GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Mugatutako begiradak


Igande euritsu bat. Bi gorputz nekatu. Kultur agenda begiratu, eta ezer gutxi hurrean. Gustuko abeslari baten kontzertu bat jo dute begiz. Mapan kokatzeko ere zailtasunak dituzten Ipar Euskal Herriko herri batean da (bai, nekez asmatuko zuketen zein lurraldetan dagoen ere, bilatzailean begiratu izan ez balute). Gero, harako bidea minututan zenbatu dute. Hegoaldeko edozein hiriburutara dagoenaren parekoa da distantzia, baina urrutiago dagoela dirudi. Azkenean, kontraesanak kontraesan, harantz egin dute, igandeari kolore pixka bat emateko.

Astelehen eguzkitsu bat. Aldizkari bateko erreportajerako elkarrizketa; hiru hegoaldeko eta iparraldeko bat mahai bueltan. Solasaldiari ekin aurretik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez ari dira hizketan lehenengo hirurak -ez da hori elkarrizketarako gaia-. Izotza apurtze aldera, honela galdetu dio elkarrizketatzaileak Ipar Euskal Herriko lagunari: «Eta, nola ikusten dira zuenetik hemengo emaitzak?». Galdera bukatzerako korapilatu zaio eztarrian, ederki dakielako zer erantzun ez lukeela jakingo galdera bueltan etorriz gero.

Ostegun lanbrotsu bat. Institutuko ibilaldia. Pozik elkartu dira ikaskideak goizean goiz autobusaren bueltan. Frantseseko klaseko irteera dute, Miarritzera. Nerabeei ez die axola hara edo hona doazen, eskolatik kanpo elkarrekin eguna pasatzea baita kontua. Ordea, deseroso igo ditu eskailerak irakasleetako batek, liburuez gain, norbere herrian turista izatearen zama darama motxilan.

Europako hauteskundeak. Eskuinetik datorren haize bolada zakarra. Alderdi eta koalizioen zerrenda luzean, argi du zein den bere hautua: aldaketaren, bakearen eta herrien burujabetzaren aldekoa. Oraingoan, gainera, gutxitan bezala, euskal herritar guztiok batera bozkatzeko aukera dugula jakitun, ilusioz begiratzen dio bertako mapari. Haatik, une batez pentsakor geratu da: “Ipar Euskal Herriko ezkertiar eta abertzaleek zein zerrenda bozkatuko dute?”. Lotsa eragin dio ez jakite hutsak.

Udako oporretako lehen asteburua. Agendan aspalditik markatutako hitzordua: EHZ. Zer hobeto oporrak halako plan batekin hastea baino? Musika taldeen izenak banan-banan esango lituzkeen arren, nekez lortu du herriaren izena buruan sartzea. Urrutira joaterakoan sentitzen den zera hori eragiten dio asteburu horrek, abuztuko bidaiaren parekoa ia-ia. Bere buruari galdetu dio ez ote den Euskal Herri exotikoaren tranpan erortzen ari, izen konposatudun herrixka magiko bat eraikitzen.

Kontzertuak, ibilaldiak, elkarrizketak, hauteskundeak, jaialdiak... nahi baino gehiagotan harrapatu du bere burua hegoaldeko talaiatik mugaz beste aldera begira. Distantziak, ezjakintasunak, ameskeriak eta kontraesanak pilatu zaizkio, mugagabe. Euskal Herria beste nonbaitetik ikusi nahiko luke, bestelako begirada bat landu eta eraiki. Jakitun da errealitate politiko eta administratiboak ez duela horretan laguntzen. Baina, haien kontra egitearekin batera, buru barruan eraikitako iruditeriak eta mugak eraitsi nahi ditu.

Zubiak aldarrikatzen ditugu sarri. Toki batetik bestera garamatzaten bideak. Beharrezkoak ditugu, bai; baina ez mugak hara-hona gurutzatzeko. Mugak eraitsi, eta jomuga berriak eraikitzeaz pentsatu beharko genuke, nola mapetan hala geure buruetan ere. Distantzia batzuk luzeagoak izan ez daitezen; gure herrian turista senti ez gaitezen; kolore bereko mapak marrazteko aukera izan dezagun. Eta geure begiradak mugatu ez gaitzan. •