GAUR8 - mila leiho zabalik
AKZIOTIK PAPERERA

Poesia bisuala egiteko bidea, poesia ilustratu forman, «Titiritari» liburuan

Anita Maravillas antzerki konpainia sortzaile izatetik musaren rola hartzera igaro da. «Titiritari» liburuan jaso dute Miren Amurizak eta Malen Amenabarrek, hitzez eta irudiz, hurrenez hurren, titiritarien lana, poesia bisualaren bidez. Jostailutik ere badauka zatika zein jarraian irakur daitekeen liburuak, ume zein helduentzat gozagarri.

Malen Amenabar, Miren Larrea eta Miren Amuriza, “Titiritari” liburua esku artean dutela. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

E sku artean hartu duen unean bertan ituna sinatu du irakurleak “Titiritari” liburuarekin, nahi eta nahi ez. Miren Amuriza idazle eta bertsolariak eta Malen Amenabar irudigileak paperera eraman dute oholtza gainean zein haren inguruan Anita Maravillas konpainiako kideek eta kolaboratzaileek egiten duten lana. Bertan jaso dituzte haien esanak, noski, baina, obraren hasiera markatzen duen esaldiak argi uzten du, entzun, denak entzun badituzte ere, sinetsi, txotxongiloei sinetsi behar dietela irakurleek.

Amuriza, Amenabar eta Miren Larrea konpainiaren sortzaile eta kidea GAUR8rekin aritu dira liburuaz, kontatzen dituenez eta hura ontzeko prozesuaz. Elkarren ez ezik, Zornotzako Billiken eta Durangoko Artekan ere badago eskuragarri, Iñigo Astiz editore izanda, Anita Maravillasek eta Portal 71k plazaratu duten “Titiritari”.

Ahots txikiak handi

Txotxongiloei sinesteko gonbita egiten diote egileek irakurleari, haiek kontatzen dutenaren lekuko ez ezik, protagonista ere bilakatuko dutelako. Amenabarrek azaldu du garrantzi handia eman diola bai txotxongiloaren begiradari bai hari begiratzeko moduari ere.

«Txotxongiloa eraikitzen da berarentzat ezezaguna den leku batean eta leku hori deskubritzen hasten da», azaldu du. Deskubritze prozesu horretan, begirada zelanbait feedbacka itzultzeko modu bat da irudigilearentzat, eta erdigunean jarri nahi izan du txotxongiloa libururako sortu dituen irudietan.

Irudietan ez ezik, Amurizaren hitzetan ere espazio berezia du titereak. Ez da batere ohikoa eskaini dion lekua. Izan ere, normalean autoritatea izango liratekeenek -«helduak, beharginak, dakitenak»- hartzen duten tokia gorde dio txotxongiloari, protagonismoa «beste ahots txiki horri» emanda.

Zalantzei galderez erantzun

Galderak aipatzen ditu “Titiritari” liburuak; bereziki, antzezlana bukatutakoan, haurrek titiritariei egiten dizkietenak -ahoan zalantzak botatzeko metraileta balute bezala, gainera-.

Amurizari enkargua egin ziotenean, ordea, argi utzi zioten ez zutela erantzundun libururik nahi, haurrei sortzen zaizkien galderei jarraituko dien haria baizik, bide beretik jarraitu dezaten. Baietz dio buruaz Larreak, kideari entzun bitartean. «Gu beti saiatzen gara galdera berriak edo pizgarri berriak sortzen», gaineratu du.

Hala ere, funtzionamenduari eta beste hainbat xehetasuni lotutako kontuak jaso dituzte, antzerkiaren alorrean ibili ez den edonorentzat argigarriak direnak, alor ezezaguna baita gehiengoarentzat arte eszenikoena, are gehiago txotxongiloekin egindako antzezlanena.

Horrela, irakurleak jakingo du dekoratuaren parte bat antzezleek beraiek eskuz prestatzen dutela, titereak obra bakoitzerako sortzen dituztela buztinez, banatzaileak zein lan egiten duen, zuzendariak zein rol jokatzen duen... Eta beste pila bat gauza, ezinezkoa badirudi ere, liburuan kabitzen direnak.

Horrez gain, egileek ez dute inori, haur zein heldu, zein ondorio atera beharko lukeen esateko asmorik, horixe da-eta Anita Maravillasen egiteko modua, Amurizak eta Amenabarrek liburua ontzean errespetatu dutena.

Miren Amurizak aitortu du haurrei zuzendutako liburu, antzerki zein bestelako produktuekin badagoela moralista izateko joera, ona eta txarra zer den adieraztekoa. «Zuena beste sentsibilitate batetik egindakoa da», dio Miren Larreari begira, «irakaspenik barik».

