GAUR8 - mila leiho zabalik
MARGO PIRATAK

Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar, Zazpi Itsasoen Erronkan murgilduta

Igeri egitea da Iskander Sagarminagaren benetako zaletasuna. Eta marraztea, Eider Eibarrena. Hori argi izanda, Zazpi Itsasoen Erronkan buru-belarri murgilduta dabil bikotea, eta beren bizipenak «kokoak.eus» webgunean jasotzen dituzte, Margo Piratak izeneko pertsonaien bidez. Orain Ipar Kanalera doaz.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar prest dira abuztuan Irlandara bidaiatzeko. Iaz abiatu zuten Zazpi Itsasoen Erronkaren ildotik, bigarren zeharkaldia egitea da helburua; Ipar Irlanda eta Eskoziako kostaldeak lotzen dituen Ipar Kanala zeharkatzea, alegia. 35 kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre, ur oso hotzetan, igerian zeharkatzeko munduko kanalik gogorrenetarikotzat jotzen dena, hain zuzen ere.

Zehazki, igerian Iskanderrek egingo du, baina Eider berekin joango da laguntzaile moduan, janaria, edaria eta abar eskaintzen. Eta bien artean Margo Piratak unibertsoa osatu dute, «kokoak.eus» proiektu zabalagoaren barnean itsas erronka horiei eskainitako marrazkien mundu miragarria. Iaz Mantxako Kanala zeharkatzea lortu zuten eta aurten hurrengo erronkaren bila doaz.

«Aurtengo arazo nagusia uraren tenperatura izango da. Ura 12-13 gradutan egoten da abuztuan, eta horrek gastu energetiko oso handia dakar -dio Iskanderrek aurtengoari buruz-. Hotzari oso ondo egokituta egon behar duzu. Jende asko heltzen da biriketako edemarekin, hipotermiarekin... Eta marmokak ibiltzen dira; batez ere, abuztu amaieran. Munduko handienak dira eta buruz behera ipintzen dira, garroak gorantz. Marmokak ez dira ikusten eta oso garro luzeak dituzte. Adrenalina eta antihistaminikoak eraman behar dira, ukituz gero berehala artatzeko», azaldu digu ‘Lehoi kalpar’ bezala ezagutzen diren marmokei buruz.

Iskander, itsasoan igerian. GAUR8

Zaletasuna garatzen

Ipar Kanalaren zeharkaldiak ofizialki 35 kilometro dituen arren, korronteen arabera 45 kilometro igeri egin beharra ere suertatu daiteke; 18 ordu inguruko lana itsasoan. Zenbaki beldurgarriak dira, baina Iskanderrek urtez urte pilatutako esperientziari esker horiek menderatzea espero du. Egiari zor, ia oharkabean garatzen joan den zaletasun baten emaitza da.

«Ni betidanik sartu izan naiz asko itsasoan: olatuak hartzera, urpean ibiltzera, arrainak ikustera... Igeri apur bat egiten nuen, bai itsasoan bai igerilekuan. Baina ez nintzen igerilaria bereziki. 2014ko udan, Eiderrekin Lanzaroten nengoela, igeri egiten hasi nintzen, eta ikusi nuen ez nenbilela batere fin, eta apur bat entrenatzen hasi behar nuela pentsatu nuen. Durangoko Mugarra triatloi taldera joan nintzen eta han hasi nintzen», gogoratu du Iskanderrek.

«Igerian egiteko dohaina banuela ikusi nuen, eta Eiderrek Mallorcara joan behar zuenez lan batzuk egitera, berarekin joan nintzen. Bertan Sa Dragonerako zeharkaldia egitea pentsatu nuen. Bi distantzia zeuden, 5 eta 10 kilometro, eta nik 10ekoa egitea erabaki nuen irlari buelta emateko. Nahiko ongi amaitu nuen, eta ikusi nuen distantzia luzeetan ongi moldatzen nintzela. Hurrengo urtean beste bat zegoen Menorcan, eta Eiderrek esan zidan piraguan lagunduko zidala. Bi urte neramatzan apenas igerian, eta 25 kilometroko Swin in Menorca egin nuen. Oso gutxi entrenatzen nuen oraindik, eta hor ikusi nuen gehiago egin behar nuela. Eta hortik aurrera erronketara pasatu behar nuela: distantzia luzeagoak; zailtasunak, lehiaketa hutsa baino gehiago...», gehitu du galdakoztarrak.

Gehiago entrenatzearena ederki bete du Iskanderrek. Erronka berri hau prestatzeko bizpahiru aste eman ditu Alacant aldean uztailean. «Lehen orduan joaten naiz entrenatzera, eta 5.000 edo 6.000 metro inguru egiten ditut. Eta arratsaldean beste saio bat, motzagoa, 2.000 metro ingurukoa. Ideia da aste hauetan egunero 7.000 edo 8.000 metro egitea. Zeharkaldi pare bat ere egingo dut txispa apur bat hartzeko», aipatu zigun elkarrizketa egiteko Mediterraneora joanda harrapatu genuenean.

