GAUR8 - mila leiho zabalik
ARRATIAKO TRANBIA

Duela 60 urte desagertu zen Arratia eta Durango Bilborekin lotu zituen tranbia

Azaroan 60 urte beteko dira Arratiako tranbia desagertu zenetik. 1902 eta 1964 bitartean Arratia eta Durangaldea Bilborekin lotu zituen. Urteurren horrekin batera, Jon Urutxurtu zeanuriztarrak tranbia haren historia jaso du «Arratiako tranbiaren historia grafikoa (1902-1964)» liburuan, garaiko irudi eta dokumentu ugariz hornitua.

Lemoako geltokia, Arratiako tranbiaren bihotza.

Arratiko gizona Bilbora doa maiz,/ Lemoako tranbian eta beti garaiz». Gabriel Arestiren bertsoak dira, Oskorri taldeak famatu zuen “Bizkaiko aberatsak” kantakoak. ‘Lemoako tranbia’ ere esaten zitzaion Arratiako tranbiari; izan ere, Lemoa Arratiako «tranbiaren bihotza» baitzen, Jon Urutxurtu zeanuriztarrak “Arratiako tranbiaren historia grafikoa (1902-1964)” liburuan dioenez.

Zornotza, Durango eta Arratiako herriak euren artean eta Bilborekin lotzen zituen garraiobide hura Bilboko Arriaga Antzokiko plazatik ateratzen zen, eta Basauri, Galdakao eta Bedia udalerrietatik igaro ostean, Lemoara heltzen zen. Herri hori tranbiaren gunerik garrantzitsuena zen, bertan linea bitan adarkatzen baitzen: Durangorantz bata eta Zeanurirantz, bestea. Lemoan jarri zituzten kotxetegiak eta tailer nagusiak ere. Tranbia haren historia jaso eta haren desagerpenaren 60. urteurrenean argitaratu da, arestian esandako liburuan.

Jon Urutxurtu Bengoetxea arratiarra historiazalea da, historiazale amorratua, Arratiaren eta Bizkaiko beste inguru batzuen historiari eta istorioei dagokienez. 2021ean, Arratiako posta txartelak ikusgai zituen erakusketa baten berri eman zuen GAUR8k, hain zuzen ere Urutxurtuk 2014an argitaratu zuen beste liburu batean oinarrituta: “Arratia posta txartelean”. Erakusketako txartelen osagarri, zenbait film ere ezagutarazi zituzten, eta haietan Arratiako tranbia agertzen zen.

2014. urtean, Arratiako tranbiaren geltokietatik igarotzen zen erakusketa ibiltaria egin zuten. Urutxurtu bera izan zen haren komisarioa, eta erakusketaren helburua azaldu zuen: iragana ezagututa, etorkizunera begiratzeko modu gisa ulertzen zuen; erakusketak, besteak beste, etorkizuneko garraio ereduaz hausnartzeko balio zezan nahi zuen.

Liburuaren azala.

Batez ere Urutxurtuk emandako informazioa baliatuta, 2022ko uztailean, “Eleuterioren txabolea” izenburuko erreportajea hartu zuten orrialde hauek, eta urte berean, Gorbeiako aterpe horren historia eta Eleuterio Goikoetxearen bizitza kontatu zituen berak liburu batean: “Eleuterio Goikoetxea eta 'Eleuterioren txabola' (Gorbeia) 1922-2022”. Erreportaje hartan eta, jakina, liburuan ere kontatzen denez, Gorbeiako mendiguneak erakarrita mendizale asko, Arratiako tranbia hartuta, Zeanuri nahiz Areatzara joaten zirela ikusita, Goikoetxeak diru apur bat irabazteko aukera sumatu zuen. Hara, tranbiaren eta mendizaleen arteko harremana, Urutxurtuk bere azken lan honetan ere nabarmentzen duena.

Tranbiaren historia grafikoa

Ekainaren 5ean aurkeztu zen “Arratiako tranbiaren historia grafikoa (1902-1964)” liburua Bilboko Liburu Azokan, Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratua, euskaraz eta gaztelaniaz idatzia eta 200 argazki inguru ikusgai dituena -baita hedabideetako albisteak, iragarkiak, testigantzak eta testu dokumentu asko ere-. Horien guztien bidez, orain ere begiratua egin dio iraganari, eta 1902. eta 1964. urteen artean garraiobide horrek zeharkatu zituen udalerrietako biztanleentzako tresna garrantzitsua izan zela gogorarazi nahi izan du egileak.

