen izendapenenetatik bi natibo estatubatuarrenak ziren: Gladstoneren lanaz gain, Scott George Osageko musikariaren Wahzhazhe (“A Song For My People”, kantu bat nire herriarentzat) kanta ere abesti original onenaren saria jasotzeko hautagaia zen. Azkenean, bietako batek ere ez zuten eskuratu Oscarra, Emma Stone (“Poor Things”) eta Barbie filmeko Billie Eilishen “What was I Made For” kantua izan baitziren sarituak. Uneko etsipenarekin batera, baina, egindako ibilbidearen aitortza geratu da, eta aurrerantzean egin beharrekoaren kontzientzia.

«Agian emakumezko aktore natibo baten lehen izendapena zelako. Agian haren aukeren aurrean kritikarien baikortasunagatik. Agian natiboak ia mende batez egon direlako arnasari eusten, Hollywoodek ikus gaitzan. Agian bere herriaren itxaropenak adierazteko Lily Gladstoneren dotoretasuna eta grazia izan ziren soilki» dio Kevin Abourezk “Indian Country Today” kazetako zuzendariordeak.

«Edozein dela arrazoia, indigenei kosta egin zitzaien ulertzea nola galdu zuen Gladstonek emakumezko aktore onenaren Oscar saria Emma Stoneren aurrean», gehitu du.

Urtarrilean, Lily Gladstone Oscar sarietarako izendapenen artean agertu zenean, erabateko poza ekarri zuen AEBetako indigenen artera. «Izendapen horrek erabateko aldaketa dakar Hollywooden. Hainbat hamarkadatan, entretenimenduaren industriak estereotipo kaltegarriak betikotu ditu eta herri indigenak ezabatzen lagundu du. Pozez hartzen dugu aro berri hau; natiboen talentua eta komunitate indigenak industriaren alderdi guztietan sartuta daude, egile-boterea dute eta geure narrazioak osatzen dituzte», zekarren Illuminative portale indigenak.

Sariak eta hizkuntza

Bazuten itxaropenerako motiborik indigenek. Lily Gladstonek muga asko hautsi ditu Oscarretara bidean. Sari ugari izan ditu, horietako garrantzitsuena ziur aski Urrezko Globoetan irabazitakoa da. Orduan egindako hitzaldia betiko geratu zaie iltzatuta indigenei, eta behin eta berriz banatu dute sare sozialetan. «Kaixo, lagunok. Piitaki (Arrano Andre) dut izena. Siksikaitsitapi-a (oinbeltza, herri indigena) naiz», esan zuen aktoreak Urrezko Globoa jasotzean, eta hasperen egin zuen entzuleen txalo eta oihuen artean hunkituta. «Maite zaituztet» Hamar hitz inguruko aurkezpen xumea izan zen bere hizkuntzan, bere herriaren hizkuntzan, siksikaz (blackfoot edo oinbeltz). Cheyenne eta arapaho hizkuntzen ahaidea da siksika.

Pawhuska herriko eskola, Osage Nazioaren Erreserban, Oklahoman, bertako hizkuntza eta alfabetoa agerian dituela. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Heather Bliss siksika hizkuntzaren ikertzaileak dioenez, Lily Gladstoneren hasierako hitzak «ohiko agur estandarra» izan ziren, jende multzo baten aurrean errespetuz esan ohi diren tradiziozko berbak. «Baina, era berean, asko hunkitu zuen jendea. Erraz irudikatu litezke oinbeltz gazteak hari begira, pentsatzen, «hara, nire hizkuntzak ere badu lekurik zure kulturan», eta oso testuinguru garrantzitsuan izan zen. Azken batean, «hizkuntzaren eremuak zabaltzea da kontua, ezta? Ez dugu nahi hizkuntzak ikasgelan soilik ikastea, ikasgelan soilik bizitzea. Hizkuntzak kanpoan, mundu zabalean bizitzea nahi dugu, eta hau horren adibide bikaina da».

Marci Burd siksika edo oinbeltz hizkuntzaren irakaslea da Lehen Hezkuntzan. «Zur eta lur geratu ziren (Gladstone Urrezko Globoetan haien hizkuntzan entzutean), baina zeinen harro. Distira egiten zigun harrotasunak», gogorarazten du hunkituta. Ingelesez jarraitu zuen Gladstonek. «Pixka bat mintzatu naiz oinbeltz hizkuntzan; komunitate eder horretan hazi nintzen, haiek bultzatu ninduten honetan jarraitzera, hau egitera. Amarekin etorri naiz, oinbeltza izan ez arren, jo eta su aritu zen lanean hizkuntza gure eskolan sar zedin, hala izan nuen oinbeltz hizkuntzako irakasle bat. Esker onekoa naiz nire hizkuntzan zertxobait badakidalako, ondo hitz egin ez arren».

