01 JUIN 2024 Larrutik: lan arloa «feministaki» eraldatzen Larrutik ekonomia sozial eraldatzaile feministan lan egiten duen sareak bere lehendabiziko jardunaldia egin zuen berriki Hernanin, eta interkooperazio feministan ari diren euskaldunez gain, gonbidatu katalanak ere izan ziren. Egunerokoan lan esparruan modu feministan nola eta zertarako jarduten duten kontatu zuten. Praktikatik ari dira eraikitzen, komunitatea ardatz hartuta indarkeriarik gabeko espazioak sortuz, beharrak ase eta hobeki bizitzeko helburuarekin. Argazkian, ezker-eskuin, Ione Fernandez Zabaleta, Arba Arellano Arnedo, Blanca Valdivia Gutierrez, Amanda Alexanian, Kattalin Miner, Araitz Rodriguez Gutierrez eta Mirene Begiristain, mahai-inguru nagusiko partaideak. (Jon URBE | FOKU) Maider Iantzi Hernaniko Biteri Kultur Etxe atarian lehendabiziko besarkadak, urduritasuna eta poza zirimolan. Aulkietan lekua hartu, eta gozatzera. Jaioberria da Larrutik ekonomia sozial eraldatzaile feministaren sarea. Momentu goxoa da. Oraingoz bederatzi kooperatiba elkartu badira ere, gibelean jende eta gogo gehiago dago, aliantza handiak eta haztearen beldurra ere bai, kide batek, Farapi kooperatibako Araitz Rodriguez Gutierrezek, aitortu zuenez. Farapiz gain, Ara!Gorputz, Artaziakoop, Eihera, Emagin, Harago, Irule, Juntura eta Parean eragileek osatzen dute Larrutik. Duela hiru urte egin zuten lehen bilera, eta joan den urtarrilean aurkeztu zuten proiektua, manifestu batekin batera. «Larrutik gara lanak laztutako azaletatik hitz egiten dugulako; pilatutako orduek larrua ondu digutelako; bizitakoen orbainek indarra ematen digutelako; sarri larrua jokatu dugulako gure bizi proiektuekin; larrugorrian utzi nahi gaituen sistema kapitalistaren aurrean gure larruazalak ateratzen ditugu aurrera, nazkatuta gaudelako gure pauso bakoitza larrutik ordainduko dugula entzuteaz», adierazi zuten. Maiatzaren 24ko ostiralean, jardunaldi bat egin zuten Hernanin, eta balorazioa ederra izan zen. Ehun lagun baino gehiagok bete zuten kultur etxea, emakume eta genero disidenteek. Zazpi laguneko mahai-inguru batekin hasi ziren, interkooperazio feminista zertarako, zergatik eta nola egiten ari diren azalduz. Larrutik sareko hiru ordezkarik eta Kataluniako Almena Feminista eta Insolitako bertze hiruk beren egunerokoa partekatu zuten, eta Mirene Begiristain Ekonomian Doktoreak testuinguru teorikoa eman zuen. Dirua mahai gainean jartzea, lehen mugarria «Kaixo, Ione Fernandez Zabaleta naiz. Hilekoarekin nago eta solasaldi hau bideratzen saiatuko naiz» erranez atera zen Ara!Gorputzeko kidea publiko artetik, mahaia osatu zuten bertze sei lagunekin batera, inprobisatuz. Naturaltasuna, konplizitatea eta giro goxoa sumatzen zen. Larrutiken izenean, Eihera kooperatibako Kattalin Minerrek erantzun zion zergatik galderari: «Militante feministak garelako eta lan moduetan ere feministaki pentsatzen dugulako. Oso modu logikoan hasi zen Larrutiken ibilbidea. Lehen kontaktua mugimendu feministatik ezagutzen ginen kideen artean egin genuen. Militantziak batu bagaitu ere, argi dugu lan esparruaz ere hitz egin behar dugula. Dirua eta lana gauza pribatuak diren ustea dago. Baina juntatzen hasi ginenean une bat heldu zen non ezin genuen teorikoki bakarrik hitz egin». Hori izan zen lehen mugarria: «Mahai gainean jarri genuen dirua, dena: zer baldintzatan ari garen lanean, zeintzuk diren gure diru iturriak, zenbat balio duen gure orduak, bidaia orduak ordaintzen ditugun