GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Kirolaren irria

Irudian, Noah Lyles korrikalari estatubatuarra, Parisen. (Martin RICKETT | EUROPA PRESS)

Kirola ez da lehia bakarrik, edo lehia izanik ere, ez punta-puntako izarrena bakarrik. Kirola ez da jokoa bakarrik, edo hala izanik ere, emaitza baino gehiago da jokoan dagoena. Kirola bada jolas ere, edo izan daiteke, edo izatea nahi dugu! Kirola bada aisia ere, edo izan daiteke, eta hala gozatu nahi dugu, gure dohain eta zailtasunekin&csMarker;» (Maialen Lujanbio).

Kiroltasuna

Joko baten bukaeran, beti izaten da galtzen jakin ez eta haserretu egiten den norbait. Galdu eta sekulako kasketaldia harrapatzen duena, bidezkoa izan ez delako edo, ustez, tranpa egin diotelako. Eta izaten da irabazi eta ospakizunak muturrera daramatzana ere, erabat harrotuta galtzaileak zirikatzen dituena. Zenbatetan esango ziguten, haurrak ginela, garrantzitsuena parte hartzea zela? Kirola eskubide bat da eta denok eduki beharko genuke irabazle edo galtzaile izateko aukera, kiroltasunez. Azken hitz hori azpimarratu nahi nuke, zera esan nahi duelako: gurasoek ezin dietela haurrei harmailatik oihu egin, haien jokatzeko moduari buruz iritzia emanez. Uneren batean baloia denek izan behar dutela ere -eta ez bakar batek- esan nahi du. Etsairik ez dagoela, aurkariak baizik, eta bukaeran bostekoa eman behar zaiela. Denek gozatu behar dute; bestela, ez da kirola.

Heziketa fisikoa (eta emozionala)

Ibone heziketa fisikoko irakaslea da: jolas eta jokoak, norbere gorputza ezagutu eta horren bidez adieraztea, ohitura osasungarriak ezagutzea, antzerkigintza, euskal dantza eta abar lantzen ditu bere saioetan. Futbol jokalari izandakoa da eta kirolarekiko pasioa helarazten die ikasleei. Eskolako pasabideetan herriko kaleetan bezain irribarretsu agurtzen dute haur eta gaztetxoek, bakoitzak bere erara. Kirola egiten duten bezala egiten diote irri, anitz, horixe baita “normalena”, denok desberdinak izatea. Ibonek saio bakoitza mimo bereziz prestatzen du, haur bakoitzak saio batzuk gehiago gozatzen ditu beste batzuk baino, noski, baina denek jasotzen dute zaintza goxoa. Gelako haurren gaitasunak kontuan hartuz, modu batean edo bestean eraikitzen ditu saioak. Harremantzen, autoestimua lantzen, arauak errespetatzen, memoria lantzen, estresa eta antsietatea murrizten eta elkartasunez jokatzen ikasten dute. Heziketa da, fisikoa eta emozionala. Eta gozamen hori bizitzako arlo guztietan aplikagarria da, bizitzarako ezinbestekoa.

Irriz herri, gaitasunak

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak ere inklusioa eraikitzen du lurralde horretan, ezin eta dohainen arteko zubiak. Horrela, irriz irri eta herriz herri heldu dira lurralde osoan zehar kirol egokitua eskaintzera. Boccia, mahai-tenisa, igeriketa, tiro olinpikoa, gurpil-aulkiko errugbia, goalballa… giroa eta parte-hartzea bermatuak daude. Noizbait norbaitek ezintasun bat zutela esan bazien ere, beste gaitasun asko ere badituztela ohartu ziren eta horietan trebatuz, kirolaz eta lagunarteaz gozatzen ari dira. Baina, nork ez du desgaitasunik, diagnostikorik ez duenik? Gure gorputzak eta garunak mugak dituzte, baina ederra da erori eta altxatzeko dugun gaitasun mugagabea.

Nahi ibili gurekin?

«Asma, alergiak, dislexia, arreta defizitaren nahastea, antsietatea eta depresioa ditut. Baina daukazun horrek ez du izan zaitezkeena definitzen. Zergatik ez zu?». Noah Lyles estatubatuarraren hitzak izan dira Pariseko Olinpiar Jokoetan 100 metroko proban urrezko domina jantzi ondoren. Saiatu eta lortu! Edo ez lortu! Saiatu eta saiatu, eta gozatu! Eta ikasi, elkarrekin. Horrela heldu dira Amagoia, Ander, Iñigo, Fernando eta Nahia Pariseko Paralinpiar Jokoetara, jo eta ke saiatuz, beren ezin eta beren dohain. Ibone eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa osatzen duten lagunak bezalako kideak nahi ditugu gure taldean, denok parte hartzen dugunean, kiroltasun eta elkartasunaren urrea denontzat delako. Gure ezin, gure dohain, jokatzen dugu, bai! •