17 AOûT 2024 Aprobetxatu, uda da Maddi AIESTARAN IPARRAGIRRE Udan, hondartzara joan behar da ixa aldiz. Instagramen bista-bistan jarri behar da unean uneko kokalekua: Mostar, Theth, Split, Agautz, Menorca, Kanbodia, Marrakex, Krabi, Uztarrotz, Albufeira… Parranda egin behar da, herrietako festak ezagutu, gaupasa egin. Gertuen duzun hiriburuko jaietara joan behar da. Kuadrillakoekin gaugiroa aprobetxatu behar da afalondoren. Bikotekidearekin plan asko egin behar dira, ohi baino gehiagotan egon. Lana egin beharra tokatu bazaizu -gaixoa zu-, pote bat hartu behar da lagunekin lanetik atera bezain pronto. Mendiko planak egin behar dira. Izozki bat jan behar da tarteka. Izarrei begira egotea gustatzen zaizula sinetsi behar da, eta sinetsarazi. Argazki asko egin behar dira. Sarri-sarri depilatu behar da. Ligatzen saiatu behar da. Familiakoekin denbora pasatu behar da. Desodorantea eman behar da, ahaztu gabe. Jendearekin egon behar da beti. Irakurri egin behar da, liburu bat-edo behintzat. Kafesneak hartu behar dira izotzarekin. Dirua xahutu behar da. Ahalik eta denbora gutxien igaro behar da etxean. Bero handiko egunetan goizean goiz jaiki behar da, pertsiana denak ixteko. Entsalada jan behar da zer bazkaldu ez dakizunean. Aspaldiko lagunak bisitatu behar dira. Gauzak egin behar dira oro har, etengabe eta une oro. Denoi gustatzen zaigu uda. Gustatzen ez bazaizu ez dut ulertzen zergatik. Denbora dago guk nahi duguna egiteko, bakoitzak hautatzen du zer egin nahi duen, gauza mordoa egin daitezke. Mundu guztiak egin nahi ditu planak eta planak eta planak. Udan, bost minutu tardatzen baditut erabakitzen siesta ondoren ohea egin beharko ote nukeen edo jada total ez, zera bat urduri jartzen zait sabelean, geldi nagoelako. Sumatzen dut zerbaitek tira nahi didala egin mahukatik eta eraman nahi nauela zerbait egitera. Gauza asko daude hor nonbait egiteko. Ezin da denborarik galdu maindireei begira. Aprobetxatu, uda da. •