GAUR8 - mila leiho zabalik

Eraikuntza subiranotasuna

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Etxe berri bat hastapenetik egiteko nahia dutenen artean gogoa egon ohi da elektrizitate, berogailu eta ur beroaren gastuaren igoeraren ziurgabetasunari ihes egiteko. Diru gutxiago gastatu eta subiranotasun energetikoaren ametsaren konbinazio batek gidatua. Ingeniarien atea jo eta energia berriztagarrietan karta zabaltzen zaie: aerotermia, geotermia, biomasa-galdara, eguzki-panelak, tximinia-sistemak… Hauetariko zein egokitzen den jakiteko, bizitza-ereduan eta konfort-mailan gogoeta egiteko parada eskatzen da, eta edozein kasutan, diru-inbestitze bat suposatuko du, eraikuntza arruntetan erabiltzen diren instalazio sistemen aurrean garestiagoak baitira. Asko informatu eta galdetuta ere, apustu bat izango da, ez baitakigu zein energia izango den etorkizunean garestitzen dena, eta gainera, ohitu garen bizi-baldintzekin (labea, argi artifiziala edozein unetan eta edozertarako, kozinatzeko robotak…) zaila gertatzen da sare nagusiekiko independentzia totala lortzea. Gauzak horrela, bizi-baloreak, diru-kantitatea eta subiranotasun-nahiak nahasten dira berriztagarrien sistemaren erabakian. Inork ez du esan etxe berri bat egitea erraza denik, dirutza bat inbestitzeaz aparte, galdera anitz zabaltzen direlako gure aurrean, aski deserosoak eta gure zenbait oinarri teoriko kolokan jar ditzaketenak.

Etxe berri bat hastapenetik eraikitzea dirudunen pribilegio bat bilakatu da. Jaraunspen batek ireki dezake aukera batzuetan, baina gainontzekoentzat... Zoruaren prezioa lurralde gehienetan asko garestitu da etxebizitza eraikuntzaren espekulazioagatik, eta eraikuntzaren eskulana enkargatu egiten dugu, ezjakintasunaz aparte, lan gogorra baita. Etxearen babesa eta elikagai osasuntsuak eskuratzea, bizitzaren oinarrizko alor nagusietako bi, industrializazio prozesuan sartu eta eskulan merkeko lan bilakatu ditugu. Eskurapen garestiak diren ideia sustraitu dugu errealitate finko gisa. A ze mundu kuriosoa atera zaiguna.

Eraikuntzan badira bestelako aktibistak, eraikuntza subiranotasuna defendatzen dutenak. Etxe bat hastapenetik egiteak ez duela zertan pribilegio bat izan defendatzen dutenak. Horretarako taktika, letxuga eta atunarekin egiten dugun bezala: egin beharrekoa ahalik eta industrializazio prozesu txikienarekin lortu eta eskulana gure gain hartu, bizitzeko garrantzitsua den horretan denbora eta dedikazioa inbestituz. Akaso ondoko komunitatearen kolaborazioa eskatu beharko dugu, indibidualismoa gaindituz. Inguruari begiratuz gero, gure etxearen osagai materialak topatuko ditugu: buztina. Harea. Harrixkak. Karea. Lastoa. Kalamua. Egurra. Eskuen neurriko materialak. Eta arkitekturari buruz, lekuak esango digu non kokatu etxea eta nola probestu lurraren baldintzak.

Tomateekin gertatzen den bezalaxe, azken produktua askoz osasungarriagoa izango bada ere, zenbait sinismen gainditzea eskatuko du: lurrezko eraikuntzak hormigoizkoak adinako iraunkortasuna du eta kimikorik gabe etxeak natural izerdituko du; eraikuntza garaikideak ahaztutako kontzeptua. •