08 JUIN 2024 ORIOKO HIZKERA Orioko hitzak eta esamoldeak bildu eta gazteen artean hedatzeko erronkari heldu dio Aritz Pardinak Udalak egindako beka-deialdi bati erantzunez, Aritz Pardina oriotarrak herriko hitzak eta esamoldeak bildu, jaso eta hedatzeko proiektuari heldu dio. Bilketa ez da berrikuntza handia, egina aurkitu du hein batean, baina hori gazteengana helaraztea erronka mardula da. Aritz Pardina, elkarrizketarako ateratako argazkietan. (Maialen ANDRES | FOKU) Asier Aiestaran Aritz Pardina Herrero da Orioko Udalak bertako hitzak eta esamoldeak bildu, jaso eta hedatzeko egindako beka-deialdiaren hartzailea. Bekaren iraupena sei hilabetekoa da eta zenbatekoa, 3.000 eurokoa. Tokian tokiko hizkera dokumentatzea lan ohikoa izaten da, baina Orioko kasuak badu berritasun bat, helburu nagusia hizkera horren erabilera bultzatzea baita. Hain zuzen ere, «Orioko Udalak herriko hitzak eta esamoldeak bildu, jaso eta hedatu nahi ditu, belaunaldi berriek horien berri jakitea eta normaltasunez erabiltzea bultzatzeko, eta horretarako egiten du beka-deialdi hau», dio beka-deialdiak. Lanaren egilearen gaztetasunak (1996an jaioa) eta profilak ere ematen diote berezitasuna proiektuari, Aritz Pardina filosofoa baita ikasketaz -iaz "Ibai ahoak" saiakera liburua argitaratu zuen-, eta ez filologoa edo soziolinguista. Elementu horiek guztiak kontuan hartuta, Pardinarekin izan gara egiten ari den lanaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko. Bilketa, eginda «Nik Filosofia gradua egin nuen, baina beti ikasten eta lanean ibili izan naiz aldi berean. EHU presentziala denez, askotan arazoak izaten nituen klaseetara joateko eta lanarekin bateragarri egiteko. Horregatik masterra UNEDen egitea erabaki nuen, linean delako eta askoz malguagoa, alde horretatik. Ikasturtean zehar musika irakasle moduan egiten dut lan Zumaian, gitarra klaseak ematen ditut han, eta udan ere saiatzen naiz beste lanen bat egiten, ikasketak ordaintzeko. Horrela nenbilela ikusi nuen Orioko Udalak beka-deialdi publiko bat atera zuela. Ordurako musika klaseak ematen ari nintzen eta hasieran ez nuen pauso hori egin, lan handiegia izan zitekeelakoan. Baina gero iruditu zitzaidan lan interesgarria zela eta norbaitek egin behar zuela. Esan zidaten ez zela mugimendu handirik izan bekari heltzeko eta urratsa egitea erabaki nuen», aipatu digu Aritz Pardinak beka eskatzeko erabakia nola hartu zuen galdetu diogunean. Bekak hainbat fase proposatzen ditu. «Hiru fase direla esan liteke. Alde batetik, Udalaren iturri guztiak hustu eta hor dagoena aztertzea. Ondoren diagnostiko bat egitea, ikusiz bildutako hitz eta esamolde horien artean zeintzuk izan daitezkeen erabilgarriak gazteen aldetik. Eta azkenik komunikazio fasea, sare sozialak eta egokiak iruditzen zaizkigun gainontzeko bideak erabiliz». Lehen fasea, hitz eta esamoldeen bilketa, egina aurkitu du ikerlari oriotarrak. «Hasieran pentsatu nuen nik ibili beharko nuela jendeari elkarrizketak egiten. Alde horretatik, lasaitasun handia hartu nuen ikusi nuenean lan hori egina zegoela ordurako. Hala eta guztiz ere, konturatu naiz lan mardula dela hori dena sailkatzea. Ekainera arteko epea dut hori egiteko eta oraindik ere ez dut amaitu. Iturriak hainbat eskuizkribu izan dira, zaletasuna daukan jendea ibili izan