31 AOûT 2024 { DATORRENA } Mandatua Oier IMAZ ALIAS «Forma edukiaren ageriko aldea besterik ez da». (Joana Imaz, 2019) "The Nation” aldizkariak ekainean argitaratu zuen “The Plot against America” zenbaki berezia. Bertan, “Project 2025” deituriko proposamena aztertu zuten hainbat egilek. Proiektuaren oinarria “Mandate for Leadership: The Conservative Promise” dokumentua da. Dokumentuaren 900 orrialdeetan zehar, The Heritage Foundation-ek eskuinaren balioekin lerraturiko balizko gobernuaren ekintza plana zehazten du hainbat arlotan: exekutiboaren egitura, osasun, justizia, klima eta migrazio politikak edo harreman diplomatikoak eta segurtasun nazionala. Fundazioa 1979an sortu zen eta mandatuaren lehen edizioa (20 liburuki, 3.000 orrialde, 2.000 proposamen, 1981ean argitaratua) Reaganen administrazioaren bide-orria kontsideratu izan da. Edukiari erreparatuta, hauteskunde osteko balizko agertokiak irudikatzeko baliatzen du “The Nation”-ek ariketa, mandatuak biltzen dituen proposamenetan oinarrituz. Proposamenak ez dira berriak. Lidergo presidentziala indartzea, gobernu federala ahultzea, kontrol mekanismo independenteak ezabatzea, migrazio politikak gogortzea… Baina nabarmenak dira proposatutako neurrien eskala eta inpaktua. Adibidez, AEBek gas, petrolio eta ikatz erreserbak garatzeko duten betebeharra azpimarratzen du The Heritage fundazioaren txostenak. Aldiz, proposatzen diren neurrien inplementazioak, Bill Mackibben kazetariak dioen moduan, lau bilioi tona emisio gehiago ekarriko lituzke hurrengo legegintzaldian. Laburbilduta, neurriaren inplementazioak eta inpaktuaren eskalak atzeraezinak diren ondorioak ekarriko lituzkete. Formari dagokionez, kezka nagusia da proposamenak zehazten duen bide-orriak demokraziaren tresnak baliatzen dituela, baina hura ahultzeko. Bestela esanda, lidergorako mandatuak prozedura demokratikoen autoritatearen mugak gainditzen ditu. Noren izenean? “Family authority is the model for the nation” esaldiarekin laburbiltzen du “kontserbadoreen promesak”, Kim Phillips-Fein-ek, bere artikuluan. 2023an argitaraturiko mandatuak, aurrekoekin alderatuta, estatuaren aurkako oldartzea hauspotzen duela dio kazetariak, baina merkatu librearekin batera, pertsonen arteko lotura “naturalak” (familia, komunitatea) eta horien gainean eraikitako autoritate moralaren indarra aldarrikatzen ditu. Horiek lirateke Amerika berriz ere bikain bihurtzeko oinarrizko zutabeak. Bestela esanda, “2025 proiektuak” ezartzen duen mandatuaren forma edukiaren ageriko aldea besterik ez da. Gutxi batzuena eta gutxi batzuentzat. Txostenaren egileek estatuaren, burokraziaren, stablishment-aren kontra matxinatzeko deia luzatzen dute eta, horien tokian, ordena “naturala” aldarrikatzen dute: merkatu librean, lehia, eta familian eta komunitatean, babesa. Bistan denez, familiaren eta komunitatearen adierazpen “naturala”, Trumpen jarraitzaileen ulerkeran, oso baztertzailea da: bat eta bakarra. Baina, familiaren eta komunitatearen defentsan aritzeko mandatuak ematen dien autoritatea, aldiz, transzendentala da: denentzako iguala. Agian horregatik esan zidan, duela gutxi, hango egoera ondo ezagutzen duen lagun batek: «Ez dakit zerk kezkatzen nauen gehiago, Trumpek hauteskundeak irabazteak edo galtzeak…» • Proposamenak zehazten duen bide-orriak demokraziaren tresnak baliatzen ditu, baina hura ahultzeko. Lidergorako mandatuak prozedura demokratikoen autoritatearen mugak gainditzen ditu