27 JUIL. 2024 BURUKO OSASUNA Erresilientzia, nerabeen ondoez emozionalaren kontrako antidotoa Udako Ikastaroetan nerabeen zaintza emozionalaz aritu dira, Azpeitiko Udalak antolatuta. Bartzelonako Henka programa ezagutzeko aukera izan da, erresilientzia ongizate emozionalerako erreminta nagusitzat duena. Gakoa ez da ondoez emozionalik gabeko nerabezaro gozoa irudikatzea, hori dagoenean kudeatzen jakitea baizik. Clara Serra Arumi psikologoa. Donostiako Udako Ikastaroetan parte hartu du Henka programa aurkeztuz. (Jon URBE | FOKU) Amagoia Mujika Pandemian eta pandemia ostean gaztetxoen artean nahasmendu mentalak areagotu egin direla diote zenbakiek. Antsietateak, depresioak, jokaera nahasmenduek eta substantzien abusuek, besteak beste, gora egin dute. Laguntza eskaerak ere areagotu egin dira, %50 inguru. Eta Osasun Mundu Erakundearen aholkua ere garbia da: buruko osasuna zaintzeko eta babesteko faktoreak bultzatu behar dira. Izan ere, garbi dago nahasmendu mental horietako askok lotura zuzena daukatela testuinguruarekin eta, ondorioz, ingurune horretatik eragin daiteke arazoetan, onerako edo txarrerako. Bartzelonako Hospital Sant Joan de Deu erietxean Henka programa jarri dute martxan, nerabeen ongizate emozionala sustatzeko programa. Bertako psikologo Clara Serra Arumi Donostian egon berri da, Miramarko Udako Ikastaroetan, eta Henkaren berri ekarri du Euskal Herrira. Espero dute, gainera, berandu baino lehen, EAEn ere martxan jarri ahal izatea eta dagoeneko ari dira erabiltzen duten materiala euskarara ekartzen. Zenbakien gorakada Aipatu bezala, nerabeen artean buruko nahasmenduek gora egin dutela diote zenbakiek. Zenbaki horien atzean dauden «arrazoi desberdinak» azaldu ditu Serrak, errealitatearen argazki zehatzagoa egiteko. «Buruko nahasmenduak lehenago antzematen dira orain. Diagnostikoak goizago eta zehatzago egiteko tresna gehiago ditugu, eta hori igartzen da zenbakietan. Bestetik, jendartea, familiak, hezkuntza zentroak... gaur egun lehen baino alfabetatuago daude, eta horri esker lehenago antzematen dira. Eta jakin badakigu buruko nahasmendu ohikoenetan continuum bat ematen dela haurtzarotik nerabezarora eta, gero, helduarora. Lehen pentsatzen zen haurtzaroko eta nerabezaroko buruko nahasmenduak eta helduarokoak desberdinak zirela. Orain badakigu kasu askotan continuum bat direla. Eta, azkenik, gaur egun erakunde publikoek diru gehiago bideratzen dute diagnostiko goiztiar horietarako eta erietxeak ere espezializatuagoak daude. Horrek guztiak lotura zuzena dauka buruko nahasmenduen gorakadan; ez du bakarrik gora egin kasuak areagotu direlako, baita detekziorako tresnak eta ingurunea hobetu direlako ere. Hartara, katastrofista ez den ikuspegi bat sustatu nahi dugu. Buruko nahasmenduek gora egin dute, baina itxaropenerako modua ere badago». Buruko nahasmenduen %75 18 urte baino lehen hasten dira; horregatik da garrantzitsua nerabezaroari arreta berezia jartzea, erronka ugariko bizitzaren etapa baita. «Ezinbestekoa da nerabeari tresnak ematea, helduarora baliabide psikosozial egokiekin irits dadin, bizitzari eta bizitzan gertatzen direnei modu osasuntsuan aurre egin ahal izateko». Bide horretan, Henka prebentzioa egiten duen programa da, ez ditu buruko nahasmendu larrietarako esku hartze kliniko zehatzak proposatzen. Henka programaren oinarrian erresilientzia dago. Serraren hitzetan, «frogatuta dago erresilientzia