27 AVR. 2024 3 BEGIRADA: Hil arte bizi Zuhaitzak hil direnak gogoratzeko bidea izan daitezke. (Iñigo URIZ | FOKU) Nerea GODOY FUENTES Hezitzailea eta BIZIPOZAko kidea Ama, ez dut nahi nire ondotik joan zaitezen». «Ni ez naiz joango zure ondotik, maitea». «Orduan, ez zara hilko?». «Nire gorputza bai, nire gorputza itzaliko da, baina nik ez zaitut sekula utziko bakarrik». Handik egun gutxira, itxi dira Loretoren begiak. Mari Mototsen ama hil zenean, pailazoek intxaurrondo bat landatu zuten parke magikoan. Elkarrekin egin zuten negar eta irri, amatxoren pasadizoak gogora ekarriz, zuhaitza ureztatuz, kimatuz, ongarrituz… Eta gaur, Loreto hil zenetik hiru urte igaro diren honetan, intxaurrondoak bere lehendabiziko intxaurra eman du! Haur eta helduak begira-begira daude, irriz, kantuz eta dantzan, heriotzaz mintzo dira oharkabean. Hala behar luke, baina saihestu egiten dugun gaia da. Arbola nahi nuke izan. Jaio aurretik zer ginen? Non geunden? Zer sentitzen genuen? Galdera berdinak ditugu hiltzen garenerako, zer izango gara? Non egongo gara? Zer sentituko dugu? Hil Argi elkartea tabuak apurtuz heriotzaren ezagutza zabaltzeko helburua duen elkartea da. Heriotzari buruz horrenbeste galdera baldin baditugu, zergatik ez egin? Joan Mari Irigoienek halaxe idatzi zuen: zuhaitz bat naiz eta gogoratu, gizakia, gogoratu. Ni hiltzen naizenean edo hiltzen nautenean, bi zuhaitz landatu. Zuhaitzok, izan ere, zuek gabe bizi gaitezke, baina zuek gu gabe, nekez. Esan, eta pailazoek egin. Euskal Herrian hildakoak oroitzeko zuhaitz asko landatu ditugu. Minbizia duten haurren elkarteek, udalek zein norbanakoek. Azken finean, nork ez du ezagutzen hil den norbait? (H)ilunpetan, Hil Argi. Denok ezagutzen dugu gure artetik joandako, zerura joandako, zendutako, hildako norbait. Egoera bakoitzaren aurrean, emozioak anitzak dira. 90 urteko emakumea, alzheimerra eta egoera begetatiboan zegoena. 46 urteko emakumea, metastasiarekin, azken hilabeteak min jasanezinarekin pasa zituena. 73 urteko gizona, alboko esklerosi amiotrofikoa dela-eta eutanasia eskatu zuena. 15 urteko mutikoa, bere alua baino ikusten ez zuen gizartearen aurrean bere buruaz beste egin zuena. Zazpi urteko haurra, jolasean ari zela bihotza ezustean eten zitzaiona. Tristura, berriz ikusiko ez ditugulako. Amorrua, akaso goizegi hil zirelako edo gaixotu zirelako. Atsedenaren poza, bukatu direlako ia gure sentitzen genituen minak, duintasuna. Atsekabea, bidegabea bada ere, askotan erruduntasuna ere senti daitekeelako. Emozio hauek guztiak galeraren eragina dira, heriotzaren aurretik zein eta/edo ondoren datozenak. Prozesu horri dolua esaten zaio, baina ez da heriotzarekin erratu behar, heriotza kontzeptu zabalagoa baita. Beldurraren beldur. Denok dugu zerbait besteekiko bereizi egiten gaituena, baina heriotzaren aurrean, denok gara berdin. Horregatik, Joxe Mari Auzmendik Amona Bittoriri hartutako esaldia ekarri nahiko nuke gogora: «Zer egingo diogu ba, hil arte bizi!». Joxe Mari, Joan Mari, Amatxo Loreto, Aitziber, aita, Oier, zuei ikasi bezala egingo dugu, egunean eguna bizi. Eta tarteka, zuhaitzaren inguruan elkartuz, gogora ekarri eta sentituko zaituztegu. Elkarrekin egingo dugu negar eta barre, nebarrez arituko gara. Hitz egiten dena ez baita ahazten, ez da tabu bihurtzen. •