Ados dago titiritaria, eta azaldu du kontatzen dituzten istorioetan ez direla saiatzen inori ikasketarik entregatzen; «nor da nor gaur egun norbaiti esateko zer dagoen ondo eta zer txarto?». Horregatik, pozik eta hunkituta dago liburuaren emaitzarekin, bat datorrelako konpainiaren esentziarekin: «Iruditzen zait lehengusinak direla».

«Poesia akzioan»

Liburuan jasotako aipu batek dio txotxongiloa hori dela: «poesia akzioan». Izan ere, Anita Maravillas konpainiak sortzen dituen antzezlanetan poesia bisuala bilatuz egiten dute lan, Miren Larrearen hitzetan. Beharbada, horrexegatik eman diote liburuari poesia ilustratu forma. Horrela, poesia, hitz laua eta irudiak tartekatzen dira, haien artean elkarrizketa moduko bat sortuz.

Liburua da, berez, irakurtzeko sortua; teorian, behintzat. Jolasetik asko dauka, ordea. Izan ere, aukera ematen du lehen orrialdetik hasi beharrean, zatika irakurtzeko; norberarentzat bakarrik ez, ozen irakurtzeko... Eta behin baino gehiagotan aztertuz gero, aldi bakoitzean xehetasun berriak aurkituko dizkio irakurleak esku artean darabilen obrari.

Horrez gainera, prozesu paraleloak izan dira Anita Maravillasen “Andereño” antzezlanaren sortze prozesua eta Amenabarren eta Amurizaren “Titiritari” liburuarena, antzerkiaren ontze prozesuari begira joan baitira osatzen orain liburu forman plazaratu dutena.

Amurizak elkarrizketen eta behaketaren bidez jaso ditu testuak sortzeko behar zituen azalpenak eta bizipenak eta, ondoren, Amenabarri egokitu zaio irudiak sortzea, betiere elkarlanean.

Bi egileek nabarmendu eta eskertu dute, hain zuzen ere, elkarlanean aritzeko aukera. Malen Amenabar ilustratzailea izaki, askotan egokitzen zaio prozesuaren azken momentuan soilik esku hartzea, bide osoan parte hartzeko aukera izan gabe. Bestelakoa izan da “Titiritari” prestatzeko modua.

Biak ala biak Anita Maravillasekin lan egindakoak dira. Izan ere, Amurizak idazten dizkie darabiltzaten hitz gutxiak eta Amenabarrek eszenografiarako irudiak egin izan dizkie, besteak beste.

Erronka izan dela aitortu du Amurizak, eskarmentudun idazlea bada ere: «Orain arte idatzi ditudan gauzetan ezagutzen nuenari edo gutxi gorabehera ukitzen ninduenari buruz idatzi izan dut. Honetan, ezjakintasunetik abiatuta egin dugu». Hori dela eta, titiritarien lana bertatik bertara ezagutzea izan zen lehen pausoa eta, horretarako, sortze prozesuaren zatietan izan dira, hasiera-hasieratik.

Poemak eta esanak

Hori gutxi ez, eta produkzioan parte hartu duten kideak elkarrizketatu ditu Amurizak; «ordubeteko eta bi orduko elkarrizketak» egin dizkie denei. Hortik atera ditu liburuak dakartzan aipu asko, azaldu duenez. «Testu batzuk asmatutakoak dira eta beste batzuk, Iñigo Astizek esanda, poema aurkituak»; hots, elkarrizketatuen esanak hartu eta gehiegi orraztu gabe liburuan txertatuak, azaldu du Amurizak eskuekin pintzaren keinua eginez.

Malen Amenabarrek “Andereño” antzezlanean txotxongiloen luzapena ziren irudiak sortu zituen eta horrek aukera eman dio titiritarien lana bertatik bertara ezagutzeko, baita “Titiritari” enkargua jaso aurretik ere. Entseguetan egon da eta deigarria iruditu zaio nola aldatzen den eszenatokia saio batetik bestera: «Titerea hartzen dute eta zutunik jartzen dute; orduan, bizirik dago».

Azaldu du momentu horietan ikusitakotik osatu duela gerora liburua ilustratzeko erabili duen iruditegia, «ilustratzaile moduan sortu dudan pertsonaia hori bizirik dago eta entseguetan ikusitakotik sortua da».

Irudi ehiztariak

Anita Maravillasen produkzioetako txotxongiloak ez dira haridun peluxezko panpinak, ezta titere hiperrealistak ere. Izan ere, Larreak azaldu du ez direla saiatzen ezer errealik bilatzen, horretarako badaudelako pertsonak edo aktoreak, eta labur geratzea iruditzen zaio errealitatearen erreprodukzio fidel hutsa bilatzea.

Horrela, txotxongiloek aukera ematen diete beste unibertso bat sortzeko, ideia askoz ere poetikoagoak egikaritzeko. Panpinekin, argiztapenarekin, testuekin eta beste hainbat elementurekin egiten dute lan, horiekin guztiekin batera irudi jakin bat bilatzen dute, eta «irudi horrek ematen duen emozioa, zerbait oso instintiboa».

