06 JUIL. 2024 «ASKAOT», HAIZE GOXO BAT DABIL OZTIBARREN 200 lagunek osatutako ikusgarri gotorra, Bunuztar Xoriak euskal dantza taldearen 50 urteen ospakizun Aurten 50 urte bete ditu Bunuztar Xoriak Oztibarreko euskal dantza taldeak. Urte osoko lan sakon baten ondotik, bailarako 200 dantzari, kantari, musikari eta antzerkilari taularatuko dira «Askaot» ikusgarrian, uztailaren 12an eta 14an, Bunuzeko Aozteiko pentzean. «Askaot» obrako hainbat partaide. Ikusgarria pentze batean emanen dute, oihan eta erreka bazter batean, zinez kanpoan egin nahi zutelako, toki biziki goxo batean. (Sabina HOURCADE) Maider Iantzi Bunuztar Xoriak Oztibarreko euskal dantza taldea 50 urteak ospatzen ari da 2024 honetan, eta hamarkadero egin duen bezala, proiektu berezi bat prestatu du taldea lotzeko eta indarberritzeko. Adin desberdinetako herritarrek elkarrekin ikusgarri bat gauzatzea izan da asmoa. Jenofa Bacho da antolatzaileetako bat. Bunuztar Xoriak taldeko arduradun taldean dabil, baita ikusgarriak antolatzeko baliatzen duten Xixta kultur elkartearen bulegoan ere, bertze zazpi kiderekin batera. GAUR8ri kontatu dionez, duela urtebete hasi ziren lehen bilkura publikoak egiten, jendeari aipatzeko bazutela abiatzeko proiektua eta galdetzeko zeri buruz hitz egin nahi zuten ikusgarrian eta zer forma eman nahi zioten. Erabaki zuten dantzari eman nahi ziotela garrantzia, nahiz eta kantuak eta antzerkiak ere tokia atxiki, Nafarroa Behereko bailara honetan badelako horiekiko lotura bat. Garaian antzerki talde bat izan zen, eta azken urteetan berpizten ari da libertimenduei esker. «Ikusgarrian garrantzitsua izan da sorkuntzak herritarren artean eraikitzea, proiektua taldearena eta amateurra izatea. Musikan, hala ere, profesional bati galdetu diogu laguntza, Xabi Leoni». Denak besoak zabalik hartuak Funtsezkoa izan da inor ez baztertzea; izen-emateak ireki zituztelarik, maila jakin batekin edo deus jakin gabe hurbildu zen jendea, eta horren arabera garatu da proiektua. «Denak besoak zabalik errezibitu ditugu. Eta arloetako eramaileak, kantu, antzerki zein dantzakoak, parean zituzten pertsonetara egokitu dira». «Batzuek ez zuten sekula dantzatu, eta lehen fasean, irailetik goiti, oinarrizko urratsak erakutsi ziren: euskal jauziak, fandangoa, arin-arina... Gero, aski fite sorkuntzari buruz lan egiten hasi ziren. Urtarriletik goiti, denek oinarrizko urratsak menderatzen zituztelarik, sorkuntzak eraikitzen sartu ziren gehiago. Apirilaz gero sorkuntzak eraikiak dira eta hori guztia fintzen, detaileak eta posturak hobetzen ari gara». Kantariek, bertzalde, fase bat ukan zuten elkar ezagutzeko, eta otsailera arte denetariko kantak landu zituzten. Handik goiti ikusgarriko kantak entseatzen ari dira. Antzerkian, taldea eraikitzeko fase luze bat izan zen urritik urtarrilera. Inprobisazio bidez hainbat gai pausatu ziren, eta horietatik abiatuz, emeki-emeki, antzerki testuak sortu ziren. Antzerki tailerraren eramaile bat bada, eta berak dio testuak kolektiboki idatzi direla. Bi talde daude: bata, haur eta nerabeena, eta bertzea, heldu eta gazteena. «Haur eta nerabeek beren lekua hartu nahi zuten, azken lau urteetan libertimenduak berriz abiatu baitira Oztibarren, eta helduagoak ikusten zituzten antzerkian». Ikusgarrian beren tokia ukan dute eta, bide batez, libertimenduetarako kideak