20 AVR. 2024 HAUTESKUNDEAK Behetik gora etorri den kanpaina, inkestek behartutako martxan Futbolaren ospakizunak itzali zirenean piztu zen kanpaina; su suabean hasieran, borborka amaieran. Behetik gora etortzea normala da. Baina inoiz baino nabarmenago EH Bildu garaile ematen duten inkestek baldintzatu dute kanpainaren nolakotasuna. Eider Alkorta politologoak ondo ezagutzen ditu hauteskunde gauak. (Gotzon ARANBURU | FOKU) Amagoia Mujika Kanpaina berezi hasi zen. Futbolaren anabasak eta lehendakari baten heriotzak markatu zuten hasierako taupada. Telebista publikoan bi egunez segidan emanaldi bereziak izan ziren; meza baten solemnitatea eta ospakizun kolektibo baten leherketa. Apaiza aldarean eta futbolariak aldarean, zein baino zein. Hasiera berezi horrek bukaera baldintzatuko ote duen. Hori izan da ahoz aho ibili den kontua. Eider Alkorta politologoak sumatu du kezka hori. «Athleticen garaipena politikoki erabilia izango ote zen eta kanpainan eragina izango ote zuen, kezka hor egon da. Zaila iruditzen zait hori kontrolatzea. Baina nik uste dut, zerbaitek eragina izatekotan, Ardanzaren heriotzak izan dezakeela. Gustatu edo ez, Ardanza lehendakari erreferentea izan da, egun zalantzan gutxitan jartzen den koalizio gobernua berea da. Kanpainan eragiteko eta mezua bideratzeko aukera gehiago izan da Ardanzaren heriotzaren inguruan nire ustez. Ardanzak legatu bat utzi du, eta hori aldarrikatzeko unea izan da neurri batean. Horregatik ikusi genituen hainbeste EAJko kargu. Bide batez, arreta eman zidan PSEko zenbat ordezkari zeuden ikusteak. Aukera ona zen bi alderdiek orain daukatena defendatzeko». Athleticek altxatutako olatuari begira, horrek zer-nolako marea ekarriko duen aurreikusten ez dago erraza. «Foku guztiak Araban daude jarriak, hor omen dago gakoa. Bada, nire ustez, Bizkaian dago. Inkestek esaten dute EH Bildu Araban lehen indarra izan daitekeela eta Gipuzkoan ere oso indartsu egongo dela. Bizkaian koska oso handia zegoen lehen eta bigarren indarren artean, eta inkestak begiratuta, badirudi Bilduk koska jan diola EAJri. Beraz, badirudi futbolaren makro-ospakizun horrek ez duela hainbeste eragin izango». Buruz buruko lehia EAJ eta EH Bildu. Badirudi hauteskundeetako partida buruz buruko bat dela. Lehia agerikoena eta biziena hori bada ere, Alkortaren ustez «lehia desberdinak» daude jokoan. «Beste buruz buruko batzuk ere ikusten ditut, esaterako EAJren eta PPren arteko bat. EAJren azken urteetako hazkundearen parte bat PPko boto-emaileen aldetik etorri da. Mugimendu hori gertatu da, eta PP saiatzen ari da ea horietako batzuk beren alderdira bueltatzen diren. Hor bada lehia txiki bat. PSEren eta ezker konfederala deitzen zaion horren artean ere bada lehia. Zalantzarik gabe, lehia nagusia eta historikoa Pradales eta Otxandianoren artekoa da, baina beste lehia txiki batzuk ere ari dira jokatzen». Zenbakien aldetik agian ez dute garrantzirik izango, baina izan dezakete beren pisua. «Eserleku gehien eta boto gehien zeinek atera dituen aipatzen arituko gara hauteskunde gauean, 38 eserleku horiei begira. Baina ez da hori bakarrik, EH Bildu lehen indarra baldin bada botoetan ere -hori oso garrantzitsua da-, ez dakit automatikoa izango ote den EAJren eta PSEren arteko Gobernua. Ez dut uste gau berean esango dutenik, prozesua luzeagoa izango da. EH Bilduk lehen indarra izatea lortzen badu eta inkestek ematen dituzten datuekin gertatzen bada, buruko min ederra sortuko da Sabin-Etxean, nahiz eta gero akaso hiru hilabetean akordioa egin berriz