Nabaria eta begien bistakoa denetik ihesi, Anita Maravillasen obretan nahiago izaten dute iradoki, ikusleei esperientzia pertsonalagoa bizitzeko aukera emanez.

Miren Larrea jakitun da batzuek panpinengan errealismoa bilatzen dutela, baina bidaia beste norabide batean egin behar dela uste du berak: «Irudi ehiztariak gara eta zerbait transmititzeko lortu nahi dugu irudi hori». Horretarako titereak baliabide paregabea direla ziur dago, oso aberatsa baita haien lengoaia eszenikoa.

Bizirik, titiritariaren eskuetan

Maren Basterretxea da txotxongiloei bizia ematen dien titiritarietako bat eta harekin izan zuen elkarrizketan azaldu zion Amurizari nola igarotzen den titerea panpina izatetik izaki biziduna izatera, hiru adibide emanda: «Lehenik, buruaren mugimendua; bigarrenik, ilea mugitzea, eta hirugarrenik, atzamarra kamisetaren atzetik sartu eta bihotz taupada egitea». Deigarria iruditu zitzaion Amurizari, horrenbeste, non “Bihotz kilker” poema idatzi baitio «diferentzia txiki handi» horri.

Amenabarren arreta ere deitu du horrek eta, bere diziplinara ekarrita, collage bat iruditzen zaio: «Testura pila bat, geruza pila bat, elementu pila bat, kolore eta argi pila bat... Horien arteko konbinazio perfektua da». Gainera, horrenbeste elementu desberdin egoteak aukera ematen dio ikusle bakoitzari detaile jakin batekin geratzeko, irudigilearen hitzetan.

Anita Maravillas

Konpainia txikia da Anita Maravillas, lau buruko nukleoa eta kolaboratzaile asko dituena -finkoak, gehienak-. Miren Larrea zornotzarrak eta Valentina Raposo txiletarrak sortu zuten 2005ean Bartzelonan. Euskal Herrira itzulitakoan, Portal 71rekin hasi ziren elkarlanean, produkzioa haiek eraman zezaten.

Ia bi hamarkadako ibilbidean hainbat aitortza jaso dituzte: 2021eko Feten jaialdian titereekin egindako ikuskizun onenaren saria eman zieten eta 2022. urtean Arte Eszenikoen Max Sarietako finalista izan ziren. Furgoneta bidelagun, biran ibiltzen dira asteburu askotan; «hori ere bada prozesuaren parte, hamar ordu furgonetan ematea», dio Larreak.

Portal 71n ezagutu zuten Ivan Alonso. «Segidan konturatu ginen berak izan behar zuela gure zuzendaria, oso ondo ezagutzen duelako gure lana, baita gure esentzia ere, eta gure harrikada ere bai», gogoan du Larreak. Ion Chavez da laugarren kidea: bera arduratzen da argiztapenaz. Larrea lehendik ere harekin lan egindakoa zen, eta argi zuen taldean nahi zuela.

Nukleoa, berez, lau lagunek osatzen badute ere, kolaboratzaile finko asko dituzte inguruan. Rocio Pindado da horietako bat, Portal 71n salmentaz arduratzen dena, «eta gehiago ere egiten du», adierazi du Miren Larreak.

«Gero, sortze prozesua hasten denean deitzen ditugu betiko kolaboratzaileak eta beste berriren bat», eta horrela lortu dute kolaboratzaile sarea osatzea: «Musika konposizioan Fran Lasuen sartzen dugu, Iñaki Ziarrustak eraikitzen du guk proposatzen dugun eszenografia, Betitxe Saitua ibiltzen da gure jantziekin, panpinen jantziekin Paulette San Martin...». Eta, nola ez bada, baita Miren Amuriza eta Malen Amenabar ere, besteak beste; «horren atzean jende pila bat dago», argitaratu berri duten liburuan ezin hobeto azaltzen denez.

Jende asko sartzen dute proiektuan lanean aldi berean, eta Miren Larreak azaldu du, horrelako zerbait ondo irten dadin, ezinbestekoa dela ideia bera oso argi izatea: «Konpainiak oso landuta izan behar ditu gauzak besteei transmititu ahal izateko, askatasuna eman ahal izateko».

Hori baita darabilten metodoa, bakoitzari egiten dakien hori askatasunez egiten uztea, ilustratzaileari esan gabe zein kolore erabili behar duen edo argiztatzaileari zein argi piztu behar duen, esaterako. Larreak azaldu du horrela eratutako giroa dela sortzeko aproposena; elkarrekiko errespetuan eta konfiantzan oinarritzen dena, alegia.

Era horretan lortzen dute horren prekarioa den arte eszenikoen munduan lantalde egonkor bat mantentzea. Konpainiak hogei urte beteko ditu datorren urtean, gauzak ondo egiten ari diren seinale.