segurtatu. Lan parte-hartzailea 120 dantzari inguru biltzen dira ikusgarrian, 60 bat haur eta 60 bat heldu, Joana eta Jenofa Erdozaintzi-Etxarten gidaritzapean, Eztitxu Lascor eta Maider Curucheten laguntzaz; 15 antzerkilari, haur eta heldu, Jean-Marie Irigoinek lagundurik; 30 kantari, Ekaitz Costaren gidaritzapean; bederatzi musikari, Xabi Leonen gidaritzapean, zortzi bat dendari, eta inguruan lanean ari diren guztiak (bulegokoak, ikusgarri eguneko laguntzaileak...). Oztibarreko egunerokoan nabari da “Askaot” martxan dela. «Bestela ere bada ohitura elkarrekin aritzeko, baina gogo hori azkartu egin da bortxaz, eta espero dugu ondoko urteetan dinamika horrek bizirik segitzea. Espero dugu jendeak elkar gurutzatzen eta elkarrekin trukatzen segitzeko gai izatea», dio Bachok. Euskara, indarturik Halako urte batetik euskara ere indarturik aterako den itxaropena dute. «Euskara presente dago Oztibarren, baina egia da anitzek, jakinda ere, ez dutela egunerokoan erabiltzen. Proiektu honetan, kurtso eta tailerrak euskaraz eman direnez, parada izan da astean behin, bitan edo hirutan dantzan, kantuan zein antzerkian euskaraz aritzeko, eta ondorioz euskararen inguruko erabilpen ohiturak pixka bat moldatu dira. Espero dut eragin diren ohitura aldaketek iraunen dutela». Dantzariak, datorren asteburuan emanen duten ikusgarrirako entseatzen, Donaixtiko Ezkerparetan. (Sabina HOURCADE) Bunuztar Xoriek euskaraz lan egiten dute. «Irakasle guziak euskaldunak gara, errezibitzen ditugun haur gehienak edo ikastolan dira edo eskola publikoko sail elebidunean; ondorioz denek badute gutxi edo aunitz lotura euskararekin. Haurrei zein helduei ematen dizkiegun kurtsoak euskaraz dira, itzulpena ere ematen dugu, baina urtez urte gero eta gehiago egiten dugu euskaraz, itzulpenaren beharrik ukan gabe. Dantzan, elkarri begiratuz ulertzen dugu elkar, eta emeki-emeki hitzak eta ohiturak sartzen dira, euskarak bere tokia hartzen du naturalki». Antzerkian, mintzatzeko molde berezi bat erabiltzen da, eta antzerkilariak hastapenetik euskaldunak baziren ere, indarra egin da erritmoa eta mintzatzeko molde bat atxikitzeko. «Uste dut denak hobetu garela gure hizkuntza mailan ere», aipatu du antolatzaileak. «Askaot» hitzaren erranahia ‘Askaot’ Oztibarreko hitz zahar bat da, laborantza mundukoa, hiztegietatik desagertzen ari dena. Udako egun bero eta sapa horietan, laborariak belarrak naiatzen ari direlarik, batzuetan altxatzen den haize zirimolatsu bat da, belar puntak itzulika altxarazten dituena. Euskal dantzak ere mugimendu hori segitzen du, eskuin, ezker, baten eta bestearen eragina eta kolorea hartuz, itxuraldatuz, berrituz. «Hitz hori ezagutzen zuten galdetzen hasi ginen jendeari. Duela zenbait urte kultur elkarte batek atxiki zuen izen hori, eta hortik oroitzen zuten. Laborariek bazekiten erranahia, baina gainerakoek ahantzia zuten. Oztibarreko hitz bat nahi genuen, eta ez dira ainitz, gurutzatze tokia baita, Garaziko euskarak eragina du, eta xibererak ere bai, xuka egiten da hemen. ‘Mantxut’ (barkatu) da hemengo hitz bat, eta ‘askaot’, beste bat. Maite genuen haize firfira goxo eta girotsu horren izena ematea, gure ikusgarriak aipatzen baitu euskal dantzaren bilakaera, garai ezberdinetan ukan duen tokia». Euskal dantzak Oztibarren garrantzi handia izan zuen. Ikusgarrian aipatzen dute Erdi Aroko