ala ez... Garbiketa eta aldaketa baterako balio izan zuen, denok ez geundelako prest horretarako. Geratu ginenon sentsazioa izan zen: ‘Benetan goaz’. Informazioa pasatzera goaz gure artean, ez lehiatzera». Larrutik sareko kideak jardunaldian parte hartu zuten lagunei ongi etorria egiten. (Jon URBE / FOKU) Ondotik, Almena Feministaren berri eman zuen Amanda Alexanian bertako langileak. Indarkeria sexistari aurre egiteko eta genero ikuspegia zabaltzeko egiten du lan Almenak. Bartzelonako Coopolis-eko Ekonomia feministen zirkuluaren eta Trantsizio feministen parte da, sare bat sare handiagoen barnean. Blanca Valdivia Gutierrezek (Collectiu Punt 6) eta Arba Arellano Arnedok (La Creatura), bertzalde, Insolita aurkeztu zuten, ekonomia sozialean eta administrazio publikoan eragin politiko feminista sustatu nahi duen Bartzelonako kooperatiba feministen sarea. Valdiviak ekonomia feministaren gakoetako bat aipatu zuen: denentzat eraikitzeko helburua, benetan aniztasuna bilatuz. Ezaugarrietan sakonduz, Mirene Begiristain ikertzaileak argitu zuen ekonomia feminista eta genero ekonomia ez direla gauza bera. «Noraino desmerkantilizatu? Noraino deskonektatu kapitalismotik? Hor badaude talka batzuk». Agroekologian dabil bera, eta azpimarratu zuenez, kooperatzeko forma ezberdinak daude: merkatua jar daiteke erdian, edo komunitatea. Ekonomia feministaren ardatza komunitatea da. «Estrategia batez ari gara, zaintza politikarako, autodefentsarako. Biolentziarik gabeko espazio bat da, beharrak ase eta bizitzeko, horrek esan nahi duen guztiarekin». Adibideak Elikadura sare alternatiboak, energia komunitateak, sortutako espazio amankomunak, finantza tresnak, merkatu soziala eta zaintza sare desfamiliarizatuak jarri zituen adibide gisa. Lau irizpide zerrendatu zituen: «Desfamiliarizazioa, desmerkantilizazioa, desazkunde materiala eta deszentralizazioa». Punt 6 kolektiboak hiriak birpentsatzen ditu eguneroko esperientziatik eta praktika eta teoria feministetatik. Bertako ordezkariak adierazi zuenez, feminista izateagatik zigortzen dituzte. «Izan ere, astunak gara, beti, eta ez gaituzte gonbidatu nahi». Ekonomia sozialari ere egin zion kritika: «38 neurria ezartzen du denentzat, eta gu ez gara sartzen». La Creaturako kideak erantsi zuen aniztasunak leku gutxi duela ekonomia sozialean. Barrura begira, «ez badugu gure burua kuestionatzen, ezingo gara hazi», erran zuen. Ekonomia sortzailea egiten dute, lagunei lagunduz. Hernanin ere bazen sormenik. Almena Feministako bazkideak azpimarratu zuen bertan egiten duten lana dela jaten ematen diena, baina ordu erreproduktiboak ez direla ikusten. Bartzelonako Coopolisen pedagogia lana egin dute alde horretatik, ordu erreproduktiboak aintzat hartuz aurrekontuak nola egiten dituzten erakutsiz. Hegemonia lehiatzeko gai Larrutiken ordezkari Araitz Rodriguezek aitortu zuen ekilibristen pare heldu zirela jardunaldira. «Markoak asko estutzen gaitu. Marjinatara bultzatzen gaituzte eta hor gure lekutxoa eginda goxo egoten ahal gara, eroso. Halere, amorrua ere bada, gai garelako dagoen hegemonia lehiatzeko. Baldintzak falta zaizkigu». Prekaritatean ari direla baieztatu zuen eta prekaritate hori nola gainditu galdetu zuen. Valdiviak errandakoaren ildotik, «dena problematizatzen dugu, deserosoak gara», azaldu zuen, eta modu berriak aurkitzeko sorkuntza lan handia egiten dutela gaineratu zuen. «Erreferente falta handia dugu. Eta erreferenterik gabeko erreferenteak sortzen ari gara». Solasaldia hasi aitzineko irudia (Jon URBE / FOKU) Farapikoak argitu zuenez, hau guztia ez da hobeki produzitzeko, baizik eta hobeki bizitzeko. Aipatu zuenez, ekonomia sozialean ari diren gehienek instituzio publikoentzat egiten dute lan. Prestigio txikiko lanak egiten dituzte, zehazki. «Hori ez da kasualitatea, teorian merkatuaren logikatik ateratzen direlako. Era berean, logika haren barnean moldatzera behartzen gaituzte». Gehitu zuenez, espazio ahalduntzailea ere bada ekonomia feminista, eta sarreran Emagin kooperatibako Miren Arangurenek oroitu zuen bezala, orain dela 40 urteko emakume utopikoek egindako lanaren segida. «Hemendik 40 urtera ere gu hemen gaudelako egongo dira emakume berriak», azpimarratu zuen Rodriguezek, eta errateko gogo handia zuen esaldi batekin amaitu zuen: «Utopikook, zuek aurrerarazten duzue mundua. Eta hemen utopiko asko gaude». Begiristainek, bestalde, idealizatu gabe baina baserriei begiratu zien, eta Biolur elkartean Zestoako Amillubin lur eta baserri bat eskuratzeko prozesuan ari direla kontatu zuen, elikadura burujabetzako azpiegitura komunak edukitzeko. «Gehiago baserritartu behar dugu», proposatu zuen. Solasaldiaren une bat (Jon URBE / FOKU) Entzuleek ere parte hartu zuen solasaldian eta, bertzeak bertze, prekaritatean egonik, langileak proiektura nola erakarri planteatu zuten. «Prekarioak gara eurotan, ez ekonomian», zehaztu zuen Arba Arellanok, eta erabakitzeko malgutasuna dutela baloratu zuen Blanca Valdiviak. «Ezetz erraten ere ikasi dugu». Askatasuna estimatzen du Kattalin Minerrek ere: «Kooperatibismoa da autonomoa izatea sarean, eta hobeto nago». Tailerrak, bazkaria eta musika Hernaniko Biteri Kultur Etxetik Kulturarteko Plaza Feministara joan ziren. Bertan lau tailer egin zituzten aldi berean. Batean, instituzioekiko harremana arakatu zuten, elkarlanerako espazio baten bila. Bertzean, hausnarketa kolektibo bat egin zuten amatasunek interkooperazio proiektuetan duten eraginaren inguruan. Eragin horiei aurre egiteko estrategien inguruan hitz egin zuten eta aldarrikapenak eta aukerak partekatu zituzten. Hirugarren tailerrean, interkooperazio feministak zertan lagun dezakeen eta hainbat eremutan interkooperazio feministarako espazioak nola lor daitezkeen gogoetatu zuten, eta laugarrenean, proiektu kooperatiboetako barne araudietan ikuspegi feminista txertatzearen inguruan aritu ziren. Jarraian, Bea Egizabalen “klownklusioak”, Larrearen bazkaria, eta Ines Osinaga Mauriziak Ez du Inor Hil Kooperatiba Txikiko kidearen solasaldi musikatua izan zituzten gozagarri. Miner: «Dirua pribatua den ustea dago. Baina juntatzen hasi ginenean une bat heldu zen non ezin genuen teorikoki bakarrik hitz egin. Mahai gainean jarri genuen dena: zer diru iturri ditugun, zenbat balio duen gure orduak...» Begiristainek argitu zuen ekonomia feminista eta genero ekonomia ez direla gauza bera. Lau irizpide zerrendatu zituen: «Desfamiliarizazioa, desmerkantilizazioa, desazkunde materiala eta deszentralizazioa» Alexanianek azpimarratu zuen Almenako lanak ematen diela jaten, baina ordu erreproduktiboak ez direla ikusten. Kideekin pedagogia egin dute ordu erreproduktiboak aintzat hartuz aurrekontuak nola egiten dituzten erakutsiz Rodriguezek aipatu zuen ekonomia sozialean ari diren gehienek instituzio publikoentzat egiten dutela lan. «Ez da kasualitatea. Teorian merkatuaren logikatik ateratzen dira, baina horren barnean moldatzera behartzen gaituzte»