27 AVR. 2024 Kripan Joxean AGIRRE Orain bi hamarkada Arabar Errioxako EAJkoek disgustu txiki bat zuten bakoitzean «siempre nos quedará Kripan» esaten omen zuten, herrixka horretako biztanleriak (ez dira 200 lagunera iristen) ia osorik EAJri ematen ziolako botoa. Igandeko emaitzei begiratu dut, eta multzo txiki bat bazuen Bilduk ere. Badirudi EAJri ez zaiola Kripanik gelditzen. Oiongo ikastolan banuen irakasle ezagun bat ondoko herrixka batean zinegotzi jeltzalea zena. Ea ikasle nagusienen artean zer giro zegoen galdetzen nionean, gehiena mugitzen zirenak ezker abertzalekoak zirela esan ohi zidan, baina itzuliko zirela bide onera. Adinarekin Bildura joan dira, nonbait, indar hau nagusitu baita herrian. Halatsu gertatu da, Ebrotik gertu dagoen beste herri bat aipatzearren, Bastidan ere. Kanpaina honetan Otxandianoren tonu profesorala asko gustatu zait, eta Arnaldoren esaldi borobil batzuk ere bai, zirimiriarena esaterako, edo «poliki goaz, urrutira goazelako», eta pazientzia estrategikoaren kontua eguneroko hizkeran integratu dut. Inguruan gurasoren bat semearen alferkeriaz edo alabaren ganora faltaz kexatzen sumatzen badut, «eduki ezak, gizona, pazientzia estrategiko pixka bat», esaten diot. Asko gustatu zitzaidan, halaber, gaueko ospakizunean emaitzak komentatzerakoan bi buruzagiek erakutsi zuten nazio ikuspegia, Sabin Etxean “ederretik libratu gara” esanez bezala euforiari emanak zebiltzanean. Hauteskunde gaueko ariketarik dibertigarriena emaitzak herriz herri begiratzea izan ohi da. Orexan, esaterako, Bilduk bakarrik atera ditu botoak, 2020an EAJk atera zituen laurak desagertu egin baitira. Aurrera begira seguru nago gorabeherak izango ditugula eta disgustu txikiren bat dugunean «Beti geratuko zaigu Orexa», esango dugula, orain hogei urte EAJkoek Kripani buruz bezala. •