GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

Elkartasuna da muina


Pasa den astean “Gazteak eta mugikorrak” izenburua zeukan hitzaldira joan nintzen. Hemen idatzi izan dudan bezala -badakit ez naizela bakarra- asko kezkatzen nau semeak eta orokorrean gazteak pantailekiko hain itsututa ikusteak. Hain zuzen ere, seme nagusiari mugikorrik ez emateko nire argudio nagusiena izan ohi da: «Gero eta beranduago hartu halako bat esku artean, ordura arte askoz gauza gehiago egingo dituzu». Argudioa sinplista bezain ezkorra da, badakit, baina semeak nonbait eskuratu zuen mugikorra berehala kentzerakoan horixe bera pentsatu eta esan nion hala sentitzen dudalako, eta ondo jokatu nuela badakit. Egin dezakezun beste edozer jaten duen gailu bat da, eta horren tentazioaren kontra lehiatzeko ez dakit zer egin.

Nola konbentzitu liburu bat hartzeko, marrazki bat egiteko, mendi buelta bat egiteko, palan aritzeko edo petardoak botatzen aritzeko, klik bakarrean mundu oso bat zabaltzen zaienean, non edozer aurki dezaketen, edozer izan daitezkeela pentsatzen duten eta haien inguruko beste guztiak ere hor dauden…?

Kontziente eta jakitun naiz -begi bistan dago!- helduok ere berdin-berdin gaudela, ez haiek baino gutxiago, eta gu ere bitartean beste ehunka gauza eta bizipen galtzen gabiltzala. Baina guk zortea izan dugu, ditxosozko aparailu eta teknologia horiek beste gauza asko bizi ostean eskuratu ditugulako. Eta haiek ez!

Haien kasuan ez dakite bereizten zer den egia, zer gezurra, zer ironia eta zer inplizituki sarrarazten ari zaien zaborra. Eta denbora gutxian gertatzen ari da urteetan gure aurrekoek eta geuk egindako lorpen asko, elkartasun hitzean laburbilduko nituzkeenak, gizarte kontzientzian galbidean doazela: izan generoetan, zein arrazatan...

Suposatzen da helduok, haiek ez bezala, nolabaiteko kritikotasuna eta jakintza daukagula, nahiz hori ere gero eta gehiago zalantzan jartzen dudan eta elkartasun falta itzela nabaritzen dudan. Nolatan esan zidan, bestela, adibidez, Ukrainako gerrak eztanda egin zuenean, jolas-parkean guraso batek Ukrainara arma gehiago bidali behar zirela bakea lortzeko; edo bere burua ezkertiartzat daukan beste batek Ukrainaren kontrako gerra ezin zela onartu, Europa delako; Palestinan, ordea, halakoetara ohituta zeudela.

Bueltatu gaitezen, “Nerabeen garrasia” liburua hizpide, Maitane Ormazabal eta Telmo Lazkano egileen hitzaldira. Bagenekizkien egitate asko azaldu zituzten, baina oso modu argi, irmo eta ulergarrian, beldurgarriak izanda ere, interes handikoak. Erosi dut liburua, jakina, eta irakurtzen hasia naiz, baina gaurkoan ideia nagusi bi ekarriko ditut: nerabeak ez dira kriminalizatu behar, mugikorrekiko adikzioa ez da haien errua, eta gurasook zeresan handia daukagu horretan. Zergatik? Eredu -honetan txar- garelako, guk ere konpultsiboki erabiltzen ditugulako, eta batez ere guk ematen ez dieguna pantailatan bilatzen dutelako.

Gazteak errudunak ez diren ideiaren harira, “Arkitektura Soziala” terminoa azaldu zuten; hain zuzen ere, komunitatean aldaketak eta hobekuntzak egitea elkar laguntzeko, eta ez justu arazoan murgilduta daudenak seinalatu eta arazoaren erantzule bakartzat hartzeko. Joera hori, gaur egungo gizartearekin alderatuta, kontrakorrontean doa, non biderkatuz doazen gaixotasunak, bakardadea, lehiakortasuna, bidegabekeria… eta horren guztiaren erdian itotzen dena, bere arazoa delakoan, bakarrik -medikazioaz zein bestela- konpontzeko mezuak nagusitzen diren. •