25 MAI 2024 TAGHIA EGUZKIZ BLAI Tolosaldetik joandako espedizio bikainak lortu du proiektua borobiltzea Marokoko Taghia herrian ur-bonba fotovoltaiko bat jartzeko proiektuak lortu du bere helburua. Bizpahiru urtez luzatu den lan eskergaren ondoren, maiatzaren hasieran bidaiatu zuten Atlas Garaiko herrixkara ekimenaren sustatzaileek, esperientzia ahaztezina biziz. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan izan gara beraiekin. Mikel Arregi, Oihana Mendizabal eta Ugaitz Azkarai, Tolosaldea LHI-n aste honetan bertan egindako elkarrizketan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Asier Aiestaran Taghia Eguzkiz Blai proiektuko kideak maiatzaren hasieran izan ziren Marokon, azken bi urteotan garatu duten ekimena borobiltzen. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan landutako ur-bonba fotovoltaikoa martxan jarri zuten Taghian, Atlas Garaian kokatutako herri urrun bezain ikusgarrian, orain artean urik eskura ez zuten etxe askori ur hornidura ahalbidetuz. Mikel Arregik, Oihana Mendizabalek eta Ugaitz Azkaraik 30 pertsonatik gorako espedizioan parte hartu zuten. Arregi irakaslea da eta proiektuaren logistikaz eta atal teknikoaz arduratu da; Mendizabal ere irakaslea da eta, denetik egitea tokatu den arren, diru kontuen kudeaketan aritu da batez ere; eta Azkarai Mekatronikako ikaslea da, Taghiara bidaiatu zuten lau ikasleetako bat. Pozik aurkitu dugu hirukotea, jarritako helburuak bete izanaren harrotasunarekin. Nekatuta ere bai, ohiko lanaz gain ordu asko eskatu dizkien erronka izan delako. Hori bai, argi dute esperientzia aberasgarria izan dela parte hartu duten guztientzat. «Sekulako esperientzia izan da niretzat. Arlo teknikoan, mundu hau ez nuelako ezagutzen, baina batez ere bizipen bat izan da. Ikusi gauzak zenbat aldatzen diren, bizimodu oso desberdina daukatela han, eta nire ikuspegitik behintzat konturatu naiz ze zortea daukagun hemen bizituta», onartu du Ugaitzek. Ideia lantzen Jada ezaguna den arren, komeni da Taghia Eguzkiz Blai ekimena nola sortu zen aipatzea. Iñaki Arakistain eta Aitzol Odriozola eskalatzaileek pandemia garaian kirol horren paradisuetako bat den Taghiara egindako bidaian erein zen hazia. Atzerritarrik gabe geratua zen mendi inguru hartan asko gozatu zuten bi gipuzkoarrek, baina etxera heldutakoan han jaso zuten guztia nolabait itzultzeko arra ere ekarri zuten barnean. Iñakik Taghiako lagunei galdetu zien ea zer behar ikusten zuten, eta bilera baten ostean arazo nagusia ura zela aipatu zioten. Taghian bi ur depositu daude, bat behean eta bestea goian, baina ura goikora punpatzeko ur-bonba gasolio bidezkoa zen, eta herrian ez zuten baliabiderik hori martxan jartzeko. Bolondresak, asko suhiltzaileak ofizioz, jo eta ke lanean mendi ederrez inguratutako paraje zoragarrian. (TAGHIA EGUZKIZ BLAI) «Ur hornidura ona daukate, baina altuera batetik gora geratzen diren etxeek jada ez daukate urik. Bonba gasolio bidezkoa da eta aurreneko egunetik konturatu ziren ez zela bideragarria. Horregatik aukeratu da ponpaketa fotovoltaikoa, beraientzat doan delako. Orain arte ez zeukaten dirurik metalikoan. Dituzten sei "gite" (mendizaleentzat aterpetxeak) horiekin orain hasi zaie metalikoa sartzen, baina ez dago soberakinik bonba bat martxan edukitzeko 