13 AVR. 2024 KALIFATOAK BAHITUTAKO UMEAK Hamar milaka preso jihadista Siriako kurduen ardurapean, erdiak umeak Estatu Islamikoaren gainbeheran bost urte bete berri direla, hamar milaka preso daude oraindik Siriako kurduen ardurapean. Atzerritik iritsitakoak dira asko, eta umeak baino ez, kopuru osoaren erdia baino gehiago. Euren gobernuek entzungor egiten diete aberriratzeko eskaerei, eta kurduek horren arriskuaz ohartarazi dute. 30.000 umetik gora daude Rojavako presondegi-kanpalekuetan. (Jewan ABDI) Jewan ABDI Rozena, 31 urte, Guyanakoa. 2015ean Turkiara joan zen. Errefuxiatu siriarrez arduratzen zen GKE batekin bat egiteko asmoz. Hala dio beti, ez du beste azalpenik ematen bere Estatu Islamikoarekiko lotura argitzeko. Lau urte egin zituen kalifatoan, 2019an kurduek jihadisten mendeko azken herria askatu zuten arte. Rozenak Roj presondegi-kanpalekuan igaro ditu azken bost urteak. Siria ipar ekialdean dago, Rojavan. 3.000 daude bertan preso, EIren ondorengoak denak. Atzean, historiaren bazterbidean gelditu da talde jihadistaren sasi estatu hura. 2015. urtearen amaieran, 12 milioi pertsona inguru bizi ziren bertan, muturreko lege islamikoaren pean. Luze jo zuen gerrak, eta, 2019ko udaberrian, kurduek -EEBBren babesaz- Baghouz izeneko azken herria setiatu zuten. EIren buruzagi nagusiek ihes egitea lortu zuten ordurako; Rozenak eta bere bi seme-alabek, ordea, ez zeukaten inora joaterik. Alanbrez jositako plastiko eta kartoizko txabola da Rozenarena ere. Bertan, izkina batean, jostailuak eta liburu batzuk dituzte bere bost eta zazpi urteko umeek. «Haurtzaro petrala da beraiena», dio amak. «Oinarrizkoena ere falta zaie: eskola bat ez ezik, aire freskoa, ur garbia… dena». Egia da, batzuek kanpalekutik ihes egitea lortu omen dute. Rozenak dio 15.000 dolar ordaindu behar direla, «eskupekoa barne», baina Roj-en gutxik daukate horrelako kantitaterik. «Nire bi seme-alabekin irteteko dudan aukera bakarra aberriratua izatea da», gogoratu du presoak. Baina Guyana da orain arte bere herritarrak aberriratzeari uko egiten dion herrialdeetako bat. Rozenak dio «era guztietara» saiatu dela bere gobernuaren ateak jotzen, baina ez dela erreakziorik izan. «Nire seme-alabak ez dira mehatxu bat, ezta ni ere», azpimarratu du. Bere umeak kanpalekuan erradikalizatzea du beldur handienetako bat. «Hemengo jendearen erdia EIren ideologia erradikalari atxiki zaio egun ere. Nire seme-alabak ahal dudan ondoen hazi ditzaket, baina haiek beste gauza batzuk ikasiko dituzte beste haurrekin jolastean», beldur da gatibua. Erradikalizazioa Rojavan Siriako zenbait herritar Estatu Islamikoarekin ustezko loturengatik epaitu dituzten arren, Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak (SIEAA) ez du nazioarteko onarpenik, beraz, ezin ditu atzerriko herritarrak auzipetu. SIEAAren datuen arabera, EIrekin inoiz loturarik izan duten familietako 31.000 haur baino gehiago daude kurduen zaintzapean. Ezkontza behartuak edo bortxaketak tarteko jaio dira asko. Gehienak Al Hol kanpamentuan daude. Oso gune zabala da, basamortu erdian plastiko eta kartoien laku erraldoi baten erakoa. Bertan, neguko euri etengabeek eta udako eguzki kiskalgarriak astindutako milaka kanpadenda inprobisatu daude. GAUR8k Al Hol-eko kanpalekuko zuzendari Jihan Hanan-ekin hitz egin du. Emakume kurduak dioenez, 50 nazionalitate ezberdinetako 50.000 pertsona baino gehiago daude bere ardurapean. Haurrak dira bere kezkarik