delako horiek biltzen. Hori da Jon Sarasuaren kasua, adibidez. Herrian entzun dituen hitz eta esamoldeak koaderno batean apuntatzen joan da. Bera bertsolaria da eta berari ere ongi datorkio horrelakoak jasotzea. Ibon Gaztañazpiren eskuizkribu bat ere badaukat, Orioko hainbat hitz eta esamolde berezi aipatzen dituen hitzaldi batekoa, alegia. Udalak identifikatuta zituen horiek denak eta nik jaso egin ditut lan honetarako. Ahotsak.eus ataria ere iturri interesgarria da, oriotarrei egindako elkarrizketak dituelako. Beraz, hori dena txukundu eta zerrendatzea izan da nire lana. Alfabetikoki egitea erabaki dut, hiztegi baten moduan, eta ehunka zerrendatu ditut dagoeneko, asko dira». Hizkera berezia Pardinak nabarmendu duenez, lehen fase horrek Orioko hizkerari buruzko beste ikuspuntu bat izateko balio izan dio. «Aurreneko aldiz kanpoko ikuspuntu bat edukitzea tokatu zait. Ni oriotarra izanda betidanik entzun izan ditut hitz horietako asko eta ez nuen berezitasun hori nabaritzen. Baina kanpotik begira jarrita esaten duzu ‘hau berezia da’. ‘Biñipin’ behinik behin esateko, ‘belakon’ berehalakoan esateko... Horrelako asko. Eta gero beste asko, arrantzari lotutakoak. Nik aitonari asko entzuten nizkion: beita egin, ‘aparejua’, ‘kañabera’... Ezagutzen nituen, baina orain beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera izan dut». Egindako bilketaren adibide deigarri batzuk aldameneko koadroan jaso ditugu. Oriotarraren ustez, «badago tradizio bat arrantzatik datorrena, arraunetik datorrena, baina baserri girotik datorrena ere bai. Berezkotasun hori galdu egin da eta horren ordez askotan gaztelerara edo ingelesera jotzen dugu. Hau bada nolabait egoera hori iraultzeko saiakera bat». Eta bilketa amaitutakoan erabilera zabaltzeko faseari heldu beharko dio Pardinak. Argi du sare sozialak ezinbesteko bidea izango direla horretarako, baina oraindik ez du zehaztu zein izango den metodologia. «Proiektu honen helburua edo targeta gazteak dira. Oraindik ere ez daukagu zehazki pentsatuta bigarren fasea nola landu. Hori udan erabakiko dugu. Uda garaia ez da izaten onena sare sozialetarako, eta horregatik asmoa da udan jada programatuta uztea hainbat publikazio irailetik aurrera ateratzen joateko. Asmoa gauza dinamikoak sortzea da. Gaur egun sareek aukera ematen dizute, adibidez, galdeketak egiteko. Horrez gain, niri garrantzitsua iruditzen zait bertatik bertarako dinamikak ere martxan jartzea. Eskoletan edo kalean antolatu daitezke dinamika desberdinak; jolasen bitartez, adibidez. Ez daukagu ezer erabat definituta, baina aterik itxi gabe». Finean, komunikazio estrategia oso bat sortu nahi dute. «Udalak hasieratik garbi zuen ez zuela lan filologiko soil bat nahi, helburua ez zen liburu bat argitaratzea. Aukera hori beti dago eta nik dena prest utziko dut horretarako, baina benetako helburua zen estrategia komunikatibo bat pentsatzea. Jarraipen talde bat daukagu: Javi Zabaleta euskara teknikaria, Iñaki Iturain historialaria eta hirurok elkartzen gara eta hor hausnartzen dugu nondik jo. Bilera batzuk egin ditugu eta orain udara begira jarri beharko dugu, alde komunikatibo hori lantzen hasteko. Zerotik hasiko gara, hor ez daukagulako eredu argirik, nahiz eta begira jarriz gero beharbada zerbait aurkituko dugun». ORIOKO HITZ ETA