pasarte bat: tokiko jauna gaitzitu zen. Lehen dantza emateko ohorea ukan behar zuen, eta mutiko gazte batek ebatsi zion ohore hori. Soldaduak igorri zituen gazte horren gibeletik, eta erdi hilik utzi zuten. Garaian baziren auziak ere lehen dantza horren ohorearen inguruan. Emeki-emeki toki hori galdu zuen dantzak. Ez botereari hain lotua, garrantzia izan zuen jaietan. Gizonek dantzatzen zuten, garrantzia zuen bikoteak sortzeko eta elkar ezagutza egiteko. Zentzua Garrantzitsua iruditzen zitzaien ahal bezainbat zentzua ematea ikusgarriari, eta bi hitzaldi antolatu zituzten. Urrian, Oier Araolazak eta Gari Otamendik, hitzaldi dantzatu batean, lehengo garaietan borobileko dantzak egiten zirenetik testuinguru soziopolitikoaren arabera euskal dantzak zer bilakaera izan duen kontatu zuten. Abenduan, Antton Luku eta Jojo Bidart Nafarroa Behereko dantzari buruz mintzatu ziren zehazkiago. Jauziak ematen ziren mundu gerra aitzin. 1930-36 urteetan, dantza eta musika biziki lotuak zeuden, eta musikari ezagunak ibiltzen ziren herrietan. Jotzeko moldearen arabera hainbat dantza sortu ziren; “Euskaldunak sorginak”, adibidez, gaur egun oinarrizko dantza bilakatu dena. 1936ko gerraren ondorioz, errefuxiatu ainitz etorri ziren Hego Euskal Herritik, hemen finkatu ziren eta beren kultura ekarri zuten. 1950-60 hamarkadan dantza talde handiak sortu ziren, eta hegoaldeko dantzak egiten hasi ziren; “Ezpata-dantza”, kasu. Baigorri eta Garaziko taldeetan, une batez, dantza horiek bakarrik erakusten ziren. Turismoa ere biziki garatu zen, udan frantses ainitz heldu ziren, eta dantza ikusgarri ainitz egiten ziren. Jenofa Bachoren arabera, hor sentitu zen euskal dantzaren aldaketa bat. «Lehen bazuen tokia komunitatean, herrian, eta hor bilakatu zen ikusgarrietako dantza». Jauziek ere garrantzia galdu zuten, ez baitziren hain ikusgarriak. Urte zenbait berantago, euskal dantza taldeen baitan gogoeta eta kezka azaldu zen berriz, ikusirik Euskal Herriko beste eskualdeetako dantzak dantzatzen zituztela eta bertakoak ez. «Zer egiten dugu gure dantzekin? Baztertu edo segitu horren erakusten? 70eko hamarkadan ohartu ziren kanpokoak ikastea ontsa zela, baina behar zirela tokiko dantzak ere landu». Bizimoduaren barneko zerbait «‘Askaot’ ikusgarrian gogoetatzen hasi ginelarik problematika horiek pausatu ziren: nork dantzatzen zuen norendako, zein dantza erakusten dugun eta zein ez, nora nahi dugun segitu, zer ondare atxiki nahi dugun. Haizeak ongi erakusten ditu dantzak ezagutu dituen aldaketa eta moldaketak. Haizea izan baitaiteke indartsu, indar hori nahi genuen atxiki segi dezagun gure ondarearen erakusten, baina biziarazten ere bai, moldatuz. Sorkuntzekin eta oinarrizko urratsekin segitu behar dugu jostatzen, plazera hartuz, ez bakarrik folklore gisa, zinez herrian partekatzen den elementu bat bezala baizik. Gure bizimoduaren barne den zerbait bezala». Hor lotzen da dantza euskararekin. «Duela bi urte beste proiektu bat gauzatu genuen profesional baten laguntzarekin. Euskal dantza tradizionala eta garaikidea nahasten genituen. Antzerki pasarteak ere baziren. Aberatsa zen, baina irakaslea erdalduna zen, eta ez genuen neurtu hizkuntza mailan izaten ahal zen eztabaida. Profesional horrekin lan egin dugularik ohartu gara euskal dantzaren tokia atxikitzea hizkuntzaren auzia ere badela». Erabaki zuten dantzari eman nahi ziotela garrantzia, nahiz eta kantuak eta antzerkiak ere tokia atxiki. (Sabina HOURCADE) «Erdalduna izanik arraroa, bortitza ere egiten zitzaion ikusgarria osoki euskaraz izatea. 