Hori bai, Irlandara abiatu aurretik Euskal Herrian ur hotzagoetan jarduteko asmoa du. «Itsasoa normalean lasaiago egoten da Mediterraneoan eta, gainera, nahiko hurbil daukagu. Hemen bolumena askoz gehiago lantzen dut Euskal Herrian baino. Gero Euskal Herrira joango naiz, eta beste aste pare batez bertako uretan ibiliko naiz, hotzago egoten baita. Apur bat aklimatatzen joateko balioko dit, kolpean Mediterraneotik Ipar Itsasora igarotzea oso aldaketa bortitza litzatekeelako. Mediterraneoan itsasoa 27 gradutan egon daiteke uztail erdialdean, eta Irlandan, 12 gradutan. Eta Irlandan ere egin beharko dut aklimatazioa», aurreratu du.

Eider Eibar, Galdakaon egindako elkarrizketan. Monika DEL VALLE | FOKU

Oinarrian «kokoak.eus»

Zazpi Itsasoen Erronka eta Margo Piratak baino lehenagotik dator «kokoak.eus» webgunea, duela sei bat urtetik, gerora etorri den guztiaren oinarria. «Iskander eta biok bikote gara. Bera ingeniari informatikoa da, eta asko gustatzen zaio teknologia berriekin saltseatzea. Eta nik ere gogoa nuen salto hori egiteko. Ikusten nuen hor aukera bat zegoela, eta zergatik ez gure jakin-min hori proiektu batera bideratu. Hasieran nik ilustrazioak egiten nituen, eta Iskanderrek grabatu egiten ninduen, sortze prozesu hori erakusteko. Zergatik? Bada, nik aspalditik haurrekin eskoletan saioak egiten nituelako eta konturatzen nintzelako haurrak asko kezkatzen zirela zenbat aldiz erratzen nintzen, zenbat zirriborro egiten nituen...», oroitu du Eiderrek.

«Hori izan zen abiapuntua, eta kokoak sortu genituen. Kokoak zazpi izaki txiki dira, marrazkietan sartzen direnak. Aspalditik nenbilen fikziozko pertsonaia erdi mitologiko batzuk sortu nahian. Haurrei galdetzen diet: ‘Gertatu zaizue inoiz marrazki bat egiterakoan paperean zulotxo bat aurkitzea?’. ‘Baiii’, erantzuten dute. ‘Bada, horiek kokoak dira’. Eta gero Margo Piratak etorri ziren, gure marrazkiak hartzera datozen beste pertsonaia batzuk. Eta horiek lotu ditugu Iskanderren erronkarekin», gaineratu du, besteak beste, GARAn lan asko argitaratu izan dituen marrazkilariak.

Bi munduen arteko lotura oso modu naturalean etorri da, beraz, baina Eiderrek onartu du une jakin batean etorkizunera begira galdera edo hausnarketa bat egin zutela Iskander eta biek. «Une jakin batean Iskanderri galdetu nion: ‘Zuk zer gin nahi duzu?’ ‘Bada, nik igeri egin nahi dut. Badago erronka bat oso potentea, zazpi itsasoetan igeri egitean datzana’. ‘Eta zuk?’ ‘Bada, nik marrazkiak egin nahi ditut, baina ordenagailutik urrun, kalean, bidaia koaderno zikinetan’. Nola egin pentsatzen hasi ginen, eta onena hori dena gure eremura ekartzea zela pentsatu genuen. Pertsonaia batzuk sortu genituen, eta abentura horiek, guk kontatu beharrean, konta ditzala kuadrilla horrek», azaldu digu.

Eta horrela sortu ziren interesa duenak «kokoak.eus» webgunean aurkituko dituen pertsonaiak: «Totako izenekoak sareak josten ditu, eta bere amona Totakoxe zen, sare jostuna. Pirata tipikoa da, bizarduna, hanka bat falta duena... baina sareak josten ditu. Rolak apurtzearena ere haurrekin egindako saioetatik dator. Irakasleek askotan esaten zidaten haurrak kolore guztiak erabiltzen hasteko zerbait egiteko, eta ez mutilek, batzuk eta neskek, besteak... Argi da dena konpontzen duen pertsonaia. Neska bat da, begi bakarra eta ahate hankak dituena. Ez daki bere gurasoak nortzuk diren. Eta gauzak konpontzen ditu ideia eta irudi guztiak elkarrekin jarriz. Beti dago marrazkien osagai bat. Ipar-izar itsasontziko kapitaina da, azal beltzeko emakume super ausarta. Egunez oso desorientatuta ibiltzen da, desastre bat da, baina gauez izarrak irakurtzeko gai da. Bittorik dena jaten du, marrazki denak jaten ditu...», zerrendatu digu Eiderrek.