buruko osasunaren arazoen aurrean antidoto eraginkorra dela. Badakigu pandemiaren ondoren gora egin duela ondoez emozionalak nerabeen artean. Buruko nahasmendu ohikoenek ere gora egin dute. Aldiz, buruko nahasmendu larrienen kasuan -eskizofrenia, adibidez-, gorakada ez da hain esanguratsua izan, zenbakiak pandemiaren aurrekoen paretsuak dira. Ondoez emozionala eta ohiko buruko nahasmenduak testuinguruarekin lotuta daude eta, beraz, ingurune horretan eraginez gero, gauzak aldatuz gero, prebentzioa egin daiteke eta ongizate emozionala sustatu». Psikologo katalanaren hitzetan, ondoez emozionala eta buruko nahasmendu larriak gauza desberdinak dira, eta bigarren horietan pisu handia dauka biologiak. «Badira heredatutako ezaugarriak eta gaur-gaurkoz ezer gutxi egin dezakegu horiekin. Aldiz, ondoez emozionala zuzenean lotuta dago ingurune sozialarekin, komunitarioarekin, eta horietan eragin dezakegu, tresna pertsonalak eta komunitarioak landu ditzakegu». Ondoez emozionala «Erabateko ondoezik eza ez da existitzen. Ondoez emozionala bizitzaren parte da», abiatu da Serra bere azalpenekin. «Ondoeza erabat deuseztatzea ia ezinezkoa da. Ondoeza moldakorra da, era egokian bizi eta kudeatzen denean, garapenerako bide ere izan daiteke, ikasketa bat. Ondoeza ez denean modu moldakorrean bizi, pertsona horiei laguntza eskaini behar zaie eta tresnak eman, aurrera egin dezaten». Beraz, ongizate emozionala ez da ondoez emozional eza. «Pertsona batek bere ingurunea hautemateko, ulertzeko eta interpretatzeko duen gaitasuna da, zirkunstantzietara egokitzeko eta besteekin harremanak izateko», dio ongizate emozionalaren definizioetako batek. Clara Serra psikologoaren ustez, garrantzitsua da ondoeza jasateko eta kudeatzeko tresnak garatzea nerabezaroan. (GETTY IMAGES) Clara Serraren ustez, «garrantzitsua da ingurunea ezagutzea, moldakorrak izatea eta baliabideak izatea aurrera egiteko. Era berean, ez dugu ahaztu behar ongizate eta ondoez emozionalak alderdi subjektibo handia duela, pertsona bakoitzak eta, areago, kultura eta jendarte bakoitzak modu desberdinean bizi dituela. Eta espektatibek ere pisua daukate; noraino eskatzen dion norberak ongizate emozionalari. Sare sozialen garaian espektatiba horiek oso goian daude, konparazioak ugariak dira, eta hori guztia nabarmenagoa da nerabeen artean, natibo digitalak direlako. Horrexegatik da garrantzitsua tresnak ematea nerabeei, egoera horiek kudeatzeko bidea topa dezaten». Hartara, Serraren hitzetan, nerabeen ongizate edota ondoez emozionala bi faktorerekin dago lotuta zuzenean. «Lehenik, inguratzen dituzten pertsonekin daukaten harremana, ingurune soziala. Harreman horiek etengabe ari dira nerabea modulatzen. Eta, bigarrenik, ondoeza jasateko daukaten gaitasuna. Ez du esan nahi dena jasan behar dutenik. Baina garrantzitsua da egoerak aldrebesten direnean horietatik irtetetako tresnak izatea. ‘Ondoeza jasan’ esaten dudanean ez dut esan nahi nahi dena normalizatu behar denik, baina ulertu behar da ondoeza bizitzaren parte dela eta horri aurre egitea garapen osasuntsu baten parte dela». Nerabeen artean ondoez emozionala areagotu egin da, segur aski inguruneak eragina izan duelako, baita ondoezaren pertzepzioa presenteago dagoelako gaur egun. Hortik abiatuta, Henka programak tresna pertsonalak eta komunitarioak eskaini nahi dizkie nerabeei, erreminta psikosozialak, ongizate emozionalerako