03 AOûT 2024 ALACANTEKO HARROBIA Taldea osatzeko arazoak medio, Alacanteko lau arraunlari erakarri ditu Hibaikak Sofia Boscarol, Paula Corcoles, Eva Lopez eta Eva Macia dira aurtengo traineru denboraldia Hibaikarekin osatzen ari diren lau arraunlari alacantarrak. Aldaketa handia dela onartzen dute, batez ere teknikoki, baina apurka-apurka moldatzen ari direla. Irribarretsu heldu dira GAUR8k jarritako hitzordura, euskaraz ikasi dituzten hitzak harro esanez, gure artean pozik dabiltzan seinale. Ezkerretik eskubira: Paula Corcoles, Sofia Boscarol, Eva Macia eta Eva Lopez. (Maialen ANDRES | FOKU) Asier Aiestaran Arraun klubek euren taldeak osatzeko izaten dituzten zailtasunak ez dira gauza berria. Horixe gertatu zitzaion iazko udazkenean Hibaikari. Behin 2023ko denboraldia amaituta, arraunlari askok taldea uztea erabaki zuten eta klubak arazo handiak zituen aurtengorako beharrezko kirolari kopurua biltzeko. Horregatik, Euskal Herriko mugetatik kanpora begiratu behar izan zuten eta Alacanteko lau arraunlari “fitxatu” zituzten. Sofia Boscarol (2002, Sant Joan d'Alacant), Paula Corcoles (2002, Calp), Eva Lopez (2000, Agullent) eta Eva Macia (2003, Bigastre) dira Alacant aldetik etorri diren lau arraunlariak. Ez dira edonor, Espainiako Llaut (Mediterraneoko ontzi tradizionala) Txapelketa irabazi zuten udaberrian Universitat d'Alacant taldearekin, baina modalitate aldaketara moldatzeko denbora bat behar izan dute, eta hain zuzen ere horixe zen soberan ez zeukatena, traineru lehiaketa nagusiak hastear zirela iritsi baitziren Euskal Herrira. Errenterian elkartu gara lau gazteekin, esperientzia nola bizitzen ari diren ezagutzeko. Arraunera, nahiko berandu Mediterraneo aldean lantzen den arrauna nahiko arrotza egiten zaigu euskaldun askori, eta solasaldiaren abiapuntua horixe izan da, arraunarekin duten harremana nondik datorren jakite aldera. Esan digutenez, arraunak badu tradizioa kostaldeko herrietan, baina beraien kasuan nahiko berandu heldu ziren kirol honetara. «Ni Calp-en hasi nintzen arraunean, 16 urterekin. Lau urte eman nituen bertan arraunean eta duela bi urte UAko taldean hasi nintzen», ekin die azalpenei Paulak. «Ni duela bi urte hasi nintzen arraunean. Lehen beste kirol batzuk egiten nituen, eta Unibertsitatera iritsi nintzenean, bertan daukaten kirol aukeraren artean arrauna zegoela ikusi nuen. Esan zidaten ez zela esperientziarik behar sartzeko eta horrelaxe eman nuen izena. Gustatu egin zitzaidan eta hortxe geratu nintzen», jarraitu du Eva Lopezek. «Nik aurrez izan nuen arraunarekin kontaktu bat, uda batean Marina Salinas de Torrevieja taldean egindako ikastaro batean», aipatu du, bere aldetik, Eva Maciak. «Astebeteko ikastaroa zen eta gustatu zitzaidan, baina orduan musika ikasketak egiten ari nintzen eta ez nuen jarraitu. Eta orain dela hiru urte, unibertsitatean sartu nintzenean, arrauna zegoela ikusi nuen eta izena eman nuen». Eta Sofia Boscarolen hasierak ere antzekoak izan ziren. «Nik lehiaketa mailan windsurfa egiten nuen, baina unibertsitatean sartzerakoan utzi egin nuen. Arrauna ikusi nuen, Mediterraneoko Llaut Ligan lehiatzeko aukera zegoela, eta hori aukeratu nuen». Edonola ere, Sofiak gehitzen duenez, «badaude Euskal Herrian bezala haur eta gaztetxoekin arrauna lantzen duten klubak, aulki mugikorrean batez ere, eta gero llautera igarotzen dira, hemen traineruarekin gertatzen den moduan gutxi gorabehera». Bai bera eta bai Paula, esaterako, aulki mugikorrean zertxobait ibiliak omen dira. Eva Lopezen kasua desberdina da, berak azaldu digun moduan: «Ni, adibidez, barnealdekoa naiz, eta ez nuen