GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Ez da asko beharbada, baina seguru ez dela gutxi


Bi ondorio tamalgarri atera daitezke Kataluniako hauteskundeetatik. Batak epikarekin zerikusia du, nahi bada. Estatu espainolari independentistentzat amnistia urratzea lortu zenean, Puigdemont garaile itzuliko zela aurreikusi genuen. Bartzelonako Diagonaletik zentzu politikoan irabazle jaitsiko zela eta, bide batez, maila pertsonalean ere ondo merezitako saria eskuratuko zuela irudikatu genuen. Ez da hori gertatu, kontrakoa baizik: Illa goratu du boto-emaileak, 155. Artikuluaren ezarpena zein errepresioa babestu zuen PSCko burua. Zinikoak heroien gainetik doaz garai nahasiotan.

Bigarrena agerikoagoa da. Herri aurrerakoia, irekia, ideologikoki ondo jantzia, kultur maila handikoa, solidarioa da Katalunia, baina hor ere sustraiak sakon sartu ditu eskuin muturrak, espainiar bertsioan edota katalanean. Iaz jada 124 zinegotzi lortu zituen Voxek hango lau probintzietan; bat bakarra, aldiz, Euskal Herriko lau herrialdeotan.

Zinismoaz ari garela, Espainiara salto eginda, Pedro Sanchezen ikasle ona da Salvador Illa. Baina autoritarismoaz ari garela, jokaera horrekin Moncloako agintariak PP-Vox batuketari aurre egiteko gai izan dela ezin da ukatu. Bete-betean asmatu zuen duela urtebete hauteskunde orokorrak uztailera aurreratu zituenean, eta gauza bera egin berri du Katalunian buruturiko mugimenduekin edota bost eguneko etenaldi efektistarekin.

Bi aste barru jakingo dugu noraino iristen den ultraeskuinaren olatua Europa mailan. Momentuz kontraesanak besterik ez dira antzematen, estrategia argien falta, Von der Leyenen begi-keinuak direla edo ezkerraren inpotentzia dela. Inkestek iragartzen duten bezala Europako Batasuneko sortzaile diren lau herrialdeetan eskuin muturra lehen indarra bilakatuz gero, jai dugu europar guztiok.

Eta urtea amaitu aurretik, eragin handiko beste hauteskunde batzuk datozkigu, oraingoan Atlantikoz bestaldean. Zinismoa eta autoritarismoa bat bakarra dira bertan, Donald Trumpengan gorpuztu direlako erabat. Baina Joe Biden ere, bere utzikeria ikaragarriarekin, hango eta hemengo gabezia askoren ispilutzat har dezakegu.

«Gure» hauteskunde ziklo oso bat nolabait itxiko da horrekin, iazko maiatzetik aurtengo azarora arte luzatzen ari dena. Eta noranahi begiratuta ere -zer esanik ez Gazara!-, itxaropenerako tarteak eskasak dira benetan epe motz-ertainera.

Testuinguru honetan, egungo euskal oasia ez da duela urte batzuk saldu nahi izan zigutena -aberastasunarena eta ongizatearena, alegia-, baina sen onaren esparrua (zinismoaren aurrean) eta lubaki antifaxista da, bere txikitasunean. Ez da asko beharbada, baina seguru ez dela gutxi.

Euskal Herria erreferente iraultzailea izan da azken hamarkadatan mundu zabalean. Orainaldian ezin liteke gauza bera esan, iraultza haizeak baino kontrairaultzarenak dabiltzalako kontinente batetik bestera, salbuespenik gabe. Baina gainbehera orokorrari iskin egiten dion herria da, sakoneko korronteetatik aparte igeri egiten duena -edo behintzat ur gainean eusten-, ekaitza giroan bare, eta orokorrean duin, kutsatu gabe. Erreferentea da oraingoan ere, hauteskunde kanpainaren eztabaida zentzudunak edota Palestinaren aldeko mobilizazio andanak erakutsi dutenez. Eta hala segitu dezala, gaur olatutzarrari eutsi gabe ezinezkoa izango baita bihar, etzi edo etzidamu aurrera egitea. •