ESAMOLDE BEREZIEN ZENBAIT ADIBIDE Abante! Itsasontzia irteteko prestakizun guztiak burutu direla adierazten duen seinalea. Hedaduraz, bestelako ibilgailuekin ere erabil daiteke. Aldero. Ibilgailuetan eta ontzietan, alde bat gehiegi kargatu denean. Amabirjiña > Jibia. Errioak ekarritako zakarraren artean pilatutako hezur-zatiak. Antuxuna. Kirtendun edalontzia, katilua. Apastero. Esajeratzen duena, ahoberoa. Atxi. Ume jolasetan, harrapatzailea. Bakura. Eskua. Bakurako ibili/izan: eskurako izan edo ibili; alegia, laguntzeko pronto egon. Beita. Amua bazkatzeko erabiltzen den janaria edo janari-itxurakoa, arrainak erakartzeko erabiltzen dena. Beita in: amua bazkatu edo arrantzarako prestatu. Elorriko dakan/k! Jai daukan/k!. Eskalapoi. Txokolo, kalotx(a). Ganbelu. Baldar, artaburu, tentel, zentzu suabean (Jon Sarasuak bildua). Granka. Amuaren punta. Hamaxapo. Arroketan ikus daitekeen karramarro txiki, ilun eta zapala. Hoxkar. Fresko. Haize hoxkarra, aurpegi hoxkarra. Inpentzan. Zerbait inpentzan atera. Bat-batean, asko pentsatu gabe. Inpentzan atea zait esaldiya ( Jon Sarasuak bildua). Karkara. Kale estua. Nere amona karkara hortan bizi da. Koasta > Kodasta. Itsasontziaren popa. Kuxkumekoka ibili. Ezkutaketan ibili. Lando. Zaldiek tiratutako gurdia. Lapatx. Arrain txiki multzoa. Modu figuratiboan eta hedaduraz, ume piloa (Sarasua). Lapatxa dao parken. Near-muskuilua > Negar-muskuilua. Erdi-negarra, zotinka aritzea (Sarasua). Paola > Pagola. Anguletarako erabiltzen den argia, kriseilu modukoa. Partilla. Itsasoan, harrapatzen zen arrain kantitatearen arabera arrantzaleen soldatari gehitzen zitzaion ordainsaria. Pilipiñetan eman. Zango-mamietan jo, zigor moduan. Earra in du! Horri oan pilipiñetan emango diyoe earra. (Sarasua). Txanboi. Jokoan galtzen ari denean desanimatzen, beldurtzen edo urduri jartzen den pertsona. Txirrinta. Apeta, desioa (Sarasua). Txopotx. Umeen txupetea. Ukola. Egur gorria, ebanoa. Ur mehe. Sakonera gutxiko ura. Zapizaldi. Esekigailu. Zikin estaliya > Zikin estalia. Zikina asko igartzen ez zaiona. Mantal hau nahiko zikin estaliya da (Sarasua). Zopisartu. Aitzurrarekin, belarra azaletik jorratu. Zuritasuna ikusi. Itsasoan, arrain-banku bat atzeman. «MUNDU AKADEMIKOAN ISOLATUTA SENTITZEN NAIZ ASKOTAN» Ez dira asko izango 26-27 urterekin filosofiari buruzko saiakera liburu bat idatzi dutenak. Horixe egin zuen Aritz Pardinak iaz "Ibai ahoak" liburua argitaratu zuenean. Onartu digunez, proiektua oso pertsonala zen eta bera izan zen argitaratuko ziotela esan ziotenean ezustekoa -baina ezusteko oso pozgarria- hartu zuen lehena. «Liburua idaztea oso proiektu pertsonala izan zen, une hartan lan akademikoagatik oso itota sentitzen nintzelako. Nire burua filosofian oso sartuta ikusten nuen, baina beti ikuspuntu akademikoarekin. Egoera horretatik nire burua askatzeko modu bat izan zen liburua idaztea. Iturri eta oinarri berberetatik abiatuta -kasu honetan, Nietzescheren ingurukoak-, zerbait erabat desberdina egiteko aukera izan zen; akademikoa izan beharrean, sortzailea. Ikusi nuen Balea Zuria argitaletxea saiakerak argitaratzen hasia zela eta idatzi egin nien nire ideia kontatuz», azaldu du. «Niretzat hasieran ezusteko handia izan zen. Ez duzulako espero horrelako lan bat, horren pertsonala, interesatuko