arrauna ezagutu Alacantera joan arte. Unibertsitatean sartu eta bertan arrauna egiten dela ikusi arte ez zait okurritu arrauna probatzea. Eta ni bezala badaude beste batzuk». Espainiako txapeldunak Arraunean oraindik ibilbide luzea izan ez arren, goi-mailako kirolean zaildutako neskak dira. «Unibertsitatean lehiaketara begira prestatzen gara. Astean sei egunetan entrenatzen dugu, pare bat orduko saioak. Prestaketa hemengo antzekoa da: pisuak altxatzen ditugu, ergometroa, itsasora ere irteten gara... Konbinatzen joaten gara», azaldu digute. Laurek egin dute lekua traineruan, Bilboko estropadan ateratako argazkian ikusten denez. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU) Lehiaketari dagokionez, Mediterraneoko Llaut Liga eta Espainiako Txapelketa dira denboraldiko hitzordu nagusiak. «Mediterraneoko Llaut Ligan Valentziar Erkidegoko hiru probintzietako taldeek hartzen dute parte. Eta guretzat lehiaketarik garrantzitsuena Espainiako Txapelketa da. Hor Mediterraneo kostalde osoko taldeek hartzen dute parte: katalanek, andaluziarrek...», nabarmendu du Sofiak. Espainiako Txapelketak maiatzaren 24tik 26ra ospatu ziren Cadizeko La Linea de la Concepcion herrian. 28 klubetako 800 arraunlari inguruk hartu zuten parte, eta Universitat d'Alacant taldeak urrezko domina eskuratu zuen emakumezkoen maila absolutuan, eskifaian Errenteriara etorri diren lau arraunlariak zirela. Finalean Clot de Lillot el Campello menderatu zuten. «Emakumezko absolutuen mailan Espainiako Txapelketa irabazi duen lehen aldia izan da klubarentzat. Gu baikorrak ginen joan aurretik, ongi prestatuta geunden, baina lortu arte beti daukazu zalantzaren bat. Eta azkenean aurten lortu egin dugu», dio Eva Lopezek. Etortzeko aukera Euskal Herrira etortzeko aukera, ordea, garaipen hori eskuratu baino lehenago sortu omen zen. «Denboraldi hasieratik, Alfonsok, Euskal Herrian kontaktuak dituen Unibertsitateko koordinatzaileak, abisatu zigun Hibaikan arraunlariak bilatzen ari zirela. Gu oso interesatuta geunden eta laurok gogo handia genuen hona etortzeko. Astebururen batean etorri ginen, testak egin genituen... Eta uda heltzearekin batera, hango arraun denboraldia eta azterketak amaitu genituenean, hona etorri ginen», azaldu du Paulak. Erabaki zaila dirudi: sorlekua utzi eta hiru hilabetez 750 kilometrora dagoen herri batera joatea, modalitate desberdin batean lehiatzera. Baina Eva Lopezek onartzen duenez, asko pentsatu gabe eman zuten baiezkoa. «Ez zen erabaki zaila izan. Nik uste emozioa gailendu zela, hona etortzeko gogoa. Ia pentsatu gabe hartutako erabakia izan zen». «Erraztasun handiak izan ditugu bai Hibaikaren aldetik eta bai Unibertsitatearen aldetik», eskertu du Paulak. Eta Eva Maciak kirol ikuspuntutik esperientziak suposatzen duena azpimarratu du: «TKE Ligan edo Kontxan lehiatzea sekulako aukera da edozein arraunlarirentzat. Ospe handiko estropadak dira eta han ere asko jarraitzen dira». Antzekoa baina desberdina Eva Maciaren kasuan, zehazki, llautetik trainerura egin beharreko aldaketa ez da erabat berria izan, iaz Galiziako Ligan aritu zelako Castropol talde asturiarrarekin, baina beste hirurentzat lehen aldia izan da. «Hango ontzietan zortzik egiten dugu arraun, hemen dezente gehiago gara; paladaren sentsazioa ere desberdina da, han erasoa jotzen duzunean sentsazioa bortitzagoa da, hemen pala errazago pasatzen da, arinagoa da. Era berean, han baino maila altuagoa behar da, olatua askoz gehiago nabaritzen delako. Guk ez dugu inoiz hemengo olatu mota honekin arraun egin eta ontzia orekatzerakoan nabaritzen da», zerrendatu du Sofiak. Labur