Izan ere, zineman oso bestela jokatu izan da, aktoreak argitu bezala: «Aktore indigenek ingelesez filmatu ohi zuten, eta gero soinu teknikariek txertatzen zuten hizkuntza». Gladstonek, aldiz, lau hilabeteko lanketa egin zuen osageeraz trebatzeko. «Platotik atera nintzenerako, osageeraz nire esaldiak eraikitzen hasia nintzen» Kontraesana ere sentitu zuen: «Oinbeltz hizkuntzan dakidana baino gehiago da, nahiz eta hizkuntza horren zatiak entzuten hazi nintzen».

Gladstonek esker onekin jarraitu zuen, Martin Scorsese, Robert de Niro eta Leonardo Di Capriorekin hasi, eta Osage herri guztiari segidan. «Sari hau erreserbetako haur bakoitzarentzat da, hirietako haur bakoitzarentzat, hortik zehar dabilen eta ametsen bat daukan haur natibo bakoitzarentzat, bere burua gure istorioetan, gure hitzetan ordezkatuta ikusten duen bakoitzarentzat, aliatu itzelekin eta konfiantza itzelarekin». esan zuen, Urrezko Globoetako galan.

Aro berri bat

Denak zirudien prest Oscarretako garaipen handi bihurtzeko. Marci Burden ikasle baten argazkia biral bihurtu da; joan den igandean, pijama jantzita, bizkarrez ageri da argazkian, aurrez aurre telebistan Lily Gladstone ageri dela Oscarretako galan. Baina ez zen hala izan. Emma Stone bera zuzendu zitzaion Gladstoneri, saria eskutan, «harrituta» zegoela esanez. «Zurekin banatzen dut hau. Txundituta nago zurekin. Ohore izugarria izan da hau guztia zurekin egitea. Espero dut gehiago ere egitea elkarrekin», amaitu zuen.

Braxton Redeagle, Osage Hizkuntzaren Bulegoko arduraduna eta hizkuntza-aholkularia, "Killers of the Flower Moon" filmean. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Indigenen artean, baina, askok ez zuten etsipena ezkutatu, batzuek ezta haserrea ere. «Nola esaten da, ‘lapurtu didate’ oinbeltzeraz?», galdetu zuen Dallas Goldtooth aktore eta 1491 kolektiboko kideak; talde horren eskutik etorri dira ikuspegi indigenatik sorturiko azken harribitxietako zenbait, “Reservation Dogs” telesail bikaina, kasu.

Beste batzuek, ordea, iragarria zuten Gladstonek, antzezpen bikaina eginda ere “Killers of the Flower Moon” filmean, oztopo bat zeukala saria lortzeko: hiru orduko filmean ordubete baino gutxiago ageri da -Leonardo di Caprioren erdia, adibidez- eta pelikularen azken herenean oso gutxitan ikusten da. Horregatik, indigenen istorioak indigenek eurek kontatzea eskatzen dute.

Berez, gehienek aitortzen diote Martin Scorseseri Osage herriarekiko begirunea, AEBetako natiboek oro har. Zuzendariak bestelako istorioa zeukan buruan hasiera batean, FBI polizia federalaren sorrerari buruzko kontakizuna egin nahi zuen. Hari buruz ikertzen ari zela, baina, ikusi zuen segurtasun agentziaren sorrera bultzatu zuena Oklahoman duela mende bat gertatutako hilketa saila izan zela.

AEBetako Gobernuak behin baino gehiagotan lekuz aldarazitako herriak estatuaren iparraldean zeukan erreserba. Behinola inork nahi ez zuen txokoa izatetik, petrolioa barra-barra zerion eskualde bihurtu zen, ordea.

Asko aberastu ziren, baina urre beltzaren atzetik iritsi ziren lurrak eta negozioa kentzeko argitu gabeko hilketak ere. Iruzur eta krimenaren bidez osageen lurrak bereganatu zituen istorioarekin topo egin zuenean, haien ondorengoekin elkarlanean egin beharreko filma ikusi zuen Scorsesek.

