18 MAI 2024 IKUSMIRA Asilo eskubidea jomugan Herbehereetan (Koen VAN WEEL | AFP) Ainara Lertxundi Eskuin muturreko Geert Wildersek (PVV) Herbehereetan gobernua osatzeko akordioa lortu du eskuineko beste hiru partidu politikorekin. Duela sei hilabete irabazi zituen hauteskundeak. Adostu duten programaren barnean -dokumentuari «Itxaropena, adorea eta harrotasuna» deitu diote-, Wildersen Gobernuak enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera eraman nahi du, baita asilo eskubidea lortzeko baldintzak gogortu ere. Alderdiek adierazi dutenez, «lehenbailehen» eskatuko diote Europako Batzordeari asilo-politikari buruzko arau komunak alde batera uzteko baimena. Asilo eskubidea ukatutakoei deportatzea aurreikusten du gobernu programak, «beharrezkoa bada indarkeria erabiliz». Era berean, asilo mugagabearen baimena indargabetu eta aldi baterako baimena mugatuko du. Familiaren bateratze automatikoa ere ezabatuko du Gobernuak. Halaber, Europako Batasunetik kanpoko herritarrei Herbehereetan lan egiteko baldintza gehiago exijituko zaizkie eta europarrak ez diren unibertsitarioek matrikula-tasa altuagoak ordaindu beharko dituzte.