13-15 urteko gazteak ziren proiektu hartan, gehienak ikastoletako ikasleak. Beren ikasle bizian eta familietan bazuten kontzientzia euskara salbatu nahi badugu gure esku dela. Talka bat izan zen irakasle harekin. Arduradunak ez ginen ohartu eztabaida hori bazela. Gu ere sartu ginen barrenean. Biziki interesgarria antzeman genuen, bortitza izan bada ere batzuentzat, eta erabakiak hartu ditugu elkarrekin. Ohartu gara hizkuntzaren tokia ez zela naturala; guretzat bai, baina ez denentzat. Ohartu ginen behar genuela hori ere zaindu. Bilkura publikoetan ere euskarari eman nahi izan genion garrantzia, eztabaidak sortzen bazituen ere». «Dantzak sortzen ditugu, baina noraino moldatzen ahal ditugu euskal dantzak bere nortasuna gal ez dezan? Garaiaren eta pertsonaren arabera erantzun ezberdinak emanen dira, baina inportantea da horretaz kontziente izatea». Sorkuntzak Dantzak Jenofa eta Joana Erdozaintzi-Etxartenak dira. Musika eta moldaketak, Xabi Leon, Ekaitz Costa eta Serge Labescaurenak. «Azken kanta Oztibarreko bi gazteren bertsoek osatzen dute. Nahia eta Goizane Etxeberri dira. Biziki harro gara. Eskolarteko txapelketan bigarren egin du Nahiak». Afixa eta argazkiak Sabina Hourcaderenak dira. Oztibarreko herriak, EKE, Herri Elkargoa, Crédit Agricole eta tokiko enpresak dituzte babesle. Bi emanaldi Kalitatezko ikusgarri hau bi aldiz eskainiko da, Bunuzeko Aozteiko pentzean, herriko etxetik hurbil: uztailaren 12an, ostiralez, 21.00etan, eta uztailaren 14an, igandez, 11.00etan. Ostiralean Punttu Kakotx txaranga izanen da eta igandean, kontrabanda. «Ordu eta erdi eta bi ordu artean iraunen du. Jendea animatzeko erranen nuke ikusgarri biziki aberatsa izanen dela, forma aldetik arlo ezberdinak ditu, eta bakoitzean alimaleko lana egin da sorkuntza mailan eta gogoeta biziki sakonak eraman dira», dio Bachok. Gainera, pentze batean emanen dute, oihan eta erreka bazter goxo batean. «Plazerarekin errezibituko ditugu hurbilduko diren guztiak, gure lana eta bizimoldea partekatzeko gogoz gara». Bunuze eta Zarautz adiskidetuta daude. Bazen lotura bat bi ikastoletako gurasoen artean; Zarauzkoak asteburu pasa etorri ziren duela bizpahiru urte, eta Bunuztar Xoriek ikusgarri ttiki bat eman zuten. Urte baten buruan hemengo gazteak Zarautzera joan ziren gurasoekin asteburu pasa, eta elkarrekin ikusgarri bat eskaini zuten. Eraikitako zubia segitu nahi dute eta, noski, zarauztarrak gonbidatu dituzte “Askaot”-ez gozatzera. «Haur eta nerabeek beren lekua hartu nahi zuten, azken lau urteetan libertimenduak berriz abiatu baitira Oztibarren eta helduagoak ikusten zituzten antzerkian» Oztibarreko egunerokoan nabari da «Askaot» martxan dela. «Bestela ere bada ohitura elkarrekin aritzeko, baina gogo hori azkartu egin da, eta espero dugu horrek segitzea» «Gogoetatzen hasi ginelarik problematika horiek pausatu ziren: nork dantzatzen zuen norendako, zein dantza erakusten dugun eta zein ez, nora nahi dugun segitu» «Ohartu gara euskal dantzaren tokia atxikitzea hizkuntzaren auzia ere badela, behar dugula hori zaindu. Bilkura publikoetan ere euskarari eman nahi izan diogu garrantzia»