azalduta, estropadetan erabiltzen den Mediterraneoko llauta 8'5 metrotako luzera dauka eta federazioek 150 kilotan jartzen dute gutxieneko pisua. Zortzi arraunlarik eta lemazainak jokatzen dute. «Llauta olatu handietarako ez dago horren prestatua. Itsasoan egiten dugu arraun, baina, alde horretatik, sentsazioa desberdina da», dio Paulak. Fisikoki, esfortzuaren iraupena nabarmentzen dute. «Han 1.400 metroko estropadak egiten ditugu, eta hiru ziaboga. Zazpi minutu inguruko lana izaten da, muga horretatik jaitsiz gero, emaitza ona. Hemengo estropadak luzexeagoak izaten dira, hangoak esplosiboagoak». Lehiatuz ikasten Lehiaketari dagokionez, Euskotren Ligan mailari eusteko borrokan sartuta dabil Hibaika buru-belarri: Tiran jada atzean geratu denez, maila zuzenean galtzeko arriskurik ez dute, baina play-offa saihestea da orain helburua eta Caborekin lehia estua dute. «Itsasoko estropadetan izan dugu nahiko gaizki ibili garen bat edo beste, baina uste dut hobekuntza izaten ari garela. Eta ibaikoetan nahiko ongi ibili garela esango nuke. Baina kontuan izan behar da gu uda betean sartu garela taldean», aitortu du Paulak. Entrenamendu batean uretaratzen. Baborrean Eva Macia ikusten da UAko kamisetarekin. (Maialen ANDRES / FOKU) Blokea behar bezala egiteko denborarik gabe, lehiatuz ikastea beste erremediorik ez zaie geratu. «Gu maiatzean iritsi ginen eta ekainean jada Txapelketak hasten ziren. Gure kasuan estropadak jokatu ahala ari gara egokitze lana egiten. Hemengo arraunketa, hemengo estropadak, itsasora moldatzea... Uste dut taldean pozik daudela gure lanarekin, gu ere bai beraiekin... Denborarekin gora egin beharko genuke», uste du Eva Lopezek. Hori bai, Lopezek gehitzen duen moduan, lehiaketak ez du barkatzen, eta azkar ikasi beharra dago. «Asteburu oro bi estropada dira. Entrenatzaileak esaten digun moduan, gaur gaizki egiten duzuna biharko aldatu beharra daukazu. Egun batetik bestera aldatu behar duzu txipa, ez dagoelako denborarik. Neska guztiek asko laguntzen digute». Errepikatzeko modukoa Esperientzia pertsonal moduan ere aberasgarria izaten ari dela diote lau arraunlariek. «Errenterian bizi gara laurok pisu batean. Arratsaldez entrenatzen dugu, goizak libre dauzkagu, eta orain hasi gara turismo apur bat egiten. Orain gutxi arte azterketak zirela eta abar ez geneukan horrenbeste denbora, baina orain badaukagu denbora buelta bat emateko, Donostiara joateko, turismo apur bat egiteko...», dio Eva Lopezek. Gazteak dira eta zaila egiten zaie etorkizunean non ibiliko diren irudikatzea, baina laurek onartu digute errepikatzeko moduko esperientzia izaten ari dela. «Gustatuko litzaidake etortzen jarraitzea. Karrera oraintxe amaitu dut eta ez dakit oso ongi zein izango den nire egoera, baina aukera izanez gero nire asmoa arraunean jarraitzea da, hemen, Alacanten, edo bietan, posible balitz», aipatu du Sofiak, eta beste hirurek ere bat egin dute balantze positiboarekin. Ez daramatzate urte asko arraunean, baina goi-mailan zaildutako kirolariak dira. Aurten Espainiako Llaut Txapelketa irabazi dute Universitat d’Alacant taldearekin Itsasoan sufritzen dute batez ere. Mediterraneoan ere olatuak izaten dira, baina traineruan askoz gehiago nabaritzen omen da eragina ontzia orekatzerako garaian «Estropadak jokatu ahala ari gara egokitze lana egiten. Hemengo arraunketa, estropadak, itsasora moldatzea... Uste dut taldean pozik daudela gure lanarekin», dio Eva Lopezek Hasieran ez omen zuten denbora askorik izan inguruak ezagutzeko, baina orain hasi dira turismo apur bat egiten. Esperientzia aberasgarria izaten ari da laukotearentzat