27 JUIL. 2024 3 BEGIRADA: Porlanarena Buzo hutsak zintzilik aurkituko dituzu auzoko fabrikaren atarian. (Andoni CANELLADA | FOKU) Beñat GAZTELUMENDI Bertsolaria Hizkuntza ez da hutsetik sortzen; prozesu luze bat behar izaten du. Porlanak bezala. Hitzak, harrien gisa, aukeratu egiten dira; garaiaren labe gorian urtu, kutsatu, materia berriz hornitu, ingurukoen belarrietan hoztu eta sedimentatu arte itxaron. Txikitu, birrindu, nahasi eta, prozesuaren bukaeran, materia jada ez da hasieran zena izango: likidoa izango da, moldagarria, likitsa, malgua, putzuko ura. Halaxe deslotzen dira hitzak eta beren esanahiak: poliki-poliki, metodikoki. Orain “askatasuna”-k gauza bat eta haren kontrakoa esaten ditu; eta berdin “berdintasuna”-k, edo “aurrerapena”-k ere. Eta, halaxe, hitzak birrinduz, esanahi-gabetuz sortutako materia likatsu eta urtu horrekin zipriztindutako mihiekin esaten ditugu bizi gaituzten garai eta lekuak. Aspaldi hasi ziren pankartak «deskarbonizazio» esaten. Artean, gehienok ez genekien udazken eta udaberriak udara gerturatzen ari zirenik. Orain, deskarbonizazioaren izenean, litio meatze erraldoietako gasekin kutsatutako esklabo modernoz bete dira gugandik kontinente batera dauden lurralde gorrituak. Eguzki-plakak eta haize-errotak eukaliptoen gisa landatu nahi dituzte gure mendi inguruetan. Eta multinazional alemaniar batek 40 lagunen lanpostuak desegin nahi ditu Donostiako aldirietako auzo ahaztu batean. Aldiriak, mendialdeak eta lur gorrituak. Inori axola ez zaizkion lekuak; albo-kalte onargarriak iraultza berdearen izenean. Halaxe esan baitute Añorgako porlan fabrikaren jabe den multinazionaleko jabeek. Deskarbonizazioaren izenean, lanpostuak “birmoldatu”, “lekualdatu” eta “ereduz aldatu” behar direla. Desegin, alegia. Eta zuk, egunkarietako ekonomia-orriak sudoku eta hizki-zopen gisa irakurri gabe pasatzen dituzun horrek, buzo hutsak zintzilik aurkituko dituzu auzoko fabrikaren atarian. Ahaztuta, garaiz kanpo dauden irudiak sumatu dituzu berriz zure begien parean; eta pankarta beraren atzean irudikatu dituzu Rezola, Labe Garaiak, Tubacex eta Bizkaiko zahar etxeetako langileak. Enpresen hitzak aldatu egiten dira. “Desindustrializazioa” aipatzen da, “eraginkortasuna”, “lehiakortasuna”, “deskarbonizazioa”. Zuk ordea, hitzak hitz, antzeko aurpegi nekatu eta arropa ajatuak ikusten dituzu pankartaren atzean. Hiztegiak aldatu egiten baitira, baina hitz ezberdinak erabili arren, beti ari dira gauza bera esaten: badela jendea ordezkagarria dena, ikusezina, merkatuaren garai berrietarako balioko ez duena. Altzak ez du bihotzik, ez Excell taulek lotsarik ere. Eta amorruz, zer esan ez dakizula, ukabilak adina estutuko dituzu hortzak, lanaz eta bizitzaz gain, hitzak ere lapurtzen ari zaizkigulako. Orain, hiztegiari, zer esaten duen baino lehenago galdetzen diozu nork esaten duen. •