PSErekin». Belaunaldi desberdinetako herritarrak mitin batean. Jaizki FONTANEDA | FOKU Bi kanpaina Kanpainaren lehen astea eta bigarrena desberdinak izan dira, eta tartean gertatu direnek pisua izan dute aldaketa horretan. EITBko lehen eztabaidatik (euskaraz) bigarren eztabaidara (gaztelaniaz) aldatu den bakarra ez da izan hiztunen hizkuntza. Tartean EH Bildu irabazle jotzen zuten inkestak argitaratu dira; Otxandianori “ETAren mamua” atera diote Ser Irratiko elkarrizketa batean eta Pradalesi eraso egin diote mitin batean. Aurrez aurreko lehen eztabaidan, Pradales urduri eta Otxandiano gero eta erosoago igarri ziren pantailaren beste aldetik. «Egia da Pradales urduri ikusi dela une askotan. Sumatzen da pisu handia daukala. Orain arte, historikoki, nork jarri du zalantzan EAJ lehen indarra izango zela? Inork ere ez, ezta aurkariek ere. Barneratuta zegoen erakundeetako boterea EAJrena izango zela eta kito. Denbora gutxian hori zalantzan jarri da. Eta beste bigarren gauza bat ere gertatu da EAJrekin, jendea botoa fiskalizatzen hasi da. ‘Ez duzu ondo egin eta ez dizut botoa emango’, esan du jende askok. Eta hori oso osasungarria iruditzen zait, edozein alderditan gertatuta ere». Kanpainaren bigarren astean aldaketa batzuk sumatu dira. «Kanpainaren hasierako dinamika ikusita, ez zirudien ETAren gaia aterako zenik, ez dudalako hauteskunde hauetako klabean ikusten. Ez dut esaten horri buruz ez denik hitz egin behar. Baina atera da, eta arreta eman dit Otxandiano nolatan ez zegoen prestatuago, jakinda gaia atera zitekeela. Arreta eman ez didana da nola erabili duten hori alderdiek eta komunikabideek, ez hainbeste Estatukoek, hemengoek baizik. Eraso mediatikoa ikusita, ondorioztatu dut inkestak egia esaten ari zirela eta EH Bildu lehen indarra dela. Hor kokatzen dut eraso hori. Horrek baldintzatu egin du bigarren eztabaida. Otxandianok ez zeukan egiteko erraza, eta ez galtzera atera zen, batzuetan orokortasunetik arituz». Batzuetan zalantzan jartzen da inkestek zerbaiterako balio ote duten. Kanpaina honetan, EH Bildu garaile jo duten inkestek mugarri bat ezarri dute; inkesten aurreko eta inkesten ondorengo kanpaina izan da neurri batean. «Pradalesek jarrera aldatu du aste batetik bestera, erasokorrago aritu da Otxandianorekin, Sortu aipatuz EH Bildu beharrean eta une batean Venezuela ere aipatuz. Segur aski inkesten haritik etorritako aldaketa izan da. EH Bildu lehen indarra izateko arriskuaren aurrean, beldurraren botoa aktibatu ohi da. ETAren mamua ateratzeak, adibidez, ez dakit ez ote dion mesede handiagoa egiten EAJri PSEri baino. Lehen ere ikusiak gaude, EH Bildu lehen indarra izateko aukeraren aurrean, PPko boto-emaile batzuek EAJri eman izan diote». Gaineratu duenez, «lehen aldiz historian EAJk arriskuan ikusten du bere posizioa, eta erantzuten ari da, eskura dituen tresna guztiekin». Herri askotan hauteskundetako panelak erdi hutsik egon dira. Jon URBE | FOKU Pse, erakundeetan gozo «Vota al que decide. Erabakia zurea da», dio PSEko hautagai Eneko Anduezak karteletan eta eskuorrietan. «PSEk bere tokia eta helburua oso garbi dauka; erakundeetan daukan boterea mantentzea. Testuinguru honetan, Gobernuan egoteko aukera gehien dituztenak dira. Uztaileko hauteskundeekin alderatuta, beherakada izango dute, baina beren espektatiba berriz ere Gobernuaren parte izatea da». Madrilgo PSOE eta EAEko PSE. Distantzia sumatzen da tartean. «Aurrekoan Pedro Sanchezek parte hartu zuen mitinean, Anduezak kasik derrigortu egin zuen EH Bildurekin ez dutela