04 MAI 2024 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Postalak Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN Ohi baino gehiago luzatutako lorategiko belarrak. Ohi baino hutsago dauden izozkailua eta kontserba potoak. Ohi baino hauts gehiago hartutako etxeko altzariak. Ohi baino handiago bihurtutako irakurri beharreko liburuen multzoa. Ohikotasunetik kanpoko seinaleak dira maiz agenda beteen eta aste lanpetuen emaitza. Halako seinaleek harrapatu naute ezohiko opor astean sartzean. Ikasturtea bere zurrunbiloaren gorenera iritsi denean, atsedenerako tartea daukat. Atsedenerako, eta ohikotasunetik ateratako horiek guztiak berriro ere euren -edo nire- ordenara itzultzeko. Lehentasunen hurrenkeran korapilatzea izan daiteke halakoetan tranpa egiteko modu bat, baina horri ihes egin, eta etxea garbitzen hasi naiz. Korridorean batetik bestera dabiltzan hauts bolatxoak bildu, komuneko ispiluan pilatutako arrastoak garbitu... Egongelako apalei heldu diet gero. Han topatu ditut aspaldi begiratu ere egin ez nien bi postal: Kios uharteetakoa bata, Panamakoa bestea. Sofan eseri, eta irakurtzeari ekin diot. Zigiluek ez diote gezurrik: seina urte igaro dira jadanik jaso nituenetik; bidali zizkidatenetik. Jaso ditudan azken bi postalak dira. Jaso bai, baina azkenak noiz bidali nituen pentsatzen jarri naiz. Eta historiek 24 ordu baizik irauten ez duten garaiotan, hamarkada bat egin dut atzera memorian. Uruguain geunden orduan lagun min bat eta biok, ikasketak tarteko. Bertatik bidali nituen Montevideoko argazkiekin egindako postalak Euskal Herrira, hango zatitxo bat hemengoei helarazteko asmoz. Ez dut gogoan nori bidali nizkien, ezta zer idatzi nien ere. Iritziek 280 karaktere baizik ez dituzten garaiotan, postal atzean mundu bat konta litekeela otu zait. Hamarkada bat igaro da azken postal haiek Uruguain idatzi nituenetik. Eta zenbat aldatu diren gauzak ordutik itsasoaren bi aldeetan. Gogora etorri zaizkit hankak han, baina burua eta bihotza hemen zituzten lagun haiek, haietako bi bereziki. Beso zabalik jaso gintuzten euren etxeetan, geureak ere bazirela sentiarazteraino. Eta postal banatan Euskal Herriko mundu hau, mundu berri hau kontatu nahiko niekeela sentitu dut. Kontatuko nieke Euskal Herria aldatu dela, aldatzen ari garela. Kontatuko nieke bide horretan mugarri atzeraezin bat jarri berri dugula. Kontatuko nieke euren ekarpena ezinbestekoa izan dela. Kontatuko nieke oraindik ere bide luzea dugula egiteko, baina egingo dugula. Eta kontatuko nieke eurek hori guztia bertatik bertara ikustea eta sentitzea nahiko nukeela, jakinagatik, tamalez, bietako batek ez duela honezkero aukerarik izango. Euren tokian utzi ditut Kioseko eta Panamako postalak, aspaldiko partez hautsa kenduta. Ondoko baldako albumean argazki bila hasi naiz; hemengo zatitxo bat Uruguaira bidaltzeko irudi bila; kontatu nahiko nukeen hori guztia idazteko toki bila. Apartatu ditut haietako bi, eta logelako mahaitxora egin dut. Han topatu dut irakurri beharreko eta atzeratutako liburuen tontorra. Lorategiko belarrak ikusi ditut leihotik, ohi baino luzeago. Hustutako kontserba potoek ere sukaldeko mahaian jarraitzen dute. Une batez zalantza egin arren, boligrafo bat hartu, eta argazkien atzealdean idazten hasi naiz. Opor astea da, postalen eta kontatzeko mundu berrien garaia. Ohikotasunerako itzulerak itxaron dezala beste pixka batean. • Kontatuko nieke Euskal Herria aldatu dela, aldatzen ari garela eta bide horretan mugarri atzeraezin bat jarri berri dugula. Kontatuko nieke euren ekarpena ezinbestekoa izan dela