08 JUIN 2024 3 BEGIRADA: Adimen artifiziala, desmitifikazioa Pentsa dezagun adimen artifizialean tresna gisa, ez kreaturaizaki gisa. (Dragos CONDREA | GETTY IMAGES) Nagore BARRENA ORUEECHEBARRIA Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria, UPV/EHU Askok gogoratuko duzue “The Terminator” filma. Bertan mundu apokaliptiko bat aurkezten zaigu, makinek gobernatutako mundu bat. Skynet deritzon adimen artifizialak Lurra suntsitu eta gizateria esklabo bihurtu du. Egun, ‘adimen artifizial’ kontzeptua komunikabideetan eta, oro har, gizartean modan dago. Eta badirudi, halaber, “The Terminator”-en aurkezten zitzaigun Skynet-en “antzeko” edo horretatik gertu dagoen zerbaitekin lotzeko joera dagoela (esajerazioa da, noski). Egia da gure artean balizko kreatura berri bat dugula pentsatzeak sor dezakeen beldurra elikatzea komunikabide askorentzat irakurleak, entzuleak eta abar lortzeko bidea dela, baina hala ere, komunitate zientifikotik (konputazioaren zientziaren eremuan) bidaltzen eta elikatzen den mezuari buruzko hausnarketa egitea ere merezi du. Horren harira, Jaron Lanier informatikaria komunitatetik bidaltzen ari garen mezu eta kontzeptu horren aurka lanean dabil. Eta ni, artikulu apal honetatik, eginkizun horretara batuko naiz. Lanier-ek “The New Yorker” aldizkarian bi artikulu interesgarri argitaratu ditu: bata, publiko orokorrari adimen artifiziala eta hari lotutako kontzeptuak argi eta modu ulergarrian azaltzeko (“How to Picture A.I.”) eta bestea, adimen artifiziala bera desmitifikatzeko (“There is no A.I.”). Aro teknologiko berri baten hasieran gaudela ematen du. Berria den neurrian, beldurra eta zalantzak sortzen ditu, noski. Baina teknologia gaizki kudeatzeko modurik errazena hura gaizki interpretatzea da. Eta gure helburua aipatutako teknologiaz modu egoki eta arduratsuan hitz egitea da, publiko orokorrarentzat dibulgatzea eta ulerterraza egitea. Lanier-en hitzetan, «pentsa dezagun adimen artifizialean tresna gisa, ez kreatura/izaki gisa»; noski, arriskuaren aukera neurrian ezabatu gabe. Teknologiaren mitifikazioak erabilera okerrera garamatza. Lanier-ek adimena ez dagoen premisarekin lan egitera gonbidatzen gaitu, teknologiaren erabilera egokia egin edo hura arautzeko. ‘Adimen artifizial’ kontzeptuaren barnean egindako aurrerapen zientifikoak ikaragarriak dira, eta jarraitzen dute izaten, ez nuke kontrako mezua zabaldu nahi inola ere. Haren erabilera egokia oso onuragarria izan daiteke. Baina ‘adimentsu’ kontzeptuaren mitologizazio horri aurre egin beharko genioke. Bide horretan zientzialariok erronka eta ardura dugu: gure eremuko zenbait ingurune espezifikotatik (enpresa teknologiko handietatik, batez ere, eta modu interesatuan) atmosfera apokaliptikoa sortzeaz gain, agian ez dugu ondo azaltzen adimen artifiziala zer den eta nola funtzionatzen duen. Onartu beharra dago, era berean, Lanier-ek seinalatu bezala, erabiltzen den ohiko terminologia ez dela lagungarria tresna itxura -eta ez izaki itxura- irudikatzeko, ‘adimen artifizial’, ‘neurona’, ‘neurona-sare’ eta antzeko termino biologikoekin. •