gobernatuko esatera. Nafarroan ere azken urteetan aldaketa interesgarria gertatu da norabide horretan. Madrilen bai, Nafarroan bai, zenbait udaletxetan bai; baina EAEn, ezinezkoa. Oraindik belaunaldi aldaketa bat eman behar da PSEko boto-emaileen artean naturalago ikusteko EH Bildurekin ere akordioak egin daitezkeela. Baina pilota hori ez dago alde bakarrean bakarrik, EH Bilduko boto-emaile askok ere ez daukate interesik PSErekin akordioak egiteko. Bi indarrak harrapatuta daude; akordio ‘sozialak’ egiteko arazorik ez daukate, baina, beste klabe batzuk jokoan sartzen direnean, hurbiltze hori ezinezkoa bihurtzen da». Podemos eta Sumar alderdiek bakoitzak bere bidetik joatea erabaki dute, horrek ordezkaritza gabe geratzeko arriskua dakarren arren. Podemosen kanpainak ironiatik eta estereotipoetatik dezente izan du. «Txisteak egiten dira, baina Podemosek kanpaina oso ondo bideratu du. Bera da EAJ kanporatu behar dela dioen alderdi bakarra. Mezua garbia da eta profil zehatz bati zuzendua dago. Arazoa da profil hori nazkatuta dagoela beren barruko borrokekin, eta auskalo zer egingo duen». Miren Gorrotxategi eta Alba Garcia fin aritu dira jendaurrekoetan. «Lortu dute jendearekin konektatzen duten gaiak mahai gainean jartzea. Seguru nago herritar asko identifikatu direla haiekin uneren batean. Eta horrek erakusten du gure taula politikoan bosgarren hanka hori existitzen dela. Hanka sartze estrategiko izugarria egin dute eta espazio politiko hori umezurtz geratzeko arriskua dago». Amerikana urdinak Janzkerari dagokionez, gizonezkoetan alkandora zuriak eta amerikana urdinak izan dira nagusi. «Horrekin teoria oso bat egin daiteke. Baina zer pentsatua ematen du gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desberdintasunak. Emakumeak zuriz, zintzotasuna iradokiz. Gizonezkoak amerikana urdinez, agintzeko gaitasuna eta seriotasuna iradokiz. Badakit marketin eta komunikazio arauak daudela horren atzean, eta jende askorentzat garrantzitsua dela mezu hori, baina niri, pertsonalki, iruditzen zait nortasuna jan egiten diela janzkera horrek. Ni oso arraroa naiz, baina nortasuna daukan jendea gustatzen zait eta nahiago dut hanka sartzen duen hautagaia beti hain zuzen agertzen dena baino. Hautagaiak hanka sartzeko beldurrarekin eta presioarekin sumatzen ditut, eta horrek uniformizazio handia ekarri du, ez nabarmentzeko nahi bat. Faltan sumatzen ditut garai bateko kanpaina ideologikoagoak. Desideologizazio bat sumatzen dut -bat datorrena gizartearen joerarekin-, baina faltan sumatu dut konfrontazioa neurri batean, alderdien arteko desberdintasunak nabariago geratzea. Ulertzen dut alderdiek ez egitea, estrategikoki ulergarria iruditzen zait, baina nire ustez hautagaiak ez dira arriskatu». Isiletik joan diren gaiak Badira kanpainan isilago joan diren gaiak. «Nik, adibidez, faltan sumatu dut hezkuntzaren gaia. Kanpainan hezkuntzaren gainetik pasa dira hautagaiak. Feminismoarekin, berdin. Denak oso feministak dira, baina apenas entzun den horri buruz ezer. Euskararen inguruan ere, gutxi. Denak dira gai iskanbilatsuak eta hautagaiek nahiago izan dute lokatz horietan ez sartu». Hauteskunde gaua Eider Alkorta politologoa hauteskunde gauetan ikusi ohi dugu euskal telebistan. Igandeko gaua oso bizia izango ote den galdetuta, uste du «azkar amaituko dela». Alkortak aitortu du berak ere gustura ikusiko lukeela hauteskunde gaua sofatik, pijama jantzita, pipitak janez. «Baina igande gauean telebistan egon nahi dut. Gau historikoa izan daiteke eta han egon nahi