Izan ere, garraiobide hori ezinbesteko erreferente bihurtu zen erabili behar izan zuten milaka lagunentzat, hura zelako lantegietara nahiz Bilboko portura joateko, merkantziak eramateko edo, arestian esan bezala, mendizaleak Gorbeiara hurreratzeko garraiobide bakarra.

Lan honetarako abiapuntu gisa, Azpeitiko Euskal Burnibidearen Museoko zuzendari Juanjo Olaizolak egindako ikerketak hartu zituen Jon Urutxurtuk, eta informazio eta material berriak ezagutaraziz Olaizolaren lana osatu eta aberasteko asmoz egin du liburua.

Duela 120 urtetik gora sortu zen Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa, ‘Arratiako tranbia’ izenaz ezagutzen dena, eta aurtengo azaroaren 30ean haren desagerpenaren 60. urteurrena izango da.

Sorrera

1898an Estatu espainoleko Sustapen Ministerioak Angel Iturralderi eman zion lurrun tranbiaren kontzesioa. Baina, Urutxurtuk dioenez, tranbia haiek inoiz ere ez ziren ibili lurrun makinak mugituta, eta «1899ko irailaren 2an, Lemoa-Artea tartearen behin-behineko inaugurazioa egin zenean, lehen tranbiak animalia-trakzioaren bidez ibiltzen ziren».

1902ko uztailaren 5ean, goizeko bederatzietan, probak egiteko lehenengo tranbia elektrikoa heldu zen Durangora. Bertako biztanleek harrera egin zioten suziriz.

Arratiako tranbiaren eta Automóviles Vitoriana enpresaren autobusaren arteko lotura, Zeanuriko geltokian (Felipe MANTEROLA / MANTEROLA FAMILIAREN ARTXIBOA)

Gabriel Arestiren bertsoetako arratiarrak, Bilbora beti garaiz heltzen omen zenak, artean ez zuen tranbia hura hartuko, Urutxurtuk kontatzen duenez, aste batzuk geroago arte ez baitziren animalia-trakzioaren bitartez ibiltzen ziren tranbiak kendu; Lemoa-Zeanuri tartean trakzio elektrikoa zuen zerbitzua hasi zenean, hain zuzen.

«Azkenik, egun handia heldu zen», eta 1902ko abenduaren 6an, igandearekin, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren behin betiko inaugurazioa izan zen.

Inaugurazioaren egunean bertan, Automóvil Vitoriana konpainiak, Barazar mendatea zeharkatuta, Areatza eta Gasteiz lotzen zituen autobus zerbitzua jarri zuen abian.

Trenbidearen luzera, guztira, ia 50 kilometrokoa zen; horietatik 20 Bilbo-Lemoa tarteari zegozkion; Lemoatik Durangorainoko ibilbideak ia 15 kilometro zituen, eta antzeko luzera zuen Lemoatik Zeanurirainokoak.

Lehen urteetan, Arratiako tranbiak lehia bizia izan zuen Bizkaiko Konpainia Zentralarekin, hark Bilbotik Durangorainoko trenbide estua ustiatzen baitzuen, baina Ferrocarriles Vascongados konpainiak Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren akzio guztiak erosi zituenean amaitu zen bi enpresen arteko borroka, 1911ko ekainaren 12an, hain zuzen. Hurrengo urteetan, tranbiaren azpiegiturak berriztatu zituzten, baita bagoiak txukundu ere. Bidaiarien eta merkantzien garraioak gora egin zuen: 1929an, 4.196.460 pertsona eta 89.287 tona merkantzia garraiatu zituen.

Haren 60 urte baino gehiagoko historian, Arratiako tranbiaren inguruan askotariko gertakariak izan ziren: «Uholdeak, errailetatik irten izan zen, gurdi eta beste auto batzuekiko talkak, pertsonak eta animaliak harrapatu zituen, langileek istripuak izan zituzten...».

36ko gerra

Urte horietan guztietan, trenbide horren errailak moztuta gertatu ziren tarte batean baino gehiagotan. Hartara, 36ko gerran, Amorebieta-Etxano eta Durango arteko zerbitzua eten egin zen, eta gerra amaitu ondoren ez zuten konponketarik egin; «alde batetik, kalteak handiak zirelako, eta bestetik, Ferrocarriles Vascongados konpainiak zati hori baliatzeko interesik ez zuelako», dio Urutxurtuk.

Garai hartan, kopuruek, batez ere bidaiarienak, etengabe egin zuten gora, aurrekoak nabarmen gaindituta, eta horren zergatia ere azaldu du liburuaren egileak: «Hazkunde horren zergatien artean, estraperloa eta Ariz-Urbi-Galdako aldean gero eta handiagoa zen industrializazioa azpimarratu behar dira».

