13 JUIL. 2024 Barekurkuilu bat zapaldu dut Maider Iantzi Goiti begira noa oinez, ilunsenti eder batez gozatzen, eta krask!, barekurkuilu bat zapaldu dut nahi gabe. Iruditzen zait aunitz erraten duela gertaera horrek. Alde batetik, gora begiratzeaz, behingoz ariketa hori egiten ari bainaiz, miopea izanik, aurki munduaren erdia izanen den bezala, ez dugulako urrun so egiten. Bertzetik, barraskiloa hiltzeaz. Goiti bezala beheiti begiratzearen garrantziaz. Nire despiste bat, bere amaiera. Krask! horrek barnean eragin didana. Oskolak badu bere funtzioa, babesa da. Baina badu angustia ere. Murriztu ere egiten gaitu, azal horren gibelean kukututa gaudelarik ezin ditugulako gure gaitasunak eta ahalmenak zabaldu. Oskola irekitzeak, edo behintzat zartatzeak, gauza onak eta txarrak erakustea ekartzen du. Gorputza hortik ateratzen badugu, zaurgarri izan gaitezke. Barraskiloaren adarrak ikusi nahi baditugu, lekua eta denbora eman behar dizkiogu. Sobera agudo hurbiltzen bagara, edo ukitzen badugu, segituan sartuko da bere etxean. Hondartzan maskorrak biltzea jolas ederra da. Polit, bitxi, handi, txiki, kolore biziko edo ia ikusezin, maskaren gisakoak dira, izan gaitezkeen pertsonaiak. Aukeratutakoak poltsan gorde, eta etxerakoan, toallak astindu ondoren, bainujantziarekin batera pasatuko ditugu uretan bainugelako konketan, hondar ale guziak zulotik behera joan arte. Lehortu, eta txukun-txukun jarriko ditugu mahaian: lerroan, biribilean, bata bertzearen gainean, nahi dugun forman. Agian, margotu eginen ditugu, zulatu eta lepoko edo eskumuturreko bezala jarri. Nire galdera da ea zer ezkutatzen den maskararen atzean, eta ea nolakoa den barraskiloaren existentzia, gorputz osoa agertzen ez badu. Baimena du izateko? Gorputz osoa ateratzeko? Sartzea datorrenari aurre ez egiteko modu bat da? Zer ziurtasun du irekitzeko? Irekitzeak erran nahi du zaurgarri izan gaitezkeela, gure burua zaintzen dakigulako. Maskorra uretatik pasatu arren, beti geldituko da gatza, zirrikitu guztietatik sartzen delako. •