dut. Azkenaldian oso gutxi joaten naiz telebistara, nekatuta bukatu dudalako». Eta aitortza horri tiraka, politikaz hitz egiten duten emakumeen presentzia publikoaren garrantziaz jakitun den arren, testuinguru bortitza dela dio Alkortak. «Oso-oso azkarra izan behar duzu, eta neurritsua. Telebistan politikaz gogor eztabaidatu izan dudanean, gogorregia izan naizela esan didate. Aldiz, gizonezko batek intentsitate horrekin eztabaidatzen duenean, irmoa dela esaten da. Eta itxura fisikoarena ere hor dago. Nik datu mordoa eraman arren eta oso prestatuta joan arren, askotan jasotzen dut nire makillajearen edo janzkeraren inguruko aipamenen bat». Botoa ematea: Paper zati bat gutun-azal batean eta, hortik, hautetsontzira Dena hain digitala den garaian, botoa ematea paper bat gutun-azal batean sartu eta hautetsontziaren zirrikitutik botatzea da. Eskuzko ekintza. Eta horregatik dauka garrantzia postontzian jasotzen den paper sortak. Alderdiek gutun-azaletan bilduta bidaltzen dizkiete herritarrei beren promesak; koloreak, letra motak, tamainak eta ertzak neurtuta. Borja Goitia diseinatzailearen betaurrekoetatik egin du errepasoa GAUR8k. Lehen zalantza, paretek lehen adina hitz egiten ote dute kanpainetan? «Garai bateko kanpainetan sekulako papereztatzeak ezagutu izan ditugu, edozein pareta euskarri bat zen. Azken kanpainetan dezente jaitsi da kalean kanpainaren presentzia, baina aurtengo kanpainan ez nuke esango jaitsi egin denik, aurreko kanpainen paretsu egon dela esango nuke. Paperak oraindik badauka bere garrantzia, nahiz eta garai batean besteko presentzia ez izan». Kanpainak osotasunean diseinatzen dira, euskarri guztietarako piezak pentsatuz. «Digitalean izan edo paperean izan, kanpainaren sormena bera da, mezua eta haria berdinak dira, estrategia beraren barruan dago material guztia». Postontzian jasotako gutun-azal sorta hartzean, berehala sumatzen da lehen desberdintasuna. Alderdi denek leihodun gutun-azal amerikarra aukeratu dute, tamaina bera. Baina bada desberdintzen den gutun-azal bat, EAJrena, besteak baino handiagoa delako. «Hor hasieratik markatu nahi du EAJk desberdintasuna. Postontzian bertan, besteetatik desberdintzen saiatzen da». Lehen begiratuan, diseinuetan ez da atrebentzia handirik sumatu, apaletik joan da kanpaina. «Orokorrean, koloreak apaletik joan dira eta ez da berrikuntza handirik izan. Hala ere, diseinu zainduak izan dira eta mezuarekin bat datozenak. Kanpainan zabaldu nahi den mezuarekin bat etorri ohi da diseinuaren proposamena. Alderdiak partida ez galtzera atera dira, eta horregatik, ez dute asko arriskatu nahi izan diseinuan». Gasteizko Gobernurako hauteskundeak direnez, alderdi guztiek beren lehendakarigaia aurkeztu dute propagandan, toki nagusia emanez. EH Bilduren kasuan, Pello Otxandiano etorkizunari begira dago argazki nagusian, urrutira begira. «Oso aurkezpen argazki ona da. Tipografiari dagokionez, nortasun handikoa erabili dute. Hauteskundez hauteskunde asmatu egiten dute tipografiarekin. Zeresana eman du gainera, ‘Aldaketa’ hitzaren amaierako lotura tipografikoak. Badirudi jende batek orain deskubritu dituela lotura tipografikoak eta asaldatu egin dela. Bi letren arteko lotura mota bat da, askotan erabili izan dena. Euskal alfabetoaren kutsua daukan tipografia da, horren aldaera bat dela esango nuke, oso egoki erabilia. PP alderdiak ere erabili du euskal tipografia ‘A’ hizkiaren gainean, baina oso modu traketsean». EH Bilduren diseinuaren koloreetara bueltatuz, «horiaren eta berdearen artean ibili dira