16 MAR. 2024 «Hasieratik ikusi dut txapelketa oso fuerte, bai publiko aldetik, bai bertsolarien aldetik» Aramaion sortu zen, 1982an. Arabako Bertsolari Txapelketak 40 urte bete baditu, Manex Agirrek ibilbide erdia egin du, 20 urte. 2011ko eta 2015eko txapelduna da. Zein sentsazio dituzu finalaren atarian? Oraindik ez dut asko pentsatu horretan. Euskara teknikaria naiz, eta Korrikarekin nahiko lanpetuta gabiltza. Baina ez da aitzakia. Joango naiz finalaz jabetzen. Gainera, azkeneko finaletako ohitura dugu bertsolariok elkarrekin afaltzea, eta gaur daukagu [Astelehenean]. Arabako bertso mundua holakoa da, trinkoa, harreman estuak dauzkagu, eta afaria egiteko ideia oso naturala izan da. Egon, ze asmo ditugun esan, lasaitu. Zer balorazio egiten duzu orain arteko txapelketaz eta zure bideaz? Urtarrilean hasi zen txapelketa, eta hasieratik ikusi dut oso fuerte, bai publiko aldetik, bai bertsolarien prestakuntza eta motibazio aldetik. Igoera progresiboa izan da beste urte batzuetan; aurten, ordea, hasieratik izan da horrela: aretoak bete dira, eta bertsolariak oso prestatuta etorri dira. Hain baldintza onekin, saio batzuk gorabeheratsu samarrak izan dira, baina txapelketa halakoa da eta orokorrean oso pozik. Pertsonalki, dezente lehenago hasten da, bertso eskolan elkartzen hasten garenean, Aramaion urri inguruan. Tentsioa ez da berdina, baina luze ere egin liteke, eta finala ailegatzeko gogoz nago. Final laurdenetan ez nintzen oso pozik sentitu; finalerdietan, berriz, oso pozik geratu nintzen. Beraz, bietatik daukat [barrez]. Zalantzekin hasi nuen txapelketa, ea zer etorriko zen, eta eroso aurkitu naiz. Finalean bazaudete beteranoak, gazteak, berririk ez. Ez dago finalista berririk eta nahiko buelta ematen nabil gai horri. Finalera zoaz zure barne munduarekin, baina beste hainbeste balio du zure bertsokideak zeintzuk diren ikusteak, zer talde osatzen den. Sorpresa izan da niretzat Asier Otamendi berriro sartzea; oso sendo ikusi dut, beteranoena bera da. Eten bat eduki zuen, gurekin dago berriro, eta poztekoa da. Beste sorpresa batzuk ere izan dira: Xabi Igoa ez pasatzea izan da tristeena niretzat. Aroa Arrizubietak ez zuen parte hartu aurreko txapelketan, baina duela bi edizio finalean izan zen eta berriz gurekin dugu. Finalari bat-bateko berrikuntza bat eskatzen diogu, finalista berriak egotea bertsolaritza mugimenduaren osasunaren erakusletzat hartzen dugu, eta ez dut dudarik horrekin. Maddi Agirre, Unai Anda, aukera moduan ikusten nituen eta hor ez egoteak pena handia ematen dit, baina, bestalde, beti berria izateko ideiarekin obsesionatzen garela uste dut. Aldaketak martxan daude, belaunaldi aldaketak hor daude, eta txapelketan bakarrik ez, plazetan ere ikusten da. Sartu garenak merezimendu osoz sartu gara, ondo kantatu dugu. Final ugaritan kantatua zara. Zein helbururekin joango zara oraingoan? Ez da erantzuteko erraza. Ibilbide bat dago hor: Arabako Txapelketak 40 urte baditu, nik erdia egin dut, 20 urte, eta gurako nuke horrek niri mesede egitea. Kontrara ere etorri liteke. Oso ondo ezagutzen dugu finala, nahiz eta jakin beti berria eta aldakorra dela. “Enkasillatzeko” arriskua ere egon liteke, baina esperientzia zerbaiterako da. Azkenaldian bertso eskolan oso ondo sentitzen naiz. Bertso eskolako sentsazio hori oholtzara eramatea gustatuko litzaidake. Nola zabiltza plaza aldetik? Ez ditut plaza asko egiten, baina egiten ditudanetan gustura nabil. Urte batzuk honetan daramatzagunontzat ez dira bakarrik norberak emateko lekuak, besteekin egoteko eta batez ere gazteagoekin disfrutatzeko lekuak dira. Hori da gehien mugitzen nauena. Nola ikusten duzu Arabako bertsolaritzaren mugimendua? Zein erronka ditu? Ez dago geldirik, eta baditu norabide batzuk. Ez du salto kualitatibo handirik eman azken urteetan, baina ez dut uste hori seinale txarra denik; kristoren bizitasuna dago, ikusten ez den lan piloa. Saio kopuru majoa dugu lurralde osoan banatuta, eta horren atzeko lana da ekosistemaren ardatza. Lehen ez bezala, jendeak bertsolariak ikusten ditu programa kulturaletan eta konturatzen da zer daukan horrek atzean. Hori garaipen handia da. Erronkak? Sinistu behar dugu hori dela bidea, ez dugu zertan gauzak goitik behera aldatzen edo ezustekoak ematen ibili; benetan balio duena hori da. Txapelketa hau bada horren seinale: aretoak hasieratik bete dira, presente egon da hedabideetan, bertsozaleak mugitzeko gaitasuna izan du. Erreferentzia bat da lurraldean, aurtengoa bereziki.