Besteak beste, 1920an bizirik zegoen hizkuntza hura, bertara joandako zuri batzuek ere ikasi zuten hizkuntza, hiztunik gabe geratu delako. XXI. mendearen hasieran hil zen jatorrizko azken hiztuna. Zorionez, ordurako bilaketa eta biltegiratze-lanak eginda zituzten, eta uneotan Osage Hizkuntzaren Sailak hainbat ikastaro ditu, oraindik hiztun-komunitate berririk eratu ez bada ere.

Osageak

Oklahoma iparraldeko Pawhuska da Osage erreserbako herri nagusia. Bertako kasinoa jendez bete zen Oscarretako gala ikusteko igandean.

Hamar izendapen zituen Martin Scorsesek zuzendutako “Killers of the Flower Moon” filmak eta, era batera, gaueko galtzailea izan zen, ez baitzuen estatuatxo bakar bat ere irabazi. Hautagai zeneko kategoria bakoitzean etsipen hots bat irten zen kasinoko mahaietatik. Baina izan zen une gogoangarririk: galaren sarreran, inoiz baino aktore, jantzi eta kolore indigena gehiago agertu ziren, eta emanaldian bertan zuzenean jo zuten Wahzhazhe kantu txundigarria. Hautagaien artean zegoen, baina atal horretan ere ez zuten lortu saria.

Pawhuska ekialdean dago kasinoa, herriaren irteeran. Bertako kaleetan ibilita, kale-izenak ele bitan ageri dira, ingelesez alde batetik eta idazkera ulertzerik ez dugun osageeraz, bestetik. Autoz bost minutura, Osage herriaren museoaren muinotik jaitsita, Osage Hizkuntzaren bulegoa dago. Braxton Redeagle da bertako zuzendaria. 2005ean galdu zuen jatorrizko azken hiztuna osageerak. Osage nazioan ehun urte lehenago AEBetako Gobernuak abiarazitako asimilazio politika basatien ondorioa zen (beste herri askotan XIX. mendean hasi ziren barnetegiekin); hamarkadatan, Osage eta beste herrietako haurrak barnetegi-eskoletara eramaten zituzten, ingelesa inposatuz eta hizkuntza indigenak zigortuz.

Indigenen margolan bat paretean (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Hala, Martin Scorsesek pantailara eraman du egun kalean erabiltzen ez den hizkuntza bat. Readeaglek Gaur8-ri kontatu dio prozesua: «Hizkuntzaren zati bat eraiki behar izan dugu, erabateko elkarrizketak dauden lekuan, edo jendea aurrera eta atzera emozioz beteta berbetan dabilenerako, edo umorea erabiltzen dutenerako». Filmatzen amaitu eta gero ere, postprodukzioan zuzenketa lanak egin zituen hizkuntzarekin.

Tribuarekin elkarlanean

Elkarlana hizkuntzatik haratago joan zen, tribuaren erakunde nagusiekin adostu baitzuen filma zuzendariak, istorioa haien kontakizun eta ikuspegitik lantzeko. Asko dira pantaila aurrean lan egin duten osage herritarrak, eta atzean ere ez dira gutxi izan.

Erabateko hiztunik izan ez arren, Redeaglek ez du uste hizkuntza hildakotzat har daitekeenik. Besteak beste, hizkuntzaren ezaguera on samarra duten dozena eta erdi lagun daudelako orain bertan. Areago, filmaz haratago azken urteotan egindako lanketak eta emandako ikastaroek fruituak ematen ari direla diosku. «Hizkuntza biziarazi behar duzu, murgilketako testuinguruan hizkuntza bizia izan dadin». Ahoz erabili ez arren, sare sozialetan gazte askok dakiten osageera apurra darabiltela dio, esaterako. Oraindik jatorrizko hiztunen bat geratzen zaien baina lanketa komunitariorik egin ez duten herriak baino hobeto daudela uste du. Eta filma akuilua izan da. «Oso garai berezia eta pribilegiatua da gure herriarentzat eta hizkuntzarentzat. Ireki zaizkigun aukeretako asko aspaldi ez ditugu izan, agian egundo ere ez».

Lily Gladstone bat dator osage lagunen esperientziarekin: «Zeinen inspiragarria den jende hau guztia hizkuntza hau gordetzeko eta biziberritzeko lanean ikustea».