berriz, baina akaso oraingoan leunago, patxada gehiago adierazteko edo». Taldeko argazkiak ere garrantzia hartzen du. «EH Bilduk pisua eman dio taldeari diseinuaren barruan, eta emakume eta gizonezkoen presentzia orekatua aurkeztu du». EAJren irudi nagusian Imanol Pradales ageri da, trajez jantzita, zisne-lepo erdiko jertse batekin. «Iruditeriari dagokionez, EAJk azken boladako tonu minimalistari eutsi dio, garbia eta ordenatua. Zuria, gorria eta berdea, beti bezala, kolore nagusiak. Tipografia xumea erabili du, errematerik gabea. Letra larriak erabili ditu. Ia alderdi gehienek erabili dute letra larria, Sumar alderdiak izan ezik. Letra larriarekin boto-emailea interpelatu nahi da, inperatiboa da, agindua ematen duena. Eta deigarria da nola saiatu diren Imanol Pradalesen irudiari dinamismoa ematen; leloa letra etzanekin, ezkerretik eskuinera eta behetik gora. Akziozko film baten afixa ematen du, eta ekintza iradokitzen du. Leloa aldatuz gero, serie baten iragarkia ematen du». Eskuorriaren barruan Imanol Pradalesen beste argazki bat ageri da, “formalagoa”, trajez eta gorbatarekin, aurkezpeneko argazki ofizialagoa. Eta taldeko argazkiari ere garrantzia eman dio. «Pradalesen argazkiaren atzeko partean adin eta egoera desberdinetako herritarrak ageri dira; familiaren irudi oso goraipatua eta eredu heteronormatiboa nagusi». PSEk ez du jauzi handirik egin oraingo kanpainan. «Kanpaina bakoitza ideia berriak proposatzeko aukera bat da. PSE oso berritzailea izan da diseinuari begiratuta. Esango nuke historian zehar beren logoa gehien berritu eta aldatu duen alderdia izan dela. Baina aurtengo kanpainan oso soil aritu da, aurrekoaren ildotik. Grafikoa ez dute berritu eta oso berritzaile izatetik zaharkitu samar geratzera pasatu dira», iritzi dio Goitiak. PSEren kasuan, Eneko Anduezak dauka protagonismoa eta ez dago taldeko argazkirik. «Diseinuari begiratuta, PSEk ez du proposamen berririk egin, orain arte bezala jarraitzeko gogoa islatzen da horretan». Podemosen kasuan, marrazkiaren eta komikiaren aldeko apustua egin du, eta hor kokatu du bere lehendakarigai Miren Gorrotxategi, marrazki forman. «Erabat aldatu dute beren diskurtso grafikoa, orain urte batzuk oso modan egon zen joera grafiko ‘rebel’ batera hurbilduz. Gutun-azalaren bi aldeetan komikia erabili dute, EAJ, PSE eta EH Bildu zirikatzeko. Nahiko ondo erabili dute, baina joera grafiko hori pixka bat zaharkituta geratu da». Sumar alderdiaren kasuan, «tipografia soila, garbia, magenta kolorearekin. Bere afixetan ikurrinaren dekonstrukzio bat egin dute. Gustatzen zaie ikonoekin jolastea, logoan bertan ikusten da hori, batuketa baten marraren azpian ikusten da Sumar izena. Diseinu proposamen garbia da, zuzena, akaso grina pixka bat falta zaio». PPren kasuan, gaztelaniazko «abiertos» euskarara «ireki» bezala ekarri dute. Ez da mezu bera. «Kanpainan euskal keinu bakarra erabili dute, euskal alfabetoko ‘A’ erabiliz, eta, itzulpen okerraren ondorioz, ezin izan dute erabili euskarazko leloan, ‘irekiak’ izan beharko lukeelako. Gainontzean, kostatu egiten zait horrelako alderdi garrantzitsu batek zein diskurtso grafiko pobrea daukan ulertzea. Hauteskundez hauteskunde gertatzen den gauza da». «Pradalesek jarrera aldatu du aste batetik bestera, erasokorrago aritu da Otxandianorekin, Sortu aipatuz EH Bildu beharrean eta Venezuela ere aipatuz» «Zer pentsatua ematen du janzkerak. Emakumeak, kolore argiz, zintzotasuna iradokiz. Gizonezkoak, amerikana urdinez, agintzeko gaitasuna eta seriotasuna iradokiz»