Arratiako tranbiaren hasierako langileak (Felipe MANTEROLA / MANTEROLA FAMILIAREN ARTXIBOA)

Amorebieta-Etxano eta Durango lotzen zituen tartea, esan bezala, 1937an desagertu zen, eta 1950eko martxoaren 27an Lemoa eta Amorebieta-Etxano artekoa itxi zuten. Hartara, 1950etik aurrera Bilbo eta Zeanuri lotzen zituen tartea baino ez zen geratu.

Urte haietan inoizko emaitza ekonomikorik onena izan zuen Arratiako tranbiak. 1952an, guztira, 6.749.914 pertsona garraiatu zituen. Merkantzien garraioak, berriz, errepidetik garraiatzeko zerbitzuak ugaritu ahala, beheranzko joera hartu zuen tranbiari dagokionez. 1953an diru sarrerak aurreko urtekoen antzekoak izan ziren; hala ere, urte hartako urriaren 15eko uholde ikaragarriek, Urbin (Basauri), Nerbioi ibaiaren gaineko zubi metalikoa eraman zuten, eta zerbitzua etenda egon zen 1954ko otsailaren 24ra arte.

Desagertzear

Sorreratik mende erditsua igarota, hilzorian sumatzen zen Arratiako tranbia. Alde batetik, bidaiariak etengabe galtzen zituen eta, bestetik, haren egoera ekonomikoa gero eta larriagoa zen. Horrez gainera, zeharkatzen zituen errepideetan zirkulazioak gora egin zuen, eta ondorioz, «tranbiaren eta automobilen arteko bizikidetzak txarrera egin zuen, eta tranbia oztopotzat jotzen hasi ziren», dio Urutxurtuk.

Testuinguru horretan, 1956ko abuztuaren 1ean, tranbiaren ibilbidean «anputazio» larria egin zuten, Galdakaoko Plazakoetxe-Lemoa tartea kendu baitzuten eta orduz geroztik beren arteko loturarik ez zuten tarte bitan zatituta geratu baitzen linea: Bilboko Urazurrutia-Galdakao, 10 kilometrokoa, eta Lemoa-Zeanuri, 15 kilometrokoa.

Urte bi geroago, 1958ko urriaren 1ean, Urbiko Firestone-Plazakoetxe tartea eta Zeanuriko erdigunerainoko sarbidea ere kendu zituzten. Itxiera horiek zirela-eta merkantzien garraioa ia erabat desagertu zen, eta bidaiarienak etengabe behera egin zuen.

Urutxurtuk uste duenez, ez zegoen zalantzarik, Arratiako tranbiarako kontzesioak balioa galduko zuen egunean, bertan behera utziko zutela zerbitzua. 1962ko abenduaren 5ean gertatu zen. Edonola ere, Administrazioak ordezko autobus lineak ezartzeko baimenik eman ez zuenez, tranbia zaharrek 1964ko azarora arte jarraitu zuten.

Zeanuriko geltokian ganadua kargatzen; liburuaren azala (JON URUTXURTUREN ARTXIBOA)

Izan zen, nola ez, tranbiaren falta igarriko zuenik. Esate baterako, mendizaleak, esan bezala Gorbeia aldera zihoazenak ohiko bidaiariak izan baitzituen Arratiako tranbiak, eta 1964ko azaroaren 29an, igandearekin, agur esan zioten «ospakizun eta jai giroan».

Biharamunean, Arratiako tranbia behin betiko desagertu zen, 62 urtean Bizkaiko bizilagun askori zerbitzua eman ostean.

Ondorengo arrastoari ere jarraitu dio Urutxurtuk: «Tranbia bat Miguel Atutxa arantzazuarrak erosi zuen Igorreko Garbe auzoan zeukan ostatuaren aurrean jartzeko. Hamar zenbakiduna zen, alde batean “Ceanuri” eta bestean “Bilbao” karteltxoak zituena. 1966ko otsailaren 6an, gomazko gurpilen gainean eta lau mandok tiratuta egin zuen Lemoatik Garberainoko bidea, txistularien, trikitilarien eta albokarien doinu eta jendearen txalo eta oihuen artean». Filmatu ere egin omen zuten lekualdaketa, non eta NODO albistegian emateko. «Zoritxarrez, denbora gutxi iraun zuen bertan, eurite batzuen ondorioz Arratia ibaiak aurrean eraman baitzuen», dio zeanuriztarrak.