handienetakoa. «Bi eskola baino ez ditugu, eta haur guztiak ez dira zentro horietara joaten, batez ere 12 eta 18 urte bitartekoak. Ahulenak dira hemen, erradikalizatutako emakume asko haien garuna garbitzen saiatzen baitira», salatu du Hanan-ek. Gogoan ditu iraganean izandako «eraso hilgarriak» ere. «Segurtasun operazio bereziak egin behar izan genituen. Egun, lapurretak eta mehatxuak baino ez dira gertatzen, baina GKEetako kideak ere helburu dituzte», gaineratu du funtzionarioak. Dioenez, Estatu Islamikoak kanpalekuan dituen zelula lotiak dira mehatxurik handiena. «Arriskutsuak dira oso, beti umeengana hurbiltzen dira euren artean errekrutatzeko asmotan edo, besterik gabe, haiek bahitzeko», ohartarazi du. Benetako etxe bat Antza, beren jatorrizko herrialdeetara aberriratzea da irtenbide bakarra askorentzat. Estatu Batuetako Estatu Departamentuko iturrien arabera, 2023 urte amaierarako 3.500 pertsona baino gehiago aberriratu dituzte 14 herrialdetara. Kopuru hori, alabaina, oso txikia da oraindik. Ez da iristen preso guztien %10era. 2022an, Human Rights Watch-ek burututako ikerketa batek aberriratutako 100 haur baino gehiagoren esperientziak jaso zituen. Gehienak eskolara joaten ziren, eta haietako asko nabarmentzen ziren ikasketetan. Inkestatuen %82k haurraren ongizate emozionala eta psikologikoa «oso ona», edo «nahiko ona» zela adierazi zuen. «Estatu Islamikoan eta Siriako ipar-ekialdeko kanpalekuetan bizi-baldintza gogorrak pairatu arren, ume asko ederki integratzen ari dira beren komunitate berrietan», laburbiltzen zuen txostenak. Suedia izan da bere herritar gehienak aberriratu dituen herrialdeetako bat. Baina joera aldatu egin zen eskuin muturra aliatu duen alderdi bat gobernuan sartu ondoren, 2022ko iraileko hauteskundeetan. «Pertsona horiek Estatu Islamikoarekin bat egitea aukeratu zuten, eta horixe da ezagutu dugun erakunde terrorista ankerrenetako bat. Honela, Suediak eta Suediako gobernuak ez dute etxean hartzeko betebeharrik», argudiatu zuen Tobias Billström Suediako Kanpo Arazoetako ministroak, martxoaren 13an, TV4 telebista suediarrari egindako elkarrizketan. Denak ez daude ados. Repatriate the Children GKE suediarra haurrak etxera bueltatu daitezen lanean ari da. «Ume horiek han uztea eta ez aberriratzea erabaki politiko hutsa da», diosku, telefonoz eta Kopenhagetik, RTCko sortzaile-kide eta bozeramaile Natascha Rée Mikkelsenek. «Haur batek ikusi behar ez lituzkeen gauzak esperimentatu dituzte: gerra, segurtasunik eza, hezkuntza edo osasun-arreta egokirik ez izatea... Ingurune horretan abandonatuta uztean, EIren ideologiarekin bat egiteko arriskua handiegia da oraindik», berretsi du Mikkelsenek. «Ume hauei laguntzen ez badiegu, ezin dut imajinatu nolakoa izango den beren bizitza etorkizunean. Eta hori ez da soilik administrazio kurduaren erantzukizun hutsa» azpimarratu du. Besteak beste, Turkiako aire-eraso etengabeak eskualdea ezegonkortzeko faktore nagusietako bat direla dio daniarrak. Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak behin eta berriz adierazi du ez duela baliabiderik milaka familia horiei arreta emateko. Bestalde, Nazio Batuetako goi-funtzionarioek ere eskatu diete gobernuei beren herritarrak aberriratzeko. «Herrialde guztiek zaindu beharko lituzkete beren herritarrak, batez ere emakumeak eta haurrak», azaldu digu Abdulkarim Omarrek, telefonoz eta Bruselatik. Siria Iparreko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoaren Europako ordezkaria da. «Prozesu luzea izango delakoan gaude, beraz, laguntza eskatzen diegu herrialdeei», gaineratu du arduradun kurdu gorenak. Euren zaintzapean dauden presoen baldintzak hobetzeko beharra ere azpimarratu du. Munduak entzungor egitekotan, Omarrek argi dio: «Epe laburrean neurriak hartzen ez badira, laster terroristen belaunaldi berri bati aurre egingo diogu, eta mundu osoarentzat izango dira mehatxuak». KALIFA HERRIA EGUN 2024an, 10.000 EIko borrokalari daude preso Siriako kurduen esku. Aldi berean, talde jihadistarekin ustezko lotura duten 50.000 norbanako daude Roj eta Al hol presondegi-kanpalekuetan, emakumeak eta umeak gehienak. Nazio Batuetako idazkari orokorra den António Guterres-ek “munduko kanpaleku txarren”-tzat jo du Al Hol. Siriako kurduek, alabaina, hainbat ahalegin egin dituzte honako egoera ekiditearren. 2019an, Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak nazioarteko auzitegi bat ezartzea proposatu zuen EIko presoak auzipetzeko. Egitasmoak Suedia eta Herbehereen babesa izan arren, nazioarteko erakundeak ez zuten ontzat eman. Gauzak honela, Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak 2000 EIko borrokalari atzerritar epaitzeko asmoa adierazi zuen, 2023ko ekainean. Egitasmoa nazioarteko aitorpen ezak utzi zuen bertan behera. SIEAAk ez du etsi, eta etengabe eskatu dio nazioarteko komunitateari bere hiritarrak aberriratu ditzan. Hainbat herrialdek hainbat aurrerapauso eman badituzte ere, gizonezkoen %4 baino ez da aberriratu 2019tik. Rojavan ez ezik, mundu mailan ere Estatu Islamikoak mehatxu zuzena izaten jarraitzen du. Baghouz azken herria 2019an galdu zuenetik, talde jihadistaren ondorena munduan zehar zabaldu da, Afrikako Sahel eskualdean eta Afganistanen batez ere. Estatu ahulenak izan ohi ditu begi puntuan. Kongoko Errepublika Demokratikoan, esaterako, taldearen erasoak eta hildakoak biderkatu egin dira 2018az geroztik, eta makina bat izan dira EI Khorasan Probintziak burututako erasoak Afganistanen, talibanen kontra oraingoan. Hori gutxi ez, eta, iragan urtarrilean, jihadistek ehundik gora lagun erail zituzten Kerman hirian (Iran) burututako atentatuan. Ehunka hildako eta zauritu utzi dituen Moskuko martxoko erasoa ere bere gain hartu du EIk. UMEEN ABERRIRATZEA, BEHERANTZ Nazio Batuen datuen arabera, Siria iparreko kanpalekuetan dauden haurren aberriratzeak %50 jaitsi dira aurten. Urte hasieratik hona, Kirgistanek baino ez ditu herriratu bere hiritarrak (72 ume eta 27 emakume). Honela, jatorri atzerritarra duten 6.000 ume baino gehiago daude oraindik Al Hol eta Roj kanpalekuetan, eta askoz gehiago dira guraso irakiarrak edo siriarrak dituztenak. Haurren aberriratze prozesuak izan duen beherakada gogotik salatu dute hainbat GKEk. Ildo berean, Save the Children-ek salatu berri du Suediak bere hiritarrak ez aberriratzeko hartu duen erabakia. Bitartean, kanpalekuetako bizi eta segurtasun baldintzak gero eta gorriagoak dira. Iragan urtarrilean, segurtasun operazio batek GKE guztien jarduna eten zuen bi astez, hainbat eta hainbat oinarrizko zerbitzu eta hornidura moztuz aldi berean. Medecins Sans Frontiers GKEak osasun mentalaren eta arreta psikosozialaren arloetan dihardu Al Hol kanpaleku barruan. MSF-ek iragan urtarrilean ateratako txostenak trauma osteko desordena, depresioa eta antsietate kasuen «goranzko joera» detektatu du. GKEren aburuz, umeak dira gehien sufritzen ari direnak.