zaienik. Nik, etxean, nire buruarentzat idatzi nuen kasik; beraz, aurreneko ezustekoa, hori. Filosofiako lan bat izan da, ez da asko saldu, ez zen espero, egia esan, baina harrera izan du eta jendearen feedback-a positiboa izan da. Alde horretatik pozik nago», gaineratu du. Eta, nolabait, parekotasunak ikusten ditu liburu hori idazteko eta Orioko hizkera lantzeko proiektuen artean. «Orioko hizkeraren beka honek ere horretarako balio izan dit, hein handi batean. Askotan ibiltzen naiz filosofia arloko lanetan, hitzak aztertzen edo kristoren testutzarrak ikertzen, eta mundu akademiko horretan isolatuta sentitzen naiz. Eta buruan beti daukazu galdera hori: ‘Zer ekarpen egin diezaioket nik herriari egiten dudan lan honekin?’ Egiten duzun ikerketa lan horrekin herriari ekarpen bat egiten diozula ikustea interesgarria da. Erregistroz aldatzeko ere bai». Filosofiak hezkuntzan eta gizartean izan behar duen lekuaz ere galdetu diogu, presentzia hori murrizteko joerak antzematen baitira azkenaldian. «Filosofia beti izan da deserosoa. Filosofiak suposatzen du hausnartzea eta dakiguna zalantzan jartzea. Hori edozein sistemarentzat deserosoa da, gutxienez. Orain badirudi aldatzen ari garela, baina orain artean oso egituratuta zegoen hezkuntza sistema tradizional batean filosofia sartu eta ikasleei sistema hori zalantzan jartzeko gaitasuna ematea sistemarentzako kaltegarritzat jo zitekeen. Hori hezkuntzari dagokionez. Eta gero aurreiritzi sozial asko daude filosofiaren inguruan: abstraktua dela, konplikatua dela, ez duela bizitza errealarekin zer ikusirik...». Eguneroko eztabaida eta erabaki garrantzitsuetan helduleku bikainak eskaintzen dituzte filosofoek, baina hor ere ekarpen horiek gutxiesteko joera ikusten du Pardinak. «Atzo telebistako tertulia horietako bat ikusten ari nintzen, hain zuzen, gai jakin baten inguruan hausnartzen ari ziren, eta horixe pentsatu nuen, hura teorizatuta zuela filosofo batek. Askotan horrela jarduten gara, zerbaiten inguruan bueltaka, jakin gabe teoria bat dagoela horren atzean eta landuta dagoela. ‘Izorratzaile’ estigma hori badaukagu. Gaur egun denak dibertigarria, dinamikoa, entretenigarria izan behar duenez, filosofo bat badator esatera ‘aizue, egiten ari zareten hori guztia landuta dago’, hori ez da gustukoa izaten». Aipatutakoez gain, musika da Aritz Pardinaren beste zaletasun bat. Hori bai, ogibide eta aisialdi, musikaren bi aldeak ezagutzen ditu Intza eta Ibai Marinekin jotzen duen oriotarrak. «Gustura nabil. Egia da ez daukagula kontzertu askorik, baina une honetan eskertzen dut hori. Oraintxe gutxien beharko nukeena asteburuero kontzertu bat izatea litzateke. Baina horrek ere ematen dizu liberazio hori: elkartu, entseatu, une politak pasatu, noizean behin kontzertu bat eman... Ez dut profesionalki hartzen. Musika da nire ogibidea, baina irakaslea naizen aldetik. Musika taldeena zaletasuna da batez ere, oraingoz nahiko lasai hartzen dudana». «Hasieran ez nuen pausoa egin, lan handiegia izan zitekeelakoan. Baina gero iruditu zitzaidan lan interesgarria zela eta norbaitek egin behar zuela», dio Pardinak «Nik aitonari asko entzuten nizkion: beita egin, ‘aparejua’, ‘kañabera’... Ezagutzen nituen, baina orain beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera izan dut», esan du oriotarrak