bidea zabalagoa izan dadin. «Henkak erresilientzia indartu nahi du, horretarako tresnak eskaini, erresilientzia ondoez emozionalaren aurreko babesa delako eta buruko osasuna sustatzen duelako», azaldu du psikologoak. Guztion arteko lana Henka programaren bideak askotariko norabideak dauzka; eskolatik hasi eta kaleraino, erakundeetatik pasatuta. «Guztion arteko lana da giro egokia sortzea eta nerabeen osasun emozionala zaintzea», esan du Serrak. Programaren oinarri teorikoan ebidentzia zientifikoa daukaten esku hartzeak daude, funtzionatzen dutela frogatuta daudenak. «Beste klabeetako bat denboran zehar irauten duten programak sortzea da, iraupen luzekoak». Erresilientziak egunerokotasunean eta bizitzan oro har sortzen diren arazoei eta trabei aurre egiten laguntzen du. «Bizitzea gauzak gertatzea da, onak eta txarrak. Bietatik ikasi daiteke, horretarako tresna egokiak izanez gero». Erresilientziak osasun mentaleko arazoak prebenitzen laguntzen du. Hori baieztapen zientifikoa da, Serrak nabarmendu duenez. Bestetik, erresilientzia multikonstruktua da, ertz eta eremu desberdinak ditu, eta horietatik guztietatik egin daiteke lana. Atzera bueltarik ez Henkak dagoeneko martxan dauden programetatik edan du. Bere indarguneetako batzuk trebetasun sozioemozionalak, autoeraginkortasuna, aurre egiteko estrategiak eta mindfulness-a dira. Nerabeen arteko harremanetan ere indar berezia jartzen du, eta eskoletan, beste edozein ikasgai lantzen den indar berarekin, erresilientzia eta buruko osasuna landu behar direla defendatzen du. «Pertsonen arteko harremanetan trebatuz gero, entrenatuz gero, bestelako arazo asko ekidin daitezke; genero indarkeria kasuak, adibidez. Komunikazioa sustatu behar da eta diziplina baikorra bultzatu bai eskolan, bai lagunartean, baita etxean ere. Henkan sustatzen dugun hazkuntza erresilientea bultzatzeko, mugak jartzea ere garrantzitsua da; tratu onak bai, baina konfiantzarekin eta adeitasunez». Henka japonierazko hitza da eta esanahi esanguratsua dauka: eraldaketa pertsonalerako prozesua, hasierako egoerara itzultzeko aukerarik gabe. «Eraldatzailea izatea oso gako garrantzitsua da guretzat. Eta programaren helburua erresilientzia indartzea eta areagotzea da, nerabeen buruko osasuna indartzeko». Ezkerretik eskuinera, Ilazki Albizuri, Miriam Arrieta eta Leire Aranburu –DBHko orientatzaileak– eta Edurne Korta, Azpeitiko Udaleko Hezkuntza teknikaria. (Jon URBE / FOKU) Katalunian programa aitzindaria da, eta bertako Osasun eta Hezkuntza sailek parte hartzea lortu dute. DBHko lau mailetan dago martxan, eta buruko osasunerako prebentzio programa bat da. «Ez da programa klinikoa, ez dugu ezer sendatuko edo konponduko, arazoak sortu aurretik egiten dugu lan. Baina kontziente gara batzuetan, dagoeneko arazoak gertatu direla, nerabe asko daudela osasun mentaleko nahasmenduekin. Kasu horietan, Henkak gehitu egiten du, tresna psikosozialak garatzeak mesede egiten duelako». Programa unibertsala da, «pertsona guztientzat bizitzarako tresnak eskaintzea da helburua», gaineratu du Clara Serrak. Eta bultzatzaileek tresnak ematen dizkiete eskolako arduradunei. Normalean Henka programaren arduradunek eskola bakoitzeko partaide batzuk trebatzen dituzte gero, haiek, programa eskolan zabal dezaten. Henka, finean, «gaitasun sozio-emozionalak trebatzeko programa bat da». Erresilientzia pertsonala, familiakoa eta