03 AOûT 2024 Kirola bai, galderak ere bai Miren AZKARATE BADIOLA Kontraesan handiekin, baina Olinpiaden urtea denean gogotsu hartzen dut tarteren bat goi-mailako kirola ikusten gozatzeko. Bai, badakit Joko Olinpikoak ez direla kirola soilik; parte hartzen duten herrialdeen aliantza (eta zapalkuntza) politikoak hor daudela, herrialde batzuen existentzia ezaren eskaparate bikaina dela, enpresa handien zuriketa dela, munduaren zati handi bat pantailari begira egotea ekartzen duela beste guztia gertatzen egongo ez balitz bezala (Palestinako sarraskia egunotan geldirik egongo balitz bezala edo etxegabetzerik gertatuko ez balitz bezala), emakumeok objektu izaten jarraitzen dugula (ikusi besterik ez dago kirol bera praktikatzeko gizon-emakumeon janzkeraren desberdintasuna)… Bai, horren denaren jakitun naiz, eta hala ere, ezin dut ekidin tartetxo bat dudanean telebista, ordenagailua edo telefonoa hartu eta zer dagoen ikusten jartzea. Orain, haurrekin, momentu horiek murriztu egin zaizkit eta desberdin bizitzen ditut, baina kirola ikusteaz gain (horietako batzuk haiek lehen aldiz ikusten dituztenak, gainera), aukera baliatzen dut egun hauen inguruan diren beste zeharkako gai askoren inguruan ere hitz egiteko eta ikasteko. Herrialde ezberdinetako bandera eta himnoetatik hasi eta erantzunik gabeko galderak zein konstatazioak entzuteraino. Horietako bat: «Guk badugu bandera eta ereserkia?», edo «ez bada Espainia, orduan Frantzia animatuko dugu?» Nik, Arnaldo Otegik bezala, ez dut galtzen esperantza aurtengo Joko Olinpikoetan, atleta arrazializatuek eskuan eskularru beltza zutela podiumera igo eta egin zuten gisa, atleta euskaldun bat ikurrina ateratzen ikustearena. Bi bide baitaude asimilazio totalean erori ez gaitezen; bata, uko egitea Euskal Herria ordezkatu arte, edo bestea, behin joanda ados ez gaudela aldarrikatzea. •