 

Elkarlana lantzen

Marrazkien munduan bakarrik ez, egunerokoan ere harremana eta elkarlana asko landu eta garatu dute Eiderrek eta Iskanderrek. Muturreko erronka hauetan, adibidez, oso garrantzitsua da elkar ongi ulertzea, itsasoan nahiz lehorrean, tentsio handiko uneak egon daitezkeelako.

«Gu oso ohituta gaude itsasoan batera ibiltzera, bera igerian eta ni, piraguarekin. Urte asko daramatzagu hau egiten, eta oso ondo konpontzen gara. Zeharkaldi askotan lagundu izan diot Iskanderri, eta badakit noiz eman jatekoa, ura, bion arteko komunikazioa... Duela bi urte Jerseykoa egin genuen, adibidez; 68 kilometro, irlari buelta emanez. Ez dago zazpi itsasoen zirkuituan sartuta, baina izugarria da», nabarmendu du Eiderrek.

Elkarlan hori funtsezkoa da, zeharkaldiak ez direlako igerilekuan egiten, Iskanderrek aipatu moduan: «Horrelako erronketan alboan itsasontzi bat izan behar duzu, zodiaka, piragua edo dena delakoa; batzuetan, arrantza-ontzi edo salbamendu-ontzi bat ere bai. Igerilari bakoitzak erabakitzen du zenbatero eta zer jan, solidoa eta likidoa. Nik, adibidez, 45 minutuero hartzen dut, eta gehienetan likidoan, izerdi asko botatzen dudalako eta ur asko behar izaten dudalako. Gelak, karbohidratodun urak, isotonikoak... eta noizbait barra solidoren bat. Eiderrek soka batekin botatzen dit lotuta, nik ezin dudalako inon bermatu».

Eta aldez aurretik egindako planifikazioa ere asko aldatu daiteke zeharkaldiaren egunean, baldintzak oso aldakorrak izan daitezkeelako. Korronteen indarra eta garrantzia ulertzeko bi adibide jarri dizkigu igerilari bizkaitarrak.

«Jerseyn munduko korronterik handienetakoak daude, eta 68 kilometro 10 orduan egin nituen. Hori da leku batzuetan korrontea alde neukalako, eta ia korrika bezala joaten nintzelako, 10 km/h abiaduran. Marearen arabera kalkulatzen dute noiz irten, beti noranzko jakin batean, bestean ezingo zenukeelako egin», dio Jerseykoari buruz.

«Mantxako Kanalean ere korrontea nahiko handia izaten da. Iaz, adibidez, sari bat eman zidaten. Urtero ematen dituzte sariak: zeharkaldi azkarrenari, gogorrenari eta abarri. Bada, niri eman zidaten epez kanpo egin nuelako, marea bizienetan, 6,9ko marearekin, normalean 3 edo 3,5eko marearekin egiten denean. Zuzen joanda Mantxako Kanala 34 kilometro badira, 57 egin nituen nik. Eta amaieran, Frantziako ‘Ametsen hilerria’ deitzen duten kostalde horretan, zuzen 2,5 kilometro direna egiteko hiru bat ordu behar izan nituen. Zati horretan, 7-8 kilometro joan nintzen mendebaldera eta ondoren, marea aldatu zenean, beste hainbeste ekialdera, ‘S’ bat eginez. Normalean ez dizute uzten baldintza horietan egiten, baina hirugarren urtez joan nintzenez ordurako, eta maila nuela bazekitenez, utzi egin zidaten».

Hala ere, tentsio uneetatik aparte, bidaia horiek marrazteko aukera eskaintzen diote Eiderri. «Bi momentu daude. Bata, Iskander itsasoan egoten denean eta ni atzetik joaten naizenean behar duen guztia ematen. Hor ideiak buruan forma hartzen joaten dira, baina oso zaila da fisikoki ezer marraztea. Eta bestea, Iskanderrek igeri egiten ez duenean, hor gertatzen den guztia: bidaia, jateko uneak, ezagututako jendea, kaleak... Gustuko zerbait ikusiz gero, koadernoa atera eta marrazten hasten naiz. Ez da berria, koadernoa bizitza osoan eraman dut gainean, baina bidaia hauetan, are gehiago».

Irlanda eta Eskoziara bidaiatzeko irrikan daude jada. Iparraldeko itsaso lanbrotsuetan igeri egiteko, Iskander, eta han bizi diren izaki mitologikoak marrazteko, Eider. Eta gu ere bai marrazki horiek ikusteko. Bidaia on, bikote!