GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Amaiera(k)

Zerbait amaitu dela esaten dugunean, ez al dugu esan nahi aldatu egin dela? (GETTY IMAGES)

Nire azken lerroak zuri idaztea erabaki dut. Hori baitzara zu, ezta? Azkena. Zerbaiten bukaera, azken unea. Zerbait hasi bezain pronto, ziztu bizian etortzen zara. Bikote ederra zarete zuek, bai, zu eta hasiera, esan nahi dut. Hasierek amaiera behar dute eta alderantziz, elkarren beharra duzue. Egia esatea nahi baduzu, ez dakit gustuko zaitudan edo zer. Batzuetan zu etortzeko irrikan eta beste batzuetan, beldurrez. Hasi eta amaitu. Hasi nintzelako, amaitzera noa.

Eta honi guztiari bueltaka ibili naiz, zure inguruan pentsatzen eta hausnartzen. Hain presente zauden honetan, zure presentzia benetakoa al da? Esan nahi dut, benetan, zenbatetan da zerbaiten amaiera? Gauzek, uneek, harremanek... hasiera eta amaiera zehatzak al dituzte? Mugatu genezake? Ez al zaitugu askotan aldaketarekin nahasten? Zerbait amaitu dela esaten dugunean, ez al dugu esan nahi aldatu egin dela?

Galdera mordoa, erantzun gutxi. Gustatuko litzaidake zu aurrez aurre izatea eta galdera horiek zuri egitea eta noski, zuk erantzutea. Hori, benetan existitzen bazara, behintzat (badakizu buruari bueltak ematekoa naizela). Zuri idazten ari banatzaizu, existitzen zarelako izango da, ezta? Demagun baietz, existitzen zarela. Jolas dezagun. Aurrean zaitut, ez dakit zergatik baina ilun samar irudikatzen zaitut. Badakizu oro har ez duzula halako fama onik, beti noiz amaituko den beldurrez, zu noiz etorriko zaren beldurrez; noiz amaituko da nire bizitza, noiz harreman hau, noiz lana, noiz eguna, noiz bolada ona... Eta esan bezala, beste batzuetan zu etortzeko irrikan; noiz bukatuko da tristura, noiz mina, noiz beldurra, noiz begirada iluna... Berriz ere dikotomian, berriz ere beldurraren eta irrikaren artean.

Zurekiko sentitzen dudana aldatzen doa; ikusi duzu batzuetan hemen eta besteetan han egoten naizela, aldatzen doa, noa. Zu ulertzea kostatzen zait maiz. Askotan heriotzarekin lotzen zaitut, desagertzearekin. Agur batekin. Eta joder, agur esatea badakizu zeinen zaila egiten zaidan. Ez begiratu horrela, saiatu saiatzen naiz eta era berean, gehienetan ez dut esan nahi. Esan didate mantentzea dela onena, esan didate gelditzea dela egin beharrekoa, esan didate zu beldurgarria zarela. Heriotza gertatzea dagoen unerik okerrena dela, agur esatea mingarriegia dela, desagertzea dagoen okerrena dela.

Ez didate esan gustura ez gauden lekuetan gehiegi gelditzeak desagerrarazten gaituela benetan. Zure beldurrez bizitzea dela benetako amaiera. Existituko ez bazina bezala bizitzen saiatzea dela gezur handiena eta mingarriena. Ez didate esan zurekin harremana sendotzea dela apustu ziurrena. Zu baitzaude beti edozein une eta harremanen barruan, era berean baitzara hasiera eta amaiera. Mor Moren abesti batek esaten duen bezala, hasieren amaiera, amaieren hasiera. Zu gabe ez dago aldaketarik, zu gabe ez dago hasierarik.

Eskerrik asko, hasieratik egoteagatik. Eskerrik asko, etorri izanagatik eta hurrengora arte. •