komunitarioa indartzea da programaren erronka, eta horretarako ekintza zehatzak proposatzen ditu ikasleekin, irakasleekin eta familiekin. Katalunian zabalpen handia lortu du, eta orain Kataluniatik kanpo begira daude. Euskal Herrira ere iristea espero da. Informazio osoagoa, hemen: www.behenka.org. «IKASLEA DENONA DA, ETA BERE ONGIZATE EMOZIONALA ZAINTZEA, GUZTION ARDURA» «Zaintza emozionalerako eredu berritzaileak tokiko administrazioen ikuspegitik» izeneko udako ikastaroan Azpeitiaren gainean jarri zen fokua, bertako Udala osasun emozionala zaintzeko egiten ari den urratsak direla eta. Testuinguru horretan eseri ziren mahaiaren bueltan herriko hiru eskolatako DBHko orientatzaileak (Urola, Ikasberri eta Iraurgi), eta ikastetxeen agendan ongizate emozionalak zer nolako tokia duen azaltzen saiatu ziren. Ikasberriko Miriam Arrietak azken urteotan ikusi duen joera bat ekarri zuen solasaldira, nerabeen artean ez ezik gurasoengan ere antzeman duena: perfekzioa erakutsi beharra. «Irudiaren gizarte perfektu horretan, batzuetan ez diegu uzten nerabeei beren ahuleziak plazaratzen. Perfektuak izatea nahi dugu, gu ere guraso perfektuak garela erakusteko. Askotan, hainbeste babesten ditugu, non ez diegun uzten hanka sartzen. Eta beharrezkoa da hanka sartzea, norbera garatzeko eta autonomia lantzeko. Uste dut mendekoagoak egiten ari garela nerabeak». Gurasoen gehiegizko espektatiben pisua ere nabaritu du Iraurgiko Leire Aranburuk. «Lehenengo urteetan ume denek ondo jan eta lo egin dute, eta nerabetan inork ez du arazorik ematen. Gurasoei asko kostatzen zaie onartzea batzuetan arazoak daudela, galduta daudela seme-alabekin, ez dakitela zer egin... nerabeengan jartzen dituzten espektatibak ere handiak dira, eta hori zama da». DBHko orientatzaileek askotariko eginkizunak dituzte eskola barruan. «Ikasleengan jartzen dugu arreta, baina nik lan handia egin behar izaten dut irakasleekin ere. Ikasle berak, irakaslearen arabera, jokaera desberdina izan dezake. Askotan gure lana izaten da irakasleei laguntzea ikaslea ikusten eta ulertzen. Irakasleak nola ikusten eta tratatzen duen, ikasle batek rol jakin bat har dezake, eta etiketa horiek zama handia izan dezakete. Askotan, irakasleak berak segurtasun eza dauka eta ez daki nola gerturatu ikasleengana. Askotan, ikasleen eta irakasleen artean bitartekaritza lana egitea egokitzen zaigu, eta ez da erraza izaten. Irakasle batzuek pisu guztia ikaslearengan jartzen dute eta...», esan du Miriam Arrietak. Urola ikastolako Ilazki Albizurik garbi dauka: «Ikaslea denona da. Ez da bakarrik tutorearena, gurasoena, orientatzailearena... Ikaslea denona da, eta bere ongizate emozionala zaintzea, guztion ardura». Orientatzaileak bizikidetzaren arduradunak dira eskola barruan. Batzuetan ikaslea edo familia gerturatzen da haiengana laguntza eske, eta beste batzuetan orientatzailea bera gerturatzen da, gauzak ondo ez daudela konturatuta. «Hezkuntzaren mundua oraindik kalifikazioen mundua da, eta hor asko kostatzen da zaintza emozionalari tokia egitea. Baina ezinbestekoa da», esan du Albizurik. «Erabateko ondoezik eza ez da existitzen. Ondoez emozionala bizitzaren parte da; moldakorra da eta era egokian kudeatzen denean, garapenerako bide izan daiteke» «Henkak erresilientzia indartu nahi du, ondoez emozionalaren aurreko babesa delako eta buruko osasuna sustatzen duelako. Horretarako tresnak eskaini nahi ditu»