24 orduz», azaldu digu Mikel Arregik. «Ez da asko azpimarratu, baina Iñakik ongi egin zuen gauza bat izan zen beraiei galdetzea ea zer behar zuten. Zeren hemen askotan egiten dira janari bilketak, arropa bilketak... baina Iñakik alderantziz egin zuen, beraiei galdetu zer behar zuten. Bilera bat egin omen zuten herrian eta ponpaketarena aipatu zuten, une hartan kritikoena beraiek uraren gaia ikusten zutelako». Lehen pausoak Iñaki Arakistainek, mendizale komunitatea mobilizatzeaz gain, irakasle aritu zen Tolosaldeko LHI ikastetxean proposatu zuen proiektua garatzeko ideia. Mikelek eta Oihanak argi izan zuten hasieratik ez zela erraza izango, baina ezezkoa ez zen aukera bat. «Betidanik geneukan gogoa eguzki indarrarekin zerbait egiteko. Askotan teorian geratzen gara eta honek aukera ematen zigun zerbait errealitatean gauzatzeko. Aplikazioari dagokionez, non erabiltzeko zen ikusi genuenean, oso egokia iruditu zitzaigun: lekuagatik, zituzten beharrengatik... Eta animatu egin ginen», gogoratu du Agirrek. Hori bai, ikastetxe bateko jarduera arruntetik dezente aldentzen zen proiektua: «Guk irakasle bezala erronka onartu genuen, baina orduz kanpoko lana izan da. Eta beste oztopoa dirua zen. Iñaki etorri zenean, honek oso baikor ikusten zuen dena, baina lau zenbaki egitea nahikoa zen ikusteko diru asko beharko genuela. 50.000 euro inguruz ari ginen». Bideragarria ote zen? Oihanak dio hasieratik nahiko argi ikusi zuela baietz, eta merezi zuela ikasleekin horrelako gai bat lantzeak. «Administrazio arlora galdezka etorri zirenean, nik ez nuen zalantzarik izan, argi ikusi nuen posible zela eta baiezkoa eman behar genuela. Iaz Amina eta Fatima geneuzkan Lehen Mailan, Marokoko jatorria dutenak, eta ikusi nuen ikasleekin lantzeko ere egokia izan zitekeela. Ikastetxe bat gara eta zentzua hortik zeukan lan honek». Enpresa, norbanako eta babesleen aldetik izandako erantzuna ere bikaina izan omen da. Oinarria prestatzen, lehen egunetan. (TAGHIA EGUZKIZ BLAI) Eta ikasleen ikuspuntua ere ezagutu nahi izan dugu, Ugaitz Azkarairen ahotik. «Gure borondatez apuntatu ginen, beraz, ez genuen honetan marroi moduan pentsatzen. Guk proiektu bat ikusi genuen eguzki panelekin, eta pentsatu genuen hor zerbait ikasiko genuela. Pozik apuntatu ginen. Eta gero esan zigutenean hara joan behar genuela, ezustekoa hartu genuen, eta poza ere bai», gaineratu du. Halako batean iritsi zelako Taghiara joateko ordua. «Gu gure martxan gindoazen proiektua garatzen: dirua biltzen, ideia lantzen... Baina halako batean bertatik presa sartu ziguten, galdezka hasi ziren ea zertan ginen, eta data jarri behar izan genuen. Neguan ezin zen izan elurragatik, eta udan ere ez beroagatik, aukerak udaberria edo udazkena ziren. Udazkena guretzat kurtsoa abiatzeko garaia izaten da eta udaberria hobe zela pentsatu genuen. Azkenean, maiatzaren 4a jarri genuen egutegian, eta behin eguna jartzean, orduan dena azkartu zen», aipatu du Mikelek. «Material asko kostu prezioan utzi digute, bidaiarako furgonetak ere utzi egin dizkigute... Azkenean aurrekontua dezente jaitsi zen hasierako 50.000 euro haietatik, eta horrek ere laguntzen zuen jada data bat jartzen. Proiektua bideragarria ikusten genuen, beraz ‘joateko moduan gara’ esan genuen», dio Oihanak. Mugan arazoak Oihana Mendizabal hegazkinez joan zen Fatima, Amina, Ugaitz eta Manex lau ikasleekin, eta Mikel Arregi errepidez, eguzki panelekin eta beste materialarekin. Hegazkinez joan zirenak arazorik gabe iritsi ziren Taghiara, espedizioa osatzen zuten beste boluntario gehienak bezalaxe, baina materialarekin zihoazenek mugan ezusteko arazo bat izan zuten. «Arazoa izan zen gu turista bezala gindoazela Marokora, baina material industrialarekin, eta hor oztopoak jartzen dizkizute. Bageneraman hitzarmen bat Taghiako elkartearekin egina, esaten zuena donazio bat egiten ari ginela, alde hori ongi lotuta geneukan. Baina alderdi industriala, material horren identifikazioa eta Marokon sartzeko baimenen arloa ez geneukan landuta, paper horiek falta ziren», ekin dio Mikelek azalpenari. «Logika guztia zeukan, baina kontua da gu larunbat gauean heldu ginela, igandean ezin genuela paperik egin, astelehena ere bulego batera joan, bestera joan... konturatzerako pasatuta. Eta bitartean beste guztiak jada Taghian, 20 pertsonatik gora. Eskerrak egituraren oinarria egiteko porlana eta abar han erosteko asmoarekin joan ginen eta hori bazeukaten», jarraitu du. PAnelak bere lekuan kokatzen. (TAGHIA EGUZKIZ BLAI) Oihanak gogoratzen duenez, eguzki plaken oinarria egiten hasi ziren. «Lur eremua garbitu genuen, eta gurekin etorri ziren 14 boluntarioek sekulako lana egin zuten. Zer material geneukan begiratu zuten eta hurrengo goizean ‘zapatak’ egiten hasi ziren goizean goiz. Palak, aitzurrak eta antzekoak bertako jendeak utzi zizkigun, eta lanean hasi ginen». «Hotzean begiratuta, ez genuen denbora askorik galdu, oinarria egiteko, lehortzeko eta abar bestela ere denbora beharko genukeelako», gehitu du Ugaitzek. Hori bai, kezka handia zen, bestela ere denboraz justu ibiltzeko arriskua zutelako. Eta komunikatzeko zailtasunek ere ez zuten laguntzen. «Estaldurarik ez geneukan han goian, eta mezurik ba ote zegoen jakiteko "gite" edo aterpetxeraino jaitsi beharra geneukan. Egun intentsoak izan ziren. ‘Berririk ba al dago, Oihana?’, galdetzen zidaten. ‘Itxaron, banoa behera’», dio barre artean. «Asteazken goizean iritsi ziren, eta iritsi bezain pronto 30 panelak gora, denborarik galdu gabe». Bertakoen laguntza Egun horietan bertako biztanleek emandako laguntza nabarmendu du Ugaitzek, mendiko baldintzetara hobeto egokituta. «Astoekin asko lagundu ziguten. Sekulako aldapak zeuden eta 50 kiloko porlan zakuak igotzeko, adibidez, sekulako laguntza izan zen. Asto txiki-txiki batzuetan igotzen zituzten. Eta oragailurik gabe porlana egiten ere lagundu ziguten. Gu hemen oragailuarekin ohituta gaude, hasieran esan ziguten han ere agian egongo zela, baina ez zen halakorik azaldu, eta bertako jendea ohituta dagoenez, beraiek erakutsi ziguten zenbat kantitate bota eta nahasketak nola egin. Gu arlo teknikoan laguntzera joan ginen printzipioz, baina azkenean denetik egitea tokatu zen». «Denek zekiten zein ginen eta zertara gindoazen -gehitu du Mikelek-. Bidean norbait ikusten bazenuen denek ‘saha’ edo ‘gracias’ esaten zizuten eta beren bidea jarraitzen zuten». Eta Oihanak azken egunean egindako ospakizun berezia gogoratu du: «Azken egunean, dena muntatutakoan, bazkaria antolatu ziguten han goian. Iman-a etorri zen, Koran-a errezatu genuen...». «‘Un ble ble’ eginez ospatu genuen; hori bai, tearekin», gaineratu du Mikelek. Lantaldearen otordua. Une oro izan zuten giro aparta nabarmendu dute Mikel, Oihana eta Ugaitzek. (TAGHIA EGUZKIZ BLAI) Izandako harreman horretan, edo izan ez dutenean hobeto esanda, pena bat geratu zaio Oihana Mendizabali. «Emakumeak ikusi ere ez ditugu egin. "Gite"-an lan egiten zutenek egun guztia sukaldean pasatzen zuten, eta guk alde egindakoan ateratzen ziren garbitzera. Neska gazterik ez da ikusten. Egongo dira, baina ez dira ikusten. Azken egunean egin genuen bazkarian ere ez zen emakumerik etorri, Amina, Fatima eta ni ginen emakume bakarrak. Neska txikiren bat, 10 urte edo izango zituena, baina hortik gorakorik batere ez. Ez dut harremanik izan hango emakumeekin, ez dut lortu», dio atsekabez. Gertutik jarraitu Behin instalazioa martxan jarrita, Taghia Ekuzkiz Blai proiektua amaitutzat eman daiteke, baina egia da Tolosatik jarraipen bat egiten dela. «Printzipioz mantenu gutxi behar du. Eguzki plakak garbitzea eta hausten diren piezak konpontzea, nahiko sinplea da. Egin genuen bileratxo bat bertakoekin mantenu lan horiek apur bat esplikatzeko. Eta konturatu ginen lekua nahiko haizetsua zela. Bertakoei hitza hartu genien harrizko hesi bat egingo zutela instalazioa babesteko. Eta ezusteko txiki bat hartu nuen, konturatu ginelako hango jendea prestatuta dagoela. Dituzten baliabide apurrekin konponketa txikiak egiteko gaitasuna dute. Monitorizazio sistema bat ere jarri genion, arazoren bat badago SMS bidez mezuak iristen zaizkigu. Zer motatako akatsa izan daitekeen jakin dezakegu eta bertako ekipo elektronikoa kontrolatu». Aurrera begira antzeman dute beste arazo bat sor daitekeela, ur deposituak txiki geratzearena. «Orain kontrako arazoa sortu da: kontsumoa handitu da eta depositua txikia geratuko zaie. Hori ongi kudeatu beharko dute, depositua hustu egiten zutelako. Edo iturburutik hoditeria handitu beharko dute. Buelta bat eman beharko diote egoerari. Betikoa da: gutxi daukazunean askoz gehiago neurtzen duzu, baina iturria jartzen badizute... Baratzen bat ureztatzen ere ikusi genuen norbait, eta agian asmoa ez zen hori. Kudeatuko dute», aurreikusi du Mikel Arregik. «Ezin genion ezetz esan Iñakiri (Beristain, sustatzaile nagusia), ikastetxean baliabideak edukita: soldadura, elektrizitatea...», gogoratu du Mikel Arregik ideia jaso zuten unea «Egunerokoan ikasleekin izaten dugun harremana gertukoa da, baina hau harago doa. Aste osoa elkarrekin, bizipen oso intentsoak izan dira», dio Oihana Mendizabal irakasleak «Sekulako esperientzia izan da, bizipen bat. Ikusi gauzak zenbat aldatzen diren, bizimodu oso desberdina daukatela han, eta ze zorte daukagun hemen bizita», dio Ugaitz Azkaraik «Han osatu genuen lantaldea azpimarratuko nuke», nabarmendu du Arregik bizitako giroaren inguruan. «Eguzkitik eguzkira lanean, eta, hala ere, txantxetarako gogoa beti» Bertako biztanleak ere gerturatzen joan omen ziren, eta lanean laguntzen. Kargak astoekin igotzen, porlana egiten... Azken egunean bazkaria egin zuten ospakizun moduan Pena bakarra geratu zaie, bertako emakumeak ezkutuan geratzearena. «Ikusi ere ez ditugu egin. Azken egunean egin genuen bazkarira ere ez zen emakumerik etorri», dio penaz Oihanak