08 JUIN 2024 { DATORRENA } Deskolonizatzeko zain, europar bozak Kanakyn Maite Ubiria La Tontouta aireportuan ozta-ozta hasi dira hegazkinen joan-jinak. Iragan maiatzaren 14an frantziar Asanblea Nazionalak hautes-erroldari buruz harturiko aldebakarreko erabakiak piztu zuen krisi larriaren ondotik Kaledonia Berria airetik isolatu zuen Metropoliak. Geroztik, frantziar poliziak, militarrak eta goi funtzionarioak lurreratzea bermatzeko baizik ez dute baliatu aerodromoa. Astebete lehenago, Tik Tok sarea berriz ere martxan eman zuen Parisek. Txinak, Errusiak, Iranek eta, oro har, “Gaizkiaren Ardatzean” kokaturiko edozein herrialdek zentsura ezarriz gero, ozen entzunen zen salaketa. Aldiz, Europar Batasuneko herrialde batek erabilitako zentsurak ez du harrabotsik sortu. Emmanuel Macronek ez du, ordea, urraturik ez zen bidea zapaldu. Egiari zor, azkenaldian hoztasuna agertu badu ere Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruarekin -besteak beste, eskuin-muturrarekin gehiengoak osatzeko zabalduriko atea dela-eta-, Eliseoko maizterrak bere egin du Parisek Bruselako exekutiboan kokaturiko peoiak eginiko xake mugimendua. Thierry Breton frantses komisarioari zor zaiolako Europar Batasunak Txinaren eraginari aurre egiteko azken hilabeteetan altxatu duen lege-horma. Digital Services Act (DSA), Digital Markets Act (DMA) edota Adimen Artifizialari buruz Bruselak idatzitako AI Act delakoaren sustatzaileetarikoa izan da Barne Merkatu eta Zerbitzuen europar komisarioa. Lehenengo, legediari errepara diezaiogun. 2023ko agorrilaren geroztik indarrean sartu zen araudiari buruz azalpen zehatzak eman zituen Bretonek. EBren araudiak atea zabaldu zuen plataformen aurkako neurriak hartzeko, betiere «haien edukiek gorrotoa bultzatzen dutenean edo matxinadaren aldeko deiak zabaltzen laguntzen dutenean». Parisek begi onez ikusi zuen Macronek berak aste batzuk lehenago egindako galderari erantzun zion lege hura. Zer testuingurutan? Nahel M. gaztea poliziak jaurtitako tiroaz hil zenean, Nanterren, protesta olatua altxatu zen Paris inguruko auzotan, baita Hexagonoko beste hiri handietan ere. Macronek istiluak astintzeko mezuak barreiatzeko ardura egotzi zien sare sozialei eta Tik Tok bezalako plataformetan «eduki politikoak kontrolatzeko» neurri berriak aldarrikatu zituen. Kanakyn muturrera eraman du zentsura, bihar, ekainaren 9an, haren parlamentua berritzeko botoa emango duen Europar Batasuneko estatu esanguratsu batek. Tik Tok itzaltzeko botoia baliatu du, zuzenean, Parisek. Bere argudioa izan da uhartedia blokeatzeko ekintzak sare hori baliatuz antolatu zirela. Izan ere, berdin aire zein uhin eremuan “out” agindua emanez, ez zuen gehiago xerkatzen Parisek, larrialdi egoeraren babespean, Estatuak eta loialisten miliziak martxan emandako bortizkeria ofiziala ezkutatzea? Europako kazetariek ohartarazi zuten estatuek beren jarduera mugatzeko balia zezaketela Bruselan bultzaturiko lege harresia; demokraziaren izenean, tresneria berria autoritarismoari haizea emateko baliatuko zutela. Arrazoi osoz. Begira, bestela, Kanakyra: bakea eta deskolonizazioa lanjerean jarri ondoren, metropoli kolonialak boto-ontziak emanen ditu, bihar, uhartedian, europar bozen karietara. • Edukien gaineko kontrola iragarri zuen EBk. Kanakyn gauzaturiko Tik Token ilunaldiak agerian utzi du sareetako edukia baino